Komunikazioa. Gaizka Amondarain. Arrosa sareko kidea

«Eskerrak irrati libreak ditugun bertsio ofizialetik kanpo bizitzeko»

Euskarazko irratsaioak trukatzea da Arrosa sarearen eginkizuna; Euskal Herriko 25 irrati librek osatzen dute. Tailerrak eta mahai ingurua egingo dituzte gaur sarearen III. jardunaldian.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2014ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herrian bada zer entzun. Lelo horren pean egingo dituzte gaur Arrosa sarearen hirugarren jardunaldiak, Gernikako Astran (Bizkaia). Goizerako, irratigintzari buruzko tailerrak prestatu dituzte. Bazkaldu ostean, mahai ingurua egingo dute. Euskal Herriko komunikabideen erronka berriei buruz jardungo dute Josu Amezaga EHUko irakasleak, Aiaraldea.com-eko Aitor Aspuruk, eta Tokimomeko zuzendari Urko Aristik. «Aurreko jardunaldietara irrati bat sortzeko ideia zuten asko azaldu ziren, eta egun martxan daude proiektu horiek», dio Gaizka Amondarain Hala Bedi irratiko eta Arrosa sareko kideak.

97 irratia Bilbon, Radixu Ondarroan, Kontrako Eztarrixe Azkoitian...Azkenaldian irrati libre dezente sortu dira. Zer dela-eta fenomeno hori?

1980ko hamarkadan eztanda handia egon zen, eta irrati asko sortu ziren Euskal Herrian. Orain, teknologia berriei esker posible da programazioa osatzea beste irratietan egiten diren irratsaioekin, txukun eta duintasunez. Bestalde, dialeko egoera oso tristea da: gehiengoak Madrilgo irrati komertzialak dira, eta gaztelera da nagusi. Horren aurrean, herritik bertatik sortzen dira irrati eredu berriak.

Diskurtsoa desberdina izan ohi da irrati libreetan.

Irratiak sortzeko fenomeno horren zergatia ere bada isilarazten dituzten ahots horiek entzuteko beharra dugula, bereziki gaur egungo momentu politiko honetan. Gure funtzio nagusia da beste komunikabide batzuetan lekurik eskaintzen ez zaien gaiei tartea eskaintzea. Uste dut gurea bezalako irratiak direla benetan jarraipen zintzo eta zehatza egiten dutenak gertatzen den horren inguruan. Eskerrak irrati libreak ditugun bertsio ofizialetik kanpo bizitzeko.

Musikaren aldetik, bestelako eskaintza egiten al duzue?

Arrosa sareko irratietan entzuten den musikak ez dauka zerikusirik beste irratiekin. Irizpide komertzialek behartzen bazaituzte jarri beharreko musika aukeratzera... Euskal musikaren alde urte horietan guztietan norbaitek zerbait egin badu, esango nuke gureak bezalako irratiak izan direla.

Gertuko komunikabideak izan ohi dira irrati libreak.

Arrosa sareko irratiak oso ezberdinak gara gure artean. Euskal Herri osoko irratiak elkartzen gara. Ezberdintasunen gainetik, denak gara herritik sortutako proiektuak. Beraz, irrati horiek dira herritarrengandik eta herri mugimenduengandik hurbilen daudenak. Ez dago irrati bat bera ere interes ekonomikoengatik edo politikoengatik sortua. Bazkideek jarritako dirutik edo gaztetxeko tabernatik ateratako dirutik bizi gara.

Orain hamahiru urte sortu zenuten Arrosa sarea. Zertan lagundu du sareak?

Zebrabidea magazina bere garaian Hala Bedi irratian bakarrik egiten zen. Duela lau urte hasi ginen hainbat irratiren artean egiten, ikusten genuelako beharrezkoa zela euskarazko magazin bat egitea Arrosako kideei eskaintzeko. Oso zaila da irrati gehienontzat, zer esanik ez irrati txikienentzat, eguneroko bi orduko magazina egitea. Arrosa sareari esker irrati askok gaur-gaurko gaiak lantzen dituen eguneroko euskarazko irrati magazin bat dute. Magazin hori elikatu eta aberastu behar dugu etorkizunera begira.

Zeintzuk dira etorkizunerako gainontzeko erronkak?

Gaur egun dugun sarearen harreman horretan sakontzea, eta elkarlanean gauza gehiago sortzea. Gure programazioak aberastea gustatuko litzaiguke, bata bestearen laguntzarekin. Bestetik, diala askatzen joan behar dugu, ahal dugun neurrian behintzat. Herri irratirik ez duten eskualde eta herrietan horrelako proiektuak sortzen lagundu nahiko genuke, handitzen eta hedatzen joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.