Baina zer eskaintzen die baserriak gazteei? Zein arazori egin behar diete aurre? Eta zein onura dauzka? Baserrian bertan geratzeko edota bertara joateko hautua egin duten gazteak dira, hain zuzen, Mikel Rekarte (Galdakao, Bizkaia, 1989), Hegoa Mendiburu (Senpere, Lapurdi, 1987) eta Iñaki Ansola (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984). Nork bere arrazoiekin, hirurek egin dute baserriaren alde.
MIKEL REKARTE
«Baserrian gure bizitzaren jabeago gara hirian baino»
«Ideologikoki, pentsamendu aldetik, bizi-eredu aldetik, autonomiaren eta autokudeaketaren aldetik erakarri gaitu baserriak. Sentitzen dugu baserrian gure bizitzaren jabeago garela hirian baino; aukera handiagoa dugula gure bizitzaren esparru guztiak kudeatzeko». Larrabetzun bizi da Mikel Rekarte (Galdakao, Bizkaia, 1989) orain bi urte, beste lau lagunekin batera, errepide alboan dagoen baserri zahar batean. Aurretik, ez zuen harremanik baserri munduarekin. Arrotza zen berarentzat. Gurasoak kaletarrak ditu, eta ez du gertutik bizi izan; haatik, harra sartu zitzaion. Errealitate hori gertutik ikusteko grina. 18 urte zituela halaxe abiatu zen Gasteizera Ingurumen zientziak ikastera. Eta karrera amaituta, Galdakaora bueltatu, eta baratze txiki bat erein zuen. Egungo proiektuaren hasiera izan zen hori, egitasmo handiago batean buru-belarri aritzeko gogoa piztuko zion txinparta.Lurra aurkitzea izan zen zailena. «Batzuetan jendeak nahiago du landu gabe egotea beste batzuei alokatzea baino». Kexu da gaztea zailtasunengatik. Izan zuten zortea, ordea, eta lagun baten bitartez jarri ziren kontaktuan egungo etxaldearen jabearekin. Baserri lanak nola egiten ziren ikastea izan zen boskoteak egin beharreko hurrengo urratsa. Bi urte pasatu dira ordutik, eta oraindik ere, ikasten ari direla ziurtatu du galdakarrak: «Oraindik ez dakigu jakin beharrekoaren erdia!». Umoreko mintzo da, aurrera segitzeko indarrez. «Ahal den lekutik» eskuratzen dute jakintza, liburuetatik edo ingurukoei galdetuta. Hala ziurtatu du. «Ortuan pertsona gazte bat ikusten duten zaharrak harrituta geratzen dira, eta berbetan hasten dira».
Horrela, pixkanaka-pixkanaka ari dira baserritik bizimodua ateratzen, baina ez dute lortu bertatik bizitzea. «Ibili ginen barazkiak saltzen baina...». Porrot egin zuen saialdiak; ez zuten bizitzeko adina irabazten. Orain, kontsumo propiorako ekoizten dute, eta animalia batzuk ere badauzkate, oiloak eta untxiak. Zeuzkaten bi txerriak sanmartinetan hil zituzten. Aurrera begira, baserriko lana ofizio ere izan dadin nahiko luke: «Asmoa dugu soldata txiki bat baserritik ateratzeko, ea posible den». Nolanahi ere, orain, jatekoa ateratzearekin konformatzen dira. «Horretan, behintzat, autonomoak gara». Etorkizunean proiektu osoago bat gorpuztu nahiko lukete, integralagoa.
Orain bideratuta dute, baina hasiera ez zen erraza izan. Akorduan du Rekartek nola erreakzionatu zuten ingurukoek baserrira joan behar zuela esan zuenean, ongi, baina zalantzakor. «Esaten zidaten: 'Baserrira? Saltsa handian sartuko zara!'». Eta, hala ere, egin egin zuen, eta kontent dago hartutako erabakiarekin. Aitorpena ere egin du: «Lan handia da».
Gehiago garbitu behar dela dio, abereek ere zaintza eskatzen dutela, negua hotza dela... Aldiz, gustuko tokian aldaparik ez, eta alde onek bultzatzen dute geratzera. Are gehiago, gazte gehiago animatzea nahiko luke.
HEGOA MENDIBURU
«Baserriek bizirik segitzeko, behar da kanpoko jendeari ireki»
«Maite dut askatasuna», dio Hegoa Mendiburuk (Senpere, Lapurdi, 1987) baserriko bizitzaren inguruan solas eginez. Eredu askeago baten xerka zebilelako erabaki zuen gurasoen baserrian, Uhartetxeberrian, bizi nahi duela. Aldiz, ez da betidanik argi izan duen hautua. Historia ikasketak egin zituen, eta ondoren, masterrean hasi zen, baina utzi egin zuen. Utzi, etxera bueltatzeko, autonomiaren bila. Haatik, orain haren jaiotetxean badago ere, oraindik ez da bertako lanetik bizi; inguruko baserrietan laguntzen du, ikasi, eta denborarekin, haren etxaldean zentratzeko.Badaki jakin baserria ez dela utopikoa, dena ez dela librea eta konpromisoa ere badela; hala ere, beste lan batzuk baino aukera zabalagoak dituelakoan dago. «Baserriak lotzen zaitu, eta hor egon behar da beti, baina zuk hautatzea zer egin nahi duzun... Ez duzu nagusirik. Gainera, nik maite dudana da kanpoan lan egitea, lan fisiko bat ere egitea, nekatzea. Neke ona da hori».
Orain, Senperen bizi (Lapurdi) eta Heletan (Nafarroa Beherea) ari da beharrean, haurdun den neska bat ordezkatzen. Denetarik egiten du: «Orain, bildotsak jaiotzen dira, bazkatzen ematen diet, ardiak jezten ditut eta kanpora igortzen ditut. Hilabete baten buruan hasiko gara gazta egiten». Aurretik, makina bat tokitan ibilitakoa da: «Lan egin dut ezker-eskuin bizpahiru baserritan, sasoiak egiten. Ardiekin, ahuntzekin, gazta egiten... Udan ere bi urte egin ditut mendian ardiak zaintzen». Bitartean, etxean, haren anaiak eta amak lan egiten dute esnea partitzen eta gazta egiten. Aurrera begira, eta dena ongi joanez gero, horretan ariko da Mendiburu ere.
«Jendea orain ohartzen da hiriko lana ez dela hain erreza, denetan badirela alde onak eta txarrak. Baserriko lanak bizi kalitate aldetik lortzen ahal du zerbait ona». Hausnarketa airean utzi du. Hori dela eta, baikor da baserrien osasunaren inguruan, gogotsu ikusten ditu gazteak. Detektatu du problema bat, nolanahi ere: lur eta baserri falta. Haren irudiko, baserritar askok ez dute errazten gazteak joatea, eta beharrezkoa da. «Nahi baldin badugu baserriek bizirik segitzea, behar da kanpoko jendeari ireki».
Eredu aldaketaz ere mintzo da. «Orain arte modelo handiak ziren: izaten ahal ziren ez dakit nik zenbat ardi eta dena erosten zen kanpotik. Duela urte batzuk hori bultzatu dute asko ekoizteko, baina modelo horrek erakutsi ditu bere mugak». Orain, beste bide batetik doazela dio, ekologikoa dela apustu onena: «Bilatu behar da baserria autonomoa izatea; adibidez, ardiak direlarik ukan behar da, idealki, aski eremu, behar den belarra ekoizteko». Desazkundeaz egin du solas, ez makroproiektuez. Kate horren begietako bat da berak egiten duena, eta, dioenez, hori da gazteak erakartzen dituena: «Modelo txikiagoetara goaz, nire ustez, gazteak hortaz hurbiltzen ari dira».
IÑAKI ANSOLA
«Nire egun librea feriara joateko erabiltzen dut»
«Batxilergoan nengoela nahiko nota onak neuzkan, eta orientatzailearengana bidali ninduten. Hark esan zidan: 'Baserrian lan egin nahi duzu? Baina zergatik? Dauzkazun notekin? Baserria hor egongo da beti'. Orain, kaletik ikusi, eta zoriondu egiten nau, ondo joan zaidalako». Gazte garaiko pasadizoa ekarri du gogora Iñaki Ansolak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984), barre artean. Baserritar leinukoa da, eta beti izan du argi jaiotetxean nahi zuela bizi, Mausitxan. «Bederatzi belaunaldi pasatu dira hemendik. Hori guk dakigula!». Umetan, bertan aritu nahi zuen beharrean. Eta bete egin du txikitako ametsa. Artzaintzan ibili izan da, batez ere, haren familia, baina baita bestelako baserri eginkizunetan ere. Egun, Ansolak ardiak ditu ogibide, eta gainontzekoak afizio. Zoriontsu dago daukanarekin. Ez du zalantza izpirik: «Gure hobby-a da gure lana».Baserritar jatorrikoa izateak ez du esan nahi, aldiz, bide malkartsua izan ez duenik. Batxilergoa bukatuta, Fraisoro eskolara joan zen, Zizurkilera (Gipuzkoa), nekazaritza ikasketak egitera, eta, hasieran, gurasoek ez zuten erabakia begi onez ikusi. «Aita konforme, ilusioa zuen jarraipena zegoelako. Amak askotan esaten zidan: 'Zuk ikasten segi, izango duzu-eta denbora baserrirako!'. Orain ados dago. Etxean aguantatzen nau, behintzat», dio txantxa tonuan.
Zazpi pertsona bizi dira Mausitxan: Iñaki Ansolaren gurasoak,Iñaki Ansola bera, haren bikotekidea eta bien hiru seme-alabak. Ez da kasualitatea. Izan ere, bizitoki bat baino askoz gehiago da harentzat baserria, «bizitza ulertzeko era bat da».
«Nik egun librea feriara joateko erabiltzen dut». Esaldi horrekin laburbildu du denboraren inguruko kontzepzioa. Dioenez, ez da existitzen ordutegi finkorik ezta egun librerik ere. «Lanbidea oso gogorra da. Ardiak hamabi ordutik behin jezten dira, hamabi ordutik behin fitxatu egin behar da!».
Ematen dituen abantailak askoz gehiago dira, baina: «Zure lantokia kanpoan dago, aire librean. Askatasun hori ematen dizu. Animaliekin egotea, txahalak jaiotzen ikustea, hazten... Naturarekin kristoren kontaktua daukazu». Harentzat ezin hobea da, garbi ikusten du, dena den: «Baserria asko gustatu behar zaizu, bestela ezin duzu horrela bizi».
Egun bat ez da inoiz hurrengoaren gisakoa. Hori hala da baserrian. Asko aldatzen da dena sasoiaren arabera. Ansola udan egoten da libreago, ardiak mendian daudenean, orduan, belar lanak egiten ditu, hesiturak... Neguan, berriz, artaldearekin ibiltzen da, gehienbat. Horrez gain, baratze txiki bat ere badu etxekoentzat. Bizi «soila» darama: jaiki, animaliak jetzi, bazkaldu, umeekin egon, berriz ere ardiekin ibili, eta afaldu. «Kito, hori da dena». Zoriontsu da horrela.
Ez da erraza, tamalez, jakitea luzera begirako lanbide izango duen etxaldea. Premiazkoa iruditzen zaio iraupena. Haren aburuz, ez da soilik baserritarrentzako onura baserriak existitzea; hiru funtzio dauzkate: soziala, ingurumenarekikoa eta ekonomikoa. Jendeak soilik bizileku gisa ikusten dituen arren, dimentsio handiago dute. Horregatik, duda mudarik gabe dio: «Gizarteak kontzientziatu behar du bertako produktuak erosteko».