Eskorbuto izan zen 80ko hamarkadan sortu ziren musika taldeen artean ezagunenetako bat. Belaunaldi oso bati marka utzi zion, eta gaur egungoari ere oraindik uzten dio arrastoa. Bai musikalki, eta baita jarreran ere. Horren lekuko da, esaterako, joan den astean Santurtziko Dorretxean zabaldu zuten erakusketa. Explosión plástica dauka izena, eta hemezortzi artistak Eskorbutok eurentzat izan duen garrantzia irudikatu dute 33 artelanetan. Denetarikdago erakusketan: margolanak, marrazkiak, argazki muntaketak eta baita instalazioak ere. Hori guztia, Eskorbuto omentzeko asmoarekin.
Ideiak koadro bat egiteko asmoan du abiapuntua: Iker Martinez artistak bere haurtzaroan hamaika aldiz entzun zuen taldeari koadro bat eskaini nahi izan zion. «Ondoren, pentsatu nuen ea zergatik ez egin sail oso bat, baina beste hainbat artistarekin. Proiektua kolektiboa ez bazen, ez zeukan zentzurik», Martinezen esanetan. Hala, punk taldea zuzenean ezagutu ez zuten hemezortzi artistaren artean osatu zuen erakusketa. «Ikuspuntu ugari daude, eta hori aberasgarria dela iruditzen zait», dio erakusketaren antolatzaileak. Baina ikuspuntu ezberdinak egonagatik, zenbait gai errepikatu egiten dira artelan askotan; besteak beste, heroina, heriotza eta baita haien abestien hitzak ere. «Eskorbutoren musikan eta historian ohikoak diren kontzeptuak askotan errepikatzen dira erakusketako artelanetan».
Ikuspuntu askotarikoen erakusgarri, Martinezen beraren koadro bat aipa liteke. Bertan, Iosu Exposito, Juanma Suarez eta Paco Galan taldeko hiru kideak apostolu modura aurkezten ditu artista portugaletetarrak. «Errenazimendu garaiko pinturetan oinarritu naiz lan honetarako, eta profeta edo apostolu gisa irudikatu nahi izan ditut». Hori guztia paisaia apokaliptiko batek inguratuta. Zergatik? Eskorbutoren kritika eta aldarrikapen sozialak gaur egun oraindik baliagarriak direlako, artistaren ustetan.
Punk estetikaren legea ere urratzen du, gainera. «Artelan hori hasiera batean ez zen punk estetikaren barrruan ulertuko, baina hori zen kasu honetan interesatzen zitzaidana, aurreikusi daitekeen horretatik ihes egitea». Horregatik, estetika ilun, zorigaiztoko eta urratuari beste ukitu bat eman dio Martinezek bere artelanean.
Mito bihurtutako taldea
Explosión plástica erakusketarekin omenaldi bat gehiago egin nahi izan dio Martinezek Eskorbuto talde mitikoari. Plastikaren mundutik ez zaizkie omenaldi asko egin. Horregatik, «guk gure hondar alea jarri nahi izan dugu», dio. Martinezek uste du beste edozein taldek ez dauzkan bereizgarriak dauzkala , eta «bi taldekideren heriotza goiztiarrak haien inguruko mitoa handitzea besterik ez zuen lortu». Hori dela eta, Eskorbutoren inguruan egiten diren omenezko ekitaldiek «arrakasta handia izan ohi dute ia beti». Santurtzin dagoen erakusketa ere ez da salbuespena izan. Zabaldu denetik, jendea erruz inguratu da Dorretxe jauregira. Hori dela eta, Martinez gustura dago orain arte izandako harrerarekin.
Eskorbutoren omenezko erakusketa horrek lortu duen arrakastaren eta ikusminaren erakusgarri, inaugurazio eguneko kontakizunak aipatu ditu Martinezek. «Jauregiko komunetan Eskorbutoren hainbat pintada agertu ziren egun horretan», baina horri ez dio garrantzirik eman nahi izan. Izan ere, artelan bat hankamotz dago une honetan. «Koadro batekin eta walkman batekin osatutako instalaziotik walkmana lapurtu zuten lehen egunean», azaldu du. Oraindik ez dute ordezkatu lapurtutako pieza, «gaur egun ez baita horren erraza garai haietako walkman bat topatzea».
Baina erakusketa ez da Santurtzin bakarrik egongo, Ratas de Bizkaia abestian egiten zuten ibilbidea egingo baitu. «Barakaldon jarriko dugu erakusketa udazken inguruan, eta, azkenik, 2013an Bilbon jartzeko asmoa ere badaukagu», Martinezen esanetan. Horregatik, erakusketa lehenbiziko Santurtzin jarri izana ez da kasualitatea. «Esanahi berezia zuen; baina, era berean, kantuan egiten duten bidaiaren abiapuntu gisa ere ulertu behar da».
Gainerako bi erakusketa horietara orain ikusgai dauden koadroak eramango dituzte, baina berriak sortuz joaten diren neurrian, horiek ere gehituko dituzte, Martinezek azaldu duenez.
Eskorbuto, artera eramana
'Explosión plástica' erakusketa zabaldu dute Santurtzin; hemezortzi artistari Eskorbutok nola eragin dien erakusten duLantzen diren gaien artean, drogak eta heriotzak presentzia nabarmena daukate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu