Jose Manuel Enrique (Irun, Gipuzkoa, 1966) Miguel eta Nekane, ijito herriaren historia komikiaren hiru marrazkilarietako bat da. 2005az geroztik PokerFace Komikiaren Elkarte Kulturalean dabil marrazten.
Nola sortu da Miguel eta Nekane, ijitoen herria historian komikia?
Jatorrian, Agifugi Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijitoen Elkartearen ekimena da; gurekin harremanetan jarri eta haiek proposatu ziguten komikia egitea. Elkartean badugu ezagun bat, Irungo kultur etxean lanean aritu zena, eta gu komikiaren tailerra egiten genbiltzan orduan. Horrela jarri ginen harremanetan.
Egingo zenuke istorioaren laburpena?
Ijitoen historia kontatzen du komikiak. Guk eskura izan ditugun eskola liburuek ez zuten hitz egiten ijitoez, eta izatez, gure historian oso presente izan dira. Beraz, errealitatearen zati hori azaltzen da komikian. Eskola liburuetan ez digute aditzera eman, baina historian protagonista izandako hainbat pertsona ezagun ijitoak ziren.
Zein helbururekin sortu duzue?
Ezagutzen ez dugun historiaren zati bat jendeari erakutsi nahi izan diogu. Ijito kontzeptua entzutean gaizki jantzitako pertsona datorkigu burura, arazoak sortzen dituena. Niri ere bai, baina guztiak aurreiritziak dira. Helburua ijito herria ezagutzera eman eta bere kultura baduela erakustea da; gurearekin alderatuta bizitzeko beste modu bat duten arren gai direla gizartean integratzeko. Zenbait ijitok beharbada alde arazotsu bat dutela onartzen dute, baina ez dute jendea ideia horrekin geratzea nahi: ijito herrian ere bada kulturaren eta gauzak ongi egitearen aldeko jendea ere.
Norentzat da?
Batez ere, gazteentzat da. Berez, edonork irakur dezake: irakurterraza da, eta ez da ulertzeko zaila. Nire ustez, 14-15 urtetik gorako jendearentzat egina dago. Izan ere, gazteagoak direnek ez lukete ongi ulertuko.
Nolakoa izan da lana?
Oso zaila izan da. Hasiera batean, Agifugik behin-behineko gidoi moduko bat eman zigun, istorioan agertzea nahi zuten pertsonaien deskribapenarekin. Hortik abiatuta, pertsonaiak sortzen hasi ginen. Ahal bezala, informazio bila ibili ginen Interneten eta liburuetan; informazio grafikoa bilatzen genuen, batez ere: janzkerak, kokalekuak zehazten... Betiere, Agifugiko kideen laguntzarekin. Adibidez, komikiaren azalean gurdia zegoen, eta harekin mandoa irudikatu nuen. Elkartekoek zuzendu egin zidaten, mandoa merkatuan saltzen baitzuten ijitoek, baina gurdia mugitzen zuena zaldia izaten zen. Xehetasun txikiak dira, baina ondo zaindu beharrekoak.
Izenburuak Euskal Herriaren eta ijito herriaren arteko lotura egiten du.
Hala da. Badirudi ez dugula imajinatzen ijito bat eta euskaldun bat lagunak izan daitezkeela. Komikian mutila beltzarana da, eta neska ilehoria, kontrastea bistakoa izateko. Ezberdintasun hori egon arren lagunak direla erakutsi nahi dugu. Baina baliabide gutxi izan ditugu, eta zenbait orri kendu egin behar izan ditugu.
Jose Manuel Enrique. Marrazkilaria
«Eskola liburuek ez zuten hitz egiten ijitoez»
'Miguel eta Nekane, ijito herria historian' komikia argitaratu du Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijitoen Elkarteak. Ijitoen herriaren historiako zenbait pasarte modu gertukoan azaldu nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu