Ezarian. Euskal Eskola Publikoaren festa

Eskola publikoa aterpe bila

Eguraldiak lagundu ez, eta espero baino jende gutxiago izan da Iruñean ospatutako Euskal Eskola Publikoaren festanGalerei aurre egiteko, kontu korronte bat jarri dute laguntza eman nahi dutenentzat

Umeek egindako zenbait marrazki, igandean Iruñeko Takonera parkean ospatutako Euskal Eskola Publikoaren festan, euripean, hesi batean zintzilikatuta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Urte beteko lana eskaini diote egun bakarreko festari Berriozarko Mendialde II ikastetxeko eta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kideek. Haiek antolatu dute aurtengo Euskal Eskola Publikoaren festa, baina eguraldiak lagundu ez, eta espero baino jende gutxiago bildu zen igandean Iruñeko Taconera parkean. 30.000 bat pertsona izan ziren iazko festan, eta 5.000 bat baino ez aurtengoan. Euria gorabehera, karpetan aterpea hartu, eta eutsi egin zieten ekitaldirik gehienei antolatzaileek, eta giro ona izan zen nagusi bertaratu zirenen artean. Festarekin ez dute dirurik egiterik lortu, ordea, eta, horregatik, kontu korronte bat ireki dute Euskadiko Kutxan galerei aurre egin ahal izateko: 3035.0058.30.0581172598. Aterpea eskatu diete festara joateko asmoa izan eta azkenean joaterik izan ez zutenei.

Festa abiatzerako euria ari zuen igandean, eta ez zuen egun osoan atertu. Festa gogoz zen jendea, ordea, eta, ekitaldi batzuk bertan behera gelditu ziren arren, egun beteko egitaraua osatu zuten antolatzaileek. Asko izan ziren Taconera eta Antoniutti parkeetara joatea erabaki zuten familia eta gazteak. Bazen denentzako zerbait. Txarangak, tailerrak, rock kontzertuak, umeentzako jolasak... 400 boluntario izan ziren lanean, eta festara joatea erabaki zutenek, aterkipean egonik ere, ez zuten aspertzeko aukera handirik izan.

Haziak hezten. 1512tik euskal curriculuma landuz zen aurtengo jaiaren leloa, eta euskal curriculuma izan zen festaren ardatza ere. 1512ko konkistari buruzko keinu bat baino gehiago izan zen, gainera. Taconerako parkean hartu zuten atseden Albako dukeak gidatutako tropek, eta, festa ere han ospatzen zenez, bat etortze hori baliatu zuten. Nafarroako ikurrak zeramatzaten hainbatek irekiera ekitaldian, eta 1512-2012 Nafarroa Bizirik kolektiboak egindako lana omendu nahi izan zuten. Oroitarri bat eman zioten Sergio Iribarren kolektiboko kideari: «euskal curriculumaren alde egiten ari diren lanagatik, eta ehunka urteetan ezkutatuta egon den gure herriaren historia ezagutarazteagatik».

Eskutik joan ziren ospakizuna eta aldarrikapena. Hezkuntzak gaur egun duen egoera ere salatu zuten Sortzen-Ikasbatuaz-eko kideek. Konpromisoa eskatu zuten: «Gobernuei ozen adierazi nahi diegu euskal jendartea ez dagoela prest hezkuntza publikoa zapuzten uzteko; kalitatea da bidea, eta, hartzen ari diren neurriei aurre egiteko, inoiz baino beharrezkoagoa da euskal hezkuntza sistema propioa».

Iruñeko Txantrea auzoko Bernart Etxepare institutuak hartuko du datorren urteko jaia antolatzeko ardura. Igandean jaso zuten lekukoa Mendialde II ikastetxeko kideen eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.