Eskuez ezagutzen ditu kirolak Bixente Artolak (Errenteria, 1947). Bai, behintzat, haren ondorioak. Hori da haren espazioa, ikuskizunaren ondorengo une hori; masajista da, eta goi mailako kirolariak dira haren bezeroetariko asko. Miguel Indurain txirrindularia, Floren Nazabal aizkolaria, Aimar eta Asier Olaizola pilotariak... Ukimenaz ikusten ditu kirol bakoitzak haiengorputzetan dituen ondorioak. Urteak daramatza lanbide horretan; eskuetan ditu begiak jadanik. «Eskua da kontua, horrek esaten du non dagoen mina».
Goizean hasi eta gauean buka. Eskuak bete lan ibiltzen da Artola. Bere saltsan, ordea. «Beti ibili naiz kirolaren bueltan. Gaztetan atletismoan aritzen nintzen, eta gero utzi egin nuen. Baina hori bizi dut nik. Bizia egin dut kirolaren inguruan. Pilotariak, aizkolariak, txirrindulariak, denak pasatu dira hemendik».
Kirolaren periferia horretan egon arren, kasik kiroltzat ere har daiteke, ordea, haren lana. «Nire eskuak? Ikusi dituzu nola dauden? Zaildu-zailduta. Muskuluak ikaragarri garatuta daude urteen poderioz». Kirolariekin gertatzen den paretsu, hala ibiltzen zaio inguruan berari ere lesioaren itzala. Horregatik, masajeak behar dituzte noizbehinka masajistaren eskuek ere.
Esfortzuak badu ordaina, ordea. «Oso pozgarria da edonor laguntzea. Gaizki dagoen pertsona bat zure masajeei esker hobeki dagoela ikustea. Herren antza sartu dena hobeki atera dela jakitea. Berdin kirolariekin edo kirolari ez direnekin. Hor ez dago alderik». Kirolariak dira, halere, laguntzagatik txapelak eskain ditzaketen bakarrak. Eta hala egin zuen Aimar Olaizolak, adibidez: Artolari eskaini zion lau t'erdiko txapela 2005ean.
Izan ere, dena ez da indarra, dena ez da begia. Konfiantza da giltza. Eta belarria ere behar dute eskuek horretarako; psikologia. «Hemen gauza asko ikusten dira. Kirolari bakoitzak bere arazoak ditu. Kirolaz bizi direnek kirola dutelako lanbide, eta baita kirolaz aparte lan egin behar dutenek ere. Batzuetan dena gaizki joaten da, eta halakoetan, entzutea tokatzen da».
Bixente Artola. Masajista
«Eskuak esaten du non dagoen mina»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu