Komunikazioa. Ekografiak

Eskerrik asko

Jokin Labaien.
2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ikusi duzu inoiz telebistako kate bat ordu berean etxe bereko beste katean den saioaren propaganda egiten? Hau da, etxe bat bere kateetako bati ikus-entzuleak lapurtzen? Noiz eta Txapeldunen Ligako finalaurreko batean? Asteazken gauean lehendakariari egindako elkarrizketa izan da salbuespena. Pentsatzekoa da ametsetako egoera bat bizi bagenu ETB2tik ETB1era berdintsu bidaliko lituzketela ikus-entzuleak. Ez gara halako egoeran bizi, tamalez.

Akaso, horregatik izan zuen horrenbeste berezitasun Plato 2.0 saioan Patxi Lopezi egin zioten elkarrizketak. Hauteskunde kanpainaren hastapenen bezperan, lehendakaria bera gonbidatu zuten platora. Eskerrak usaimen txarra dudan, bestela... Ematen du horrek dugun egoeraren berri. Lehendakaria saio prestigiodunera, asteazkenez; eta, biharamunean, Pello Urizar, berriz, Vaya Semanita-ra, oraindik bozetan izango ote zen ez zekiela. Atera kontuak... Batez ere, Plato 2.0 gaueko hamaikak jota izan ohi delako normalki. Baina, asteazkenean, ordu eta erdiz aurreratu zuten emanaldia. Eta, normalki, Dani Alvarez aurkezleaz gain, zenbait kazetarik elkarrizketatzen dute asteroko gonbidatua. Lau kazetariak kolore desberdinekoak izan ohi dira. Asteazkenean, kasualitatez, kolore horietako gehienek tonu bera zuten. Diario Vasco-ko zuzendariordea, El Mundo eta El País-ekoEuskal Herriko korrespontsalietako zuzendariak eta Iñaki Gonzalez kazetaria izan ziren lanean jarri zituztenak. Gainerakoei, zoriaren eraginez edo, ez zieten aste honetarako hots egin. Eta zeudenekin ere, koloreak ez baina tonuak partekatzen dituenekin, ez zen eroso sentitu Patxi Lopez. Behin eta berriz, galderak datu okerretan oinarritzen zituztela egozten zien, alderdikeriaz eta interesez eginak zirela iradokiz. Kuriosoa. Hitz-jario ohi baino motelagoz, ez arre ez iso azaldu zituen hogei minutuz Bilduren erabakiaren ingurukoak —gaur badakiguna ez baikenekien orduan—. Hor zuen, ordea, aurkezleak aizkora gaia moztu eta arnasaldi bat emateko. Herritarroi axola omen zaizkigun gaiak proposatzeko. Langabezia, ekonomia eta Osama Bin Ladenen hilketari buruz Zapaterok esandakoak jarri zizkioten hizpide. Ez, esaterako,pil-pilean dauden tortura salaketak edo joan berri zaigun Korrikari eta euskarari buruzkoak. Horretarako, nahikoa da Patxi Lopez eskerrik asko esanaz agurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.