Edonork egin dezake ogia. Irina, ura, legamia eta gatza: ez da besterik behar. Edo agian, bai: eskuak eta maitasuna. Eskuak baitira okinaren tresnarik garrantzitsuena, ogia maitasunez egiteko funtsezko lanabesak. Hala uste dute, behintzat, Ordiziako Goiagi okindegiaren jabeek (Gipuzkoa). Hori da haien lan egiteko modua, ez dute besterik ezagutu, eta ez dute orain aldatzen hasteko asmorik: eskuz aritzen diren okinen jardunari gorazarre egiteko asmoz sortu dute, hain zuzen, Sinbiosia, elikatzen duen artea erakusketa; D'Elikatuz zentroan ikusgai dago, urtarrilaren 19ra bitartean.
Bertan dago Naroa Goiburu, Ordiziako haurrekin eguneko tailerra egiteko prest. Erakusketa ikusi, «ahal den neurrian» azalpenak eman, eta lanean jartzen ditu umeak: «Jarduera arina izan dadila saiatzen naiz, ondo pasa dezaten. Ez da lan erraza izaten, oporren ostean aztoratu samar baitaude!».
Aretoko edozein txokotara begiratuta ere, ogia ikusiko du bisitariak. Baten batean ohiko ogi luzeak aurkituko ditu, baina, gainontzean, ogiarekin egindako arteaz gozatu ahal izango du. Hortik datorkio erakusketari izena: «Tradizionala eta gaurkoa; elikadura eta artea: zerikusirik ez duten bi gauza hartu eta batu ditugu, zerbait berria egiteko». Ogia oinarri hartuta, hainbat irudi osatu dituzte: eserita dagoen pertsonarena, diseinu bereziko soinekoak...
Espero baino lan gehiago eman die erakusketak Goiagi okindegiko lagunei: lau hilabete, zehazki. Xehetasun guztiak zaindu nahi zituzten, eta garrantzi berezia eman diote erakusketa aretoa girotzeari. Hormetan, adibidez, argazkiak jarri dituzte, zuri-beltzean; Goibururen ahizpak egin ditu. Horietako batean ageri dira Goibururen aita eta aitona, elkar harturik lanean. Ia denetan eskuak ageri dira, eguneroko ogiaren benetako egileak.
Horrez gain, bisitariek erakusketa ikusi bitartean entzungo duten grabazio berezia osatu dute Goibururen izebaren eta lehengusuaren artean: lehenengoak Eskuak izeneko olerkia sortu du, eta bigarrenak melodia baten gainean errezitatu du.
Goibururen birraitonak ireki zuen Zabale okindegia 1923an. Belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasatu, eta, gaur egun, Goibururen aita da familiako negozioaren buru; hirugarren belaunaldia, oraingoz. Azken horrek dendaren kargua hartu zuenean, izena aldatu zion, eta Goiagi okindegia izena du orain: amaren abizena —Agirre— eta aitarena batuz sortu zuen.
Laugarren belaunaldiaren lekukoa hartzea, izatekotan, Goibururen ardura izango da. Baliabide eta erosotasun gehiagorekin izan arren, birraitonak lan egiten zuen modu berean egiten dituzte ogiak. Hala ere, okinarena lan gogorra dela iruditzen zaio Goibururi: «Jaiotzetik ezagutu dut okindegia, eta lanbide gogorra da. Aita goizero 04:00etan esnatzen da; askotan ez du asteburuaz gozatzeko aukerarik izaten, eta urtean bitan baino ez du ixten okindegia: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean».
Eskuak ogibide hartuta
'Sinbiosia, elikatzen duen artea' erakusketa abiatu du Ordiziako Goiagi okindegiak: elikadura eta artea uztartu dituzte, eskuz aritzen diren okinei gorazarre egin nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu