Garai ilunak ekarri zituen Euskal Herrira Franco jeneralaren garaipenak. Bilbo, euskal erresistentziaren azken ikurra erori eta faxismoa gailendu zen euskal lurretan, garai hartan Europako beste herrialdeetan gertatu zen bezalaxe. Gizartea bitan banatu, eta garaileak eta galtzaileak izan zituen aro beltz hark. 1936ko kolpe faxistak eta ondorengo porrot militarrakEuskal Herriko bizitza politiko, kultural, ekonomiko eta soziala baldintzatu zuten.
Urte tristeak izan ziren haiek, baina historikoki garrantzi handikoak eta oso mamitsuak. Aldaketa asko gauzatu ziren frankismoak iraun zuen urte luzeetan, ezbairik gabe orainaldia hobeto ulertzen laguntzen dutenak. Aro mingarria izanik ere, ilunpe hartan gorpuztu zen erregimenaren aurkako mugimendua, jende askok hartutako konpromiso eta sakrifizioari esker.
Joxemi Saizar eta Jon Mintegiaga historia hurbileko urte haietan murgildu dira, eta Tolosaldean eta Leitza aldean frankismoan eta trantsizio garaian bizitako giroa paperera eraman dute. Eskualdean izandako gertakari nagusiak bildu dituzte, horietako asko protagonista izan zirenen ahotik. Ikuspegi zabala eman nahi izan diote Frankismoa eta trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean lanari, eta arlo politiko, kultural eta sozialean izandako bilakaera jaso dute. Litekeena da eskualde bat ardatz hartuta garai hori aztertzen duen lehen lana izatea.
Eskualdeko herritarrek indar handiz bizi izan zituzten Francoren erregimenak iraun zuen urteak. Joxemi Saizarrek azaldu duenez, «ukitu berezia» izan zuen frankismoak eskualdean. Gertakizun garrantzitsu ugari Tolosaldean eta Leitzaldean gertatu izana da horren erakusgarri. Besteak beste, grebak, kultur mugimenduak, ETAren inguruko lehen hildakoa —Pardines guardia zibila eta Txabi Etxebarrieta ETAko kidea—, eta Burgosko prozesuan Jokin Gorostidi eta Antton Karrera eskualdeko buruzagi garrantzitsuak epaitu zituzten.
Ikuspegi zabala
Eskualdean gertatutakoak Euskal Herrian eta eremu zabalagoan gertatutakoekin tartekatu dituzte, irakurleak eskualdeko historia ulertzeko ikuspegi zabalago bat izan dezan. Euskal Herrian eragina izan zuten Europa eta mundu zabaleko gertakari batzuk ere kontuan hartu dituzte egileek.
Iturri askotatik edan dute Saizarrek eta Mintegiagak lana osatzeko. Hemerotekak, artxibategiak, bibliografia zabala... Bainaidazleek bildutako testigantzek ematen diote lanari gertutasuna eta indarra.
Lana bi zati nagusitan banatu dute. Batetik, 1936ko gerraren amaieratik trantsizio bukaera arteko kontaketa kronologikoa osatu dute. Francoren tropen aurkako porrot militarrak ekarritako erbesteratzeen kontakizunak hartzen dituzte lehen orriek. Gero, eskualdean erregimenaren aurka egon ziren mugimendu kultural, sozial eta politikoen berri eman, eta trantsizio garaiko aldaketa eta itxaropen giroa islatu dute liburuaren egileek.
Bestetik, garai horretan lehen lerroan izandako pertsonekin bildu, eta haien lekukotasunak lehen pertsonan hartu dituzte. Orotara, urte haietan protagonista izan ziren berrogei lagun ingururekin bildu dira, eta horien hamaseiren testigantza modu zabalean landu dute liburuaren bigarren zatian. Oreka bat bilatu nahi izan dute zati horretan, eta hainbat alderdi eta mugimendutako jendearen kontakizunak txertatu dituzte.
Euren artean osagarriak dira bi zatiak. Kontakizun kronologikoan garatu gabe utzi dituzten gaiak elkarrizketetan hartzen dute garrantzia, eta alderantziz. Oro har, kontakizunean aztertutako testuinguru orokorra elkarrizketetan zehaztua agertzen da eskualdeko protagonisten ahotik.
Argazkien aldetik ere liburua zaindu dute egileek. Kontakizun kronologikoan zehar agertzen diren zuri-beltzezko irudiez gain, liburu bukaeran argazki bilduma osatu dute, koloreetan horietako batzuk. Orduko afixa politikoak, tortura zantzuak erakusten dituzten gorpuak, egun haietako egunkarien ebakiak eta kultur elkarteen eta protagonisten irudiak ikus daitezke argazki bilduman.
Eskualdeko historia hurbila hobeto ulertzeko tresna da liburua, era ulerterrazean kontatuta. Ikerketa, arakatze eta ordu askotako lanaren emaitza da, aproposa frankismoa eta trantsizioa bizi izan ez zutenek beldurrezko baina baita itxaropenezko garai haiek uler ditzaten.
Ezarian. Frankismoa eta trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean
Eskualdeko historia hurbila gogoratuz
Frankismo eta trantsizio garaian eskualdean izandako gertakari garrantzitsuenak liburu batean bildu dituzte Joxemi Saizar eta Jon Mintegiagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu