Karrantzako Kontxa eskolako atezaina izandakoa

Toño Martinez Pereda: «Eskolan lanera sartu nintzenean, 300 bat ume zeuden; orain, 200 daude»

Martinez Pereda bi urtez ibili zen Bermeoko La Gaviota plataforman, eta Karrantzako Kontxa eskolan egin ditu gainerako lan urteak: 36, zehazki. Tarte horretan, herriko populazioa nola jaitsi den ikusi du.

Toño Martinez Pereda, irailaren 10ean, Zallan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Toño Martinez Pereda, irailaren 10ean, Zallan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Zalla
2025eko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ibilbide bat nolakoa izan den adierazten du hura bukatutakoan sortutako hutsuneak. Erretiroa uste baino nekezagoa izaten ari da Toño Martinez Peredarentzat (Karrantza, Bizkaia, 1961). Karrantzako Kontxa eskolako atezaina izan da 36 urtez, eta, orain denbora gehiago duen arren afizioetarako —Karrantza mendi taldeko kidea da, eta, horrez gain, astero joaten da mendira bere kabuz—, irribarretsu egin du berba urte horien inguruan, negar egiteko zorian oroitu ditu azken egunak, eta orainaldia erabili du tarteka. Aurtengo Karrantza Naturala saridunetako bat izan da.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroko Karrantza?

Ez zuen batere zerikusirik oraingoarekin. Jende gehiago zegoen, haur gehiago. Nire garaian, hamar-hamabi ume geunden inguruan; orain, ez dago bat ere.

Karrantzako lehen sektorea indartsu zegoen garai hartan...

Noski. Normalean, haurrek beti laguntzen zuten ganaduarekin, ortuan... Batez ere zaharrenek: 13-14 urte zituztenek behar asko egiten zuten.

Baserri batetik zatoz zeu ere?

Bai. Aitak fabrika batean egiten zuen lan, eta amak etxean. Ohikoa zen familia batek lau behi inguru izatea, oilo batzuk... Niri etxean gutxiago lan egitea tokatu zitzaidan, baina nire anai-arreba zaharragoei, gehiago. Nik, adibidez, behientzako belarra ekartzen nuen. Asto bat eta gurdi bat geneuzkan, igitaia eta arrastelua hartzen nituen, eta egun horretarako belarra ebakitzen nuen, edo, gehienez, bi egunerako. Zorionez, ez nuen jezten ikasi; nire anai-arrebek, bai. Bi-hiru behi izan genituen, gehienez, baina egunean bi aldiz jetzi behar ziren.

«Beti gustatu izan zaizkit hizkuntzak eta bidaiatzea; pentsatu nuen turismoa ikasteak horretarako aukera emango zidala. Kontua da inoiz ez dudala lanik egin turismoaren alorrean»

Ez zenuen baserriko bidea aukeratu...

Ezta nire anai-arrebek ere. Bi zaharrenak Bilbora joan ziren berehala, eta hirugarrena 14-15 urterekin hasi zen lanean.

Turismoa ikasi zenuen, Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Zergatik jo zenuen hortik?

Beti gustatu izan zaizkidalako hizkuntzak eta bidaiatzea; pentsatu nuen turismoa ikasteak horretarako aukera emango zidala. Kontua da inoiz ez dudala lanik egin turismoaren alorrean. Hala ere, lehen lanerako Deustuko Turismo Eskolako zuzendariak deitu ninduen: Bermeoko [Bizkaia] La Gaviota gas plataforman irrati operadore bat behar zutela, ingelesa zekien bat, eta ea interesatzen zitzaidan.

Unibertsitatetik zuzenean joan zinen La Gaviotara?

Unibertsitatetik soldaduska egitera joan nintzen, bi geroratze eskatuak nituen eta, eta handik etorri nintzenean deitu nion zuzendariari, eskaintzaren bat topatzen bazuen niri abisatzeko. Berehala deitu zidan. Garai hartan, La Gaviota eraikitzen ari ziren oraindik. Hamabost eguneko egonaldiak egiten nituen itsas zabalean, ontzi handi batean. Beste batekin txandakatzen nintzen: bakoitzak hamabost egun egiten genituen plataforman. Hamabi orduko lanaldiak ziren, eta, bukatzerakoan, xakean jolasten geratzen nintzen beste langileekin; atzerritar asko zegoen. Bulego batean egoten nintzen nagusiarekin batera, eta askotariko lanak egiten nituen: lehorrera enkarguak egin, La Gaviotatik sartzen eta ateratzen zen jendearentzako helikoptero bidaiak antolatu, lan administratiboak, beharginak medikuarenera lagundu... Izan ere, medikuek ingelesez egiten zuten, eta neuk joan behar izaten nuen zaurituarekin, medikuari esplikatu ahal izateko zer gertatzen zitzaion. Kamaroteak ere esleitzen nituen, eta kontu handia izan behar nuen horrekin: zurrunga egiten ez zutenak zurrunga egiten zuen batekin ipintzen nituenean, kexatu egiten ziren. Baina nik hasieran ez nekien nork egiten zuen zurrunga eta nork ez...

Ontzi hartan nahiko bakartuta zeundeten, ezta?

Pentsa, kostatik bospasei miliara geunden. Eta helikopteroz sartu eta irten behar genuen, Sondikako [Bizkaia] aireportutik. Ontzia San Mames bezalakoa zen, eta gremio guztietakoak zeuden plataforma eraikitzeko: muntaketakoak, soldatzaileak, aldamioetakoak, teknikari eta ingeniari asko... Gero, beste departamentu batzuetan egon nintzen: lehorrean, Matxitxakoko bulegoetan [Bermeo]; Deustun [Bilbo], plataformarako materiala kargatzen zen kanalean; langileen departamentuan... Guztira, bi urtez egon nintzen.

Zer zenuen gustukoen: plataformako lana edo lehorrekoa?

Plataformakoa. Nire lehen lana izan zelako, igual; zerbait berria zelako...

«La Gaviotan kamaroteak ere esleitzen nituen. Zurrunga egiten ez zutenak zurrunga egiten zuen batekin ipintzen nituenean, kexatu egiten ziren»

Plataforman, gizonezkoak zineten gehienak?

Bada, bai... Orain esan duzula, ez dut oroitzen neskarik ikusi izana [pentsatzeko tartea hartu du]. Arraioa, baina ezta bulegoetan eta sukaldean ere. Kuriosoa da.

Eta lehorrean?

Lehorrean, bai. Deustuko kanalean ez, baina Matxitxakoko gas plantan, idazkari ia gehienak emakumeak ziren.

Zergatik utzi zenuen?

Jada ez nindutelako behar. Langile finkoak sartzen hasi ziren. Langileen departamentuan egon nintzen bukaeran, eta han ez nintzen hain gustura egon, banekielako alde egin beharko nuela. Eta hala gertatu zen. Joan eta gutxira, Kontxa eskolako atezain lanpostua atera zen.

Bokazio handirik gabe aurkeztu zinen deialdira...

Batere bokaziorik gabe. Uste nuen aldi baterako baino ez zela izango, turismoaren arloan zerbait topatu bitartean. Baina, ondo pentsatuta, ez nuen neure burua bidaia agentzia batean ikusten; gehiago ikusten nuen gida gisa, mugitzen, ez bulego batean. Baina azkenean gustatu egin zitzaidan atezain lana. Oso maitatua sentitu naiz haurren, irakasleen, gurasoen eta eskolako beste langileen partetik.

Lan deialdira aurkeztu zinenean, bazenekien zertan zetzan atezain baten lana, gutxi gorabehera?

Ez, ezta ideiarik ere. Igeltserotza eta iturgintza probak egin genituen, frontoi ingurua igitaiarekin segatzea tokatu zitzaigun —hori egiten banekien, baserritik—, elektrizitatea landu genuen... Egunerokorako behar duzun trebakuntza bat da, lanpara bat edo entxufe bat aldatzeko, adibidez. Edo leiho bat aldatzeko. Lehen, kristalak oso erraz apurtzen ziren, oso meheak ziren eta. Eskolako beirate handia futboleko ateetako baten atzean zegoen, eta egun gutxian behin apurtzen zen. Leihoaren armazoia hartu behar nuen, autoan sartu, 300 metrora zegoen aroztegira eraman, zurginari lagundu kristal berria ipintzen... Orain, oso zaila da leiho bat apur dadin; halako gauzak pila bat aldatu dira.

Zer beste gauza aldatu dira?

Fotokopien kontua, adibidez. Lehen, multikopista bat zegoen: neuk egin behar nuen klixea, makinan sartu, eta fotokopia eskuz egin [biradera bati eragiteko keinua egin du eskuarekin]. Orain, ordenagailuetatik bidaltzen dituzte.

Zure lana espezializatuz joan da, nolabait? Mugatuz?

Ez; tira, egokitu beharra daukazu. Lanean hasi nintzenean, eskolan A eredua baino ez zegoen; gero, B eta D ereduak sartu ziren; eta orain, D eredua baino ez dago. Nik ez nekien euskaraz; beraz, ikasi egin nuen. Lehen urtean, neska bat etortzen zen etxera astean bitan, eta hurrengo urtean Balmasedako [Bizkaia] euskaltegian matrikulatu nintzen.

«Eskolako beirate handia futboleko ateetako baten atzean zegoen, eta egun gutxian behin apurtzen zen. Leihoaren armazoia hartu behar nuen, autoan sartu, 300 metrora zegoen aroztegira eraman, zurginari lagundu kristal berria ipintzen...»

Behin-behineko lana izango zela uste zenuen hasieran. Zerk harrapatu zintuen?

Alde batetik, erosotasunak: eskolatik kilometro batera bizi nintzen, eta oinez joan nintekeen. Eta beste alde batetik, haurrek, haiekin egoteak, jolasteak. Gustatzen zitzaizkidan haurrak, baina ez nuen uste hainbeste.

36 urtetan, anekdota asko izango duzu.

Mordo bat. Damutzen naiz anekdotak koaderno batean jaso ez izanaz [hausnartzen geratu da une batez]. Behin, 5 urteko mutiko batek esan zidan: «Heldua naizenean, neska lagun itsusia edukiko dut». Harrituta galdetu nion ea zergatik zioen hori. Eta hark erantzun: «Ederra bada, seguru kendu egingo didatela» [irribarre egin du]. Horrez gain, jende asko eraman dut medikuarenera, batez ere haurrak. Behin ume bat eta haren andereñoa eraman nituen, sekulakoa izan zen: atzamarra arrantzatzeko koilaratxo batean harrapatuta geratu zitzaien biei. Umeak mahai gainean zeukan koilaratxoa, andereñoa hura kentzera joan zen, haurrak ere beste horrenbeste egin zuen... Anbulatoriora eraman nituen biak.

Gertakari larriagoak ere bizi izan dituzu, edo zure lana lasaia izan da alde horretatik?

Zazpigarren edo zortzigarren mailako mutil bati zerbait larriagoa gertatu zitzaion; 13-14 urte izango zituen. Baloi bat ibaira bota zuten, eta haren bila jaitsi zen mutikoa. Bat-batean, deitu egin zidaten: «Toño, Toño, Toño!». Korrika jaitsi nuen zazpi-zortzi metroko lurrezko aldatsa. Mutilak ebaki bat zuen Akilesen tendoian, zulo bat, eta ziztatu duten txerri batek legez botatzen zuen odola. Ez dakit nola igo nuen errepidera. Autoan sartu nuen, eta, anbulatoriora heldu bitartean, sekulako odol putzua utzi zuen kopilotuaren tokian. Besoetan eraman nuen medikuarenera. Medikuak zera esan zidan: «Eta honekin zer egin behar dut?». Ospitalera bidali zuten, eta puntu mordo bat ipini zioten. Gerora futbolean jokatu du; beraz, nahiko ondo geratu zen. Garai hartan, bi-hiru urte neramatzan eskolan. Baina kolpeak, zauriak eta halakoak askotan artatu ditut; edo, ume batek autobusa galtzen bazuen, autoan eramaten nuen etxera, eta gurasoek eskertu egiten zidaten. Urte batzuetatik hona, protokoloa dela-eta, ezin ditut nik eraman, anbulantziari edo gurasoei deitu beharra dago, nahiz eta umeak buruko mina baino ez eduki. Lehen, parazetamola ematen nien...

Gurasoekin zelan moldatu zara?

Orokorrean, ondo. Lantzean behin gurasoren bat apur bat biolento sartzen zen eskolara, irakasle batek semea jo zuelako, beharbada. Tira, antzina egiten ziren gauza horiek...

Egoera horietan zuk eman behar zenuen aurpegia?

Ni nintzen-eta topatzen zuten lehen pertsona...

«Eskolan, euskara baino ez da entzuten orain. Nik umeekin euskaraz bakarrik egiten dut, eta horregatik ikasi nuen, ikusten nuen-eta beharko nuela»

Nostalgiarik baduzu?

Eskolarena, orokorrean. Egun osoan jendez inguratuta nengoen: irakasleak, haurrak... Orain, hori dena desagertu egin da. Uste nuen erretiroa hartzerakoan ez nuela hutsunerik sumatuko, baina sumatzen ari naiz.

Noiz erretiratu zinen?

Azaroaren 8an. Eta hasieran zeruan bezala nengoen: ez nuen goiz jaiki beharrik... Baina arraroa egiten ari zait.

Gogoan duzu azken lan eguna?

Gogoan dut azken astea. Haur asko etorri ziren nigana oparitxoekin, idatziekin... [hunkitu egin da].

Hasieran esan duzu umeen kopurua asko apaldu dela Karrantzan. Eskolan ere igarriko zenuen...

Sartu nintzenean, zortzi ikasturte zeuden, gehi Haur Hezkuntzakoak; hirurehun neska-mutil inguru izango ziren. Orain, berrehun daude.

Uste duzu joerak jarraituko duela?

Baietz uste dut. Baina hegoamerikar eta musulman batzuk etorri dira azken urteetan. Nik alde egin nuenean, hamar-hamabi zeuden. Izan ere, Karrantzan Hego Amerikako neska asko ari dira adinekoak zaintzen baserrietan, eta etxaldeetan ere egiten dute lan.

Euskararen egoera ere aldatu da? Gehiago entzuten da orain?

Eskolan, euskara baino ez da entzuten. Nik umeekin euskaraz bakarrik egiten dut, eta horregatik ikasi nuen, ikusten nuen-eta beharko nuela. Gurasoekin... Nik uste dut etxean gaztelaniaz egiten dutela batez ere, guraso gazteek izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.