Tiburzio Arraztoa. Baztango taldearen koordinatzailea

«Esku pilotaz kanpo badirudi ez dagoela pilotarik, baina badago»

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Laxoa elkarteko buru da Tiburzio Arraztoa, eta baita egunotan Iruñean jokatzen ari den Luzeko Esku Pilotako Txapeldunen Kopa izenekoa antolatzen aritu den kideetariko bat ere. Laxoan arituizandakoa da Arraztoa, eta bera dabil Baztango taldearen koordinatzaile lanetan txapelketan. Ia ezinezkotzat jotzen zuen taldea txapelketako azken fasera heltzea, eta, azkenean, ez dute lortu. Pozik dago, halere, itxura ona ematea lortu dutelako.

Zer alde dago laxoaren eta lehiaketa honetako jokoaren artean?

Hemen lehen jokatzen zen bote luzea izeneko pilota jokoaren berdina da. Hortik sortu zen laxoa, eta, beraz, antzekoa da dena. Arauak, zelaiak, estrategiak... Esku hutsez jokatzen dela, hori da aldea. Erraz moldatu gara joko honetara. Taldea osatzeko pilota jokalari ezberdinak bildu ditugu. Frontoian eskuz aritzen diren batzuk eta laxoan aritzen diren beste batzuk hartu ditugu, elkarren ondoan arituta, elkarrengandik ikasi ahal izateko.

Finalera heltzeko aukerarekin ikusten zenuen taldea?

Zaila zen. Belgikan, Holandan, Italian eta Valentzian guk hemen laxoa txapelketak egiten ditugun bezala, joko mota honen txapelketak egiten dituzte haiek. Pilotari erdi profesionalak eta profesionalak ere badituzte. Gu ongi entrenatu gara, baina haiek abantaila hartua ziguten. Emaitzen gainetik, ordea, pilotarien arteko harremanak sakontzeko aukera eskaini digu txapelketak.

Hurrengoan, akaso, haiek laxoan jokatzen jarrita...

[Irri egiten du] Zaila izango da. Luzera jokatzeko zaletasuna ez da handia. Plaza luzeak behar dira, eta gutxi daude. Ulertzeko ere ez da joko erraza. Hemen frontoiko esku pilotak eramaten du dena. Hortik kanpo badirudi ez dela pilotarik, baina badago. Esaten da pilota hemen bakarrik jokatzen dela, eta hemengoa dela bakar-bakarrik, baina bistan da hori ez dela hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.