Mendia neguan gustatzen bazaizu, nahitaez probatu behar duzu eskia», esan du Oxel Arrietak; ogibidea du neguko kirola, eski irakaslea baita Astungoestazioan (Huesca, Espainia). Eskiak janzteko, ordea, elurra behar; zerura begira jarrita dago Arrieta: lehenengo elur malutak garaiz erori baziren ere, azken egunotako giro epelak haiek urtu ditu, eta ez da berririk erori.
Denboraldia hasi bezain laster aldatzen da bizilekuz Arrieta; Arrasatetik (Gipuzkoa) Villanuara (Huesca, Espainia) joaten da, eta han bizi da apirilera arte. Hirugarrenez arituko da aurten irakasle lanetan. Asteazkenean ekin behar zion Astungo eski estazioak denboraldiari; baina, elurra atzeratu egin denez, Arrietaren Pirinioetako egonaldia ere atzeratu egin da: «Egunero begiratzen dut webcama», aitortu du.
Mendiak zuritzeko zain dago Mikel Inoriza gasteiztarra ere. Pistetako langile moduan arituko da lehenengoz aurten, Formigalgo (Huesca, Espainia) eski estazioan: «Pistetako lanez arduratuko naiz: balizak jartzeaz eta segurtasunaz, esaterako», azaldu du. Apirilean amaituko du estazioko lana Inorizak ere. Lanean aurten hasiko den arren, umetatik izan du lotura mendiarekin eta elurrarekin: «Sallent de Gallegon [Huesca, Espainia] etxea daukate gurasoek eta izeba-osabek. Jaio nintzenetik joan naiz hara, baita neguan ere».
Bereziartua-Palenzuela Azpeitiko (Gipuzkoa) familiak ere urtero janzten ditu botak eta eskiak; Luz Ardidengo (Okzitania) eski estaziora joaten dira Gotzon Bereziartua, Idoia Palenzuela eta haien seme-alabak: Garazi, Eneko eta Nora; 14, 12 eta 8 urte dituzte, hurrenez hurren. «Familian egoteko aukera polita da guretzat eskia; toki ederrean egoten gara, kirola egiten», adierazi du Palenzuelak. Denboraldi osorako forfaita erosten dute, eta lauzpabost aldiz joaten dira, euren autokarabanan; Gabonetan, inauterietan eta Aste Santuan, besteak beste.
Euskaldun andana
Eski denboraldia azaro aldera hasten den arren, irailerako ekiten dio familiak antolaketari, Bereziartuak azaldu duenez: «Irailean erosten dugu forfaita, eta egutegi bat prestatzen dugu». Denboraldi bakoitzean 25 egunetan eskiatzen dute, elurraren eta giroaren arabera, betiere. Aurtengo lehenengo irteera zehaztua dute, Palenzuelak aurreratu duenez: «Gabonetan joango gara; hilaren 25ean, bazkaldu eta gero abiatuko gara. Urtarrilaren 7ra arte egongo gara». Dozena bat urte daramatzate horretan, Bereziartuaren arabera: «Jaio orduko ibili dira umeak; lerarekin lehenengo, eta eskiekin gero». Honela gogoratu du Palenzuelak: «Norak 2 urte egiterako eskiak jarrita zeuzkan».
Inorizak ere umetan jantzi zituen eskiak lehenengo aldiz; eskiatzen aitak irakatsi zion, eta ikastaroren bat ere egin zuen estazioan. Haatik, uste du handik kanpo ere ikas daitekeela: «Estazioan errazagoa da eskiatzen ikastea, elurra zaindua baitago; baina mendian ere ikas daiteke, gidariei esker». Inorizak laster ekin zion mendiko eskiari, 12 urte ingururekin. Azken bospasei urteetan estazioetara ez dela joan aitortu du. Izan ere, toki ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du mendiko eskiak, haren iritziz. Aurten, ordea, berriro itzuliko da estaziora; oraingoan, lanera.
Arrietak ere estazioan igaro ohi du eguna neguan: «09:00etarako joaten naiz estaziora. Han ikusten dut nolako eguna daukadan: zenbat eskola dauzkadan, noiz hasten diren...». Elurra eta pistak nola dauden ikusteko tartea hartzen du lehenengo ordua libre duenetan. Klaseak bukatutakoan aprobetxatzen du eskiatzeko: «Egun ona bada eta elur ona badago, eskiatzen geratzen gara irakasleok geure kontura, nekatu arte». Estazioa ixtean itzultzen da Villanuara, 16:30 aldera.
Eguna joan eta eguna etorri, jende askori irakasten dio Arrietak eskiatzen; denetako ikasleak izaten ditu: ikasbidaian joandako gazteak, familiak, banakako ikasleak eta beste. Adinari eta mailari dagokionez ere, publiko zabala du; baina «maila pixka bat» dutenei irakastea du gustukoen: «Nola jaisten den ikusi, eta zure begi kritikoarekin aholkatzen diozu». Bereziartua-Palenzuela familiakoak irakaslerik gabe ibiltzen dira egun, baina eskolak jasotakoak dira haiek ere: «Eskiatzen hasi zirenean, klase batzuk jaso zituzten haurrek, baita snowboardekoak ere». Bereziartuaren iritziz, ohitura onak hartzeko beharrezkoa da ikastaroa egitea.
Ogibidea ala denbora-pasa, guztiek maite dute eskiatzea; kirola baino gehiago da eurentzat. Haren bueltako lagun giroa azpimarratu du Inorizak: «Bakarrik joan izan naiz eskiatzera, baina ez nau berdin betetzen; mendiaz lagunekin gozatzea gustatzen zait». Bat dator Palenzuela ere: «Urtero, autokarabanarekin joandako jende asko biltzen gara; lagunak ditugu han». Horrek betetzen ditu gehien seme-alabak ere: «Askotan, eurak bakarrik ibiltzen dira beste umeekin; goiz osoa pasatzen dute».
Bereziartuak nabarmendu duenez, euskaldun asko elkartzen dira Luz Ardidenen: «Besteak beste, Barakaldokoak, Bilbokoak, Arrasatekoak, Donostiakoak eta Zubietakoak biltzen gara».Astun ere euskaldun askoren topagunea da, Arrietak azaldu duenez. Irakasleak eta eskiatzera doan jendea, bietan daude euskaldunak: «Euskaraz ematen ditugu askotan eskolak; gurasoek eskatzen dituzte bereziki, umeentzat». Horregatik, besteak beste, «etxean bezala» sentitzen da Arrieta.
Etxean bezala egonagatik, eskiatzaileek uste dute badagoela zer hobetua; «mendiarekiko errespetua hobetu behar da; jendeak zigarroak edo plastikoak botatzen ditu teleaulkietatik», nabarmendu du irakasleak. Bereziartuak eta Palenzuelak ingurukoekiko errespetuan ikusten dituzte hutsuneak: «Abiadura handian joaten da jendea. Ez da ohartzen istripuak gerta daitezkeela». Instalazioak hobetzeko beharra ere sumatzen du Bereziartuak. Inorizaren iritziz, berriz, estazioetakoa baino arduratsuagoa da mendiko eskia egiten duen jendea. Hala ere, zenbaitek ez ditu kontuan hartzen mendiaren baldintzak: «Batzuetan, bi aldiz pentsatu gabe ateratzen gara mendira, baldintza arriskutsuak egonagatik». Hobetzeko badagoen arren, guztiak gogotsu daude elurra egin eta eskiak janzteko; lanean ala aisialdian, guztiek maite baitute eskiatzea.
Eskia, afizio eta ofizio
Ohi baino elur gutxiagorekin hasi da eski denboraldia. Lanerako garaia da Oxel Arrieta eski irakaslearentzat eta Mikel Inoriza pistetako langilearentzat. Bereziartua-Palenzuela familiak, berriz, aisialdirako aprobetxatzen du sasoia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu