«Eskualderik euskaldunenean» egingo dute larunbatean Argia Eguna

Aldizkaria Bizkaian ezagutarazteko, musika, antzerkia eta tailerrak plazaratuko dituzte Ondarroan

Irakurleekiko harremana estutzeko erabiltzen du Argiak urteroko jaia. Irudian, iaz Oñatin (Gipuzkoa) eginikoa. DANI BLANCO.
Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Argia Eguna egingo du larunbatean Argia aldizkariak, Ondarroan (Bizkaia). Euren lana ezagutarazteko eta irakurleekin zuzenean harremana izateko erabiliko dute urteroko jaialdia. Hirugarren Argia Eguna izango da aurtengoa. Aurrekoak Usurbilen eta Oñatin (Gipuzkoa) egin ondoren, aurtengoa Lea-Artibain (Bizkaia) egin nahi zuten, «Euskal Herriko eskualderik euskaldunena delako», esan du Unai Brea antolatzaileak. Hala sailkatu du, behintzat, Uemak Lea-Artibai. Herri horretan Argia ezagutaraztea «interesgarria» iruditu zaiela gaineratu du Break.

Txikitik eragiten leloari eutsiko diote aurten ere. «Uste dugu herrigintzako eragileekin lotura handia duen hedabidea garela, eta hala izan nahi dugu, gainera», azaldu du Break. Lea-Artibaik herri mugimendu bizia du, Argia-ko kazetariak esan duenez. Jai egunerako egitarauan isla du horrek, hainbat ekitaldi eskualdeko taldeek antolatu baitituzte. «Txikiak gara, eta txikitasuna ere filosofia bat izan daiteke. Baina eragina izan nahi dugu».

Argia Egunak aldizkaria eta haren webgunea ezagutarazteko aukera ematen du. Break uste du euskaldun gehienek ezagutzen dutela Argia, «izenez behintzat». Izan ere, hiru urte barru mendea beteko du aldizkariak. 1919. urtean sortu zuten Zeruko Argia hilabetekari erlijiosoa, Iruñean. 1921ean, Argia euskara hutsezko aldizkari laikoagoa sortu zuten Donostian. Bien artean elkarlan handia egon zen, 1936ko gerrak bien jarduera eten zuen arte. 1963an hasi zen berriz ganoraz Zeruko Argia, eta 1980. urtera arte jarraitu zuen izen horrekin. Orduan langileen esku geratu zen, eta Eliza katolikoarekiko loturak erabat eten zituen. Azken hamar urteotan multimedia esparrua asko jorratu du aldizkariak, besteak beste, dokumentalak, bideo erreportajeak eta umorezko bideoak.

«Ez dakit jendeak horrenbeste ezagutzen duen gaurko Argia», esan du Break. Horregatik, «egun bateko patxada hartu, eta jendeari azaldu nahi diogu zer garen, ondo pasatuz». Horren harira, urteroko argiazaleen topaketa egingo dute larunbat eguerdian. «Bestela ezin duguna egiteko baliatzen dugu eguna», azaldu du Break, «besteak beste, gure irakurleengandik zuzenean jaso nola ikusten gaituzten eta gugandik zer jaso nahi lukete». Hor zehazten da Argia egiten duen komunitatearen arteko harremana.

Elkarlanaren adibide deigarri bat: Aulesti (Bizkaia) inguruko Abarka antzerki taldeak larunbaterako propio sorturiko Argi-uneak antzezlana plazaratuko du Ondarroan.

Twitter bidezko bertso saioa izango da beste bat. Lekeitioko (Bizkaia) bertso eskolaren ideia da: jendeak gaiak Twitter bidez bidaliko dizkie Iratxe Ibarra, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia bertsolariei.

«Sistema krisi sakon batean gaude, eta guk horren aurrean balio batzuk ditugu geure ildo editorialean». Hedabideek daukaten eginkizuna jendearekin aurrez aurre partekatu nahi dute. Aurten, itsasoaren ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.