Eskuinaz. Jose Maria Izquierdok (El ojo izquierdo, Ser katean, 08:15ean) liburu bat atera du: Las frases más feroces de la derecha de la caverna. Gozagarri suertatu zen Boulevard-en astelehenean Sonia Hernando eta Dani Alvarezekin eduki zuen solasaldia. Gozagarri, prentsa mota hori kontsumitzea gogoko dugun entzuleontzat behintzat. Ikusi zenez, guri ez ezik REko bi kazetariei ere sentimendu berberak eragiten dizkie Espainiako kazetaritzako gertakari paranormal horrek: kuriositatea eta morboa bezainbat nazka eta izua. Izan ere, erabateko konplizitatea igarri zen hiruren artean prentsa hori aztertu eta gaitzesterakoan.
Jomugan. Inkognita hutsa da estatuko fenomeno mediatiko horrek Raxoiren gobernuarengan izan dezakeen eragina. PPkoek Intereconomia telebistaren eta enparauen presioa sentitzen al zuten galdetu zion lehengo egunean Antonio Basagoitiri Dani Alvarezek, eta agudo asko, telebista horretako protagonista bilakatu zen REko kazetaria. Goikoen aginduak zintzoki betetzea leporatu zioten, besteak beste, bere-berea duten estiloan. Telebistako pasadizo hori ere gogoratu zuten Izquierdorekin edukitako elkarrizketan.
Aukera, argibideentzat. REko kazetariek eskuineko prentsa horren inguruko gaia sakondu nahi izatera, eskura daukate bere tripak barrutik ezagutzen dituen bat; Alvarezek astelehen goizero iritzia ematera gonbidatzen duen German Yanke, alegia. Besteak beste, Intereconomiako El gato al agua saio haitzulotarraren aurreko albistegia zuzentzea eskaini izan diote, eta pentsatzekoa da argibide franko emango lizkigukeela guztioi akaso. Edo baliteke ezetz, Jimenez Losantosengatik galdetu izan zaionean, horren kritikariei zera aholkatu izan baitie: ez jartzeko urduri eta pauso bat atzera egiteko.
Diren bezalakoak. Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko kirol albistegiei hamar minutu ematea aski da, erretratatuta gera daitezen. Atzo goizean, urrutira gabe, Angel Plazak (RE) futbolari eta saskibaloiari begiratu zien batik bat, eta horiek utzitako segundo kondarrak hastekoa den Paris-Dakarri eskaini zizkion. EIn, Xabier Muruak bi kirol nagusi horiei eman zien begiratua, baina tartea ireki, herenegun jokatu zen Nafarroako aizkolari txapelketarekin ireki zuen, Donato Larretxea irabazlearen adierazpenekin.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Eskuin mediatikoaren fenomenoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu