Osasuna. Medikuntza

Eskuko eta eskumuturreko mina

Asko dira eskuan eta eskumuturrean molestiak sor ditzaketen gaitzak, hasi artrositik eta karpoko uste baino arruntagoa den tunelaren sindromeraino. Minari aurre egiteko, ezinbestekoa da arazoaren jatorria zein den jakitea.

Egunean mugimendu asko egiten dituzte eskuek. GARI BERASALUZE.
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Eskuak anatomia konplexua dauka: hemeretzi hezur, hamazazpi artikulazio eta hemeretzi muskulu. Bizimodu normala egitea ezinezko bihurtzen duten mugikortasun-arazoak sor ditzake zona horri erasaten dion edozein min edo alteraziok.

Artrosia

Eskua da artrosia sarrien agertzen den gorputz-ataletako bat, batez ere 45 edo 50 urtetik gorako emakumeen kasuan.

Arrazoiak

Giltzaduretan hezurrak estaltzen dituen kartilagoaren desgastearen ondorioz agertzen da gehienetan artrosia. Baina, eskuko artrosiari dagokionez, garrantzi handikoa da osagai hereditarioa ere (ametatik alabetara transmititzen da nagusiki). Artrosia adin goiztiarragoetan azaltzen denean, 40 urte egin baino lehen, artikulazio horiek gehiegi erabiltzearen ondorioz izan daiteke (usuagoa izan ohi da ile-apaintzaileetan, musikarietan eta kirolarietan, esate baterako).

Sintomak

Mina da sintomarik deigarriena, eta horrekin batera hantura, zurruntasuna eta mugikortasunaren mugapena ere azalduko dira sarritan. Erasandako artikulazioa mugitzean karraska-hotsa entzuten da askotan. Kasuak aurrera egin ahala, deformitateak ere azal daitezke; hatzetako nodulu edo koskorrak, esaterako. Artrosiak gehien ukitutako zona erpuruaren oinaldea izaten da.

Zer egin

Artrosia gaitz degeneratiboa da, eta ez dago horretarako sendabiderik. Dena den:

• Mina arintzeko analgesiko sinpleak eta hanturaren kontrako botikak hartzea gomendatzen da. Minak ertainak edo gogorrak badira, ordea, egokia izan daiteke kortikoideak eta anestesikoak zuzenean erasandako giltzaduran injektatzea.

• Giltzaduraren desgasteari aurre egiteko, kartilagoa babesten duten farmakoak agindu ditzake medikuak.

• Hanturaren kontra hotza erabiltzea gomendatzen da. Hanturarik ez eta mina soilik sentituz gero, ordea, onena beroa da. Eta erasandako hatza erpurua baldin bada (gehienetan hala izaten da), baliagarria gerta daiteke gauez ferula babesle bat erabiltzea.

Karpoko tunelaren sindromea

Bizimodu modernoak ekarritako aldaketeek egunetik egunera arruntago bilakatu dute gaitza. Menopausia osteko emakumeak sufritzen zuten batez ere (gizonezkoek baino hamar aldiz gehiago, mediku literaturan esan izan den bezala). Gaur egun, ordea, ordenagailu, bideo-joko eta antzekoen gehiegizko erabilerak orain arteko estatistikak hankaz gora bota ditu, eta gaixotasun profesionalen artean sailkatzeko eskatu dute zenbait adituk.

Arrazoiak

Eskumuturraren parean hezurrek eratzen duten espazioaren estugunea besterik ez da. Karpoko kanala edo tunela izenarekin ezagutzen den tarte horren barruan nerbio medianoa doa; erpuruari, hatz erakusleari eta luzeari eta hatz nagiaren erdiari mugikortasuna eta sentsibilitatea ematen dien nerbioa, hain zuzen ere. Nerbioa estutu eta konprimitzean, hatzetako mina eta zurruntzea agertuko dira. Estugunea gertatzeko kausarik usuenak likidoei eustea, gehiegizko pisua eta hipotiroidismoa eta diabetesa dira, besteak beste (hori zioen, behintzat, tradizioak). Gaur egun, ordea, keinu jakin batzuk behin eta berriz errepikatzeak mina abiaraz dezakeenez, arrazoi gehiago kontuan hartu beharko litzateke patologia sortzaile gisa.

Sintomak

Hatzetako kilima moduko sentsazioa; gogordura; hatzak hozminduta eta sorgor nabaritzen dira; eskumuturreko mina; baita esku-ahurrekoa eta besaurrekoa ere batzuetan. Eguneroko bizimoduan, gauzei eusteko zailtasuna edo ezintasuna ohikoa izaten da.

Zer egin

• Neurri aringarri moduan, komeni da erasandako zona euskarri edo ferula batekin immobilizatu eta babestea eskumuturra mugi ez dadin, izotza aplikatzea hantura jaisteko, zona horretan masajeak ematea eta luzatze-ariketak egitea.

• Mina arintzeko, antiinflamatorioak erabiltzen dira. Kasu larriagoetan kortikosteroideak injekta daitezke eskumuturrean.

• Mina desagertzen ez bada, eta sintomak oso jasangaitzak badira, tunelaren sabaia osatzen duen eta nerbio medianoa estutu edo zanpatzen duen lokailua moztu egin beharko da kirurgia erabiliz.

Kako moduko hatzak

Eskuko hatz jakin batzuetako tendoien hantura da. 40 urtetik gorako gizonezkoetan agertzen da, batez ere.

Arrazoiak

Eskuko hezurren etengabeko marruskadurak tendoien hantura dakar ezinbestean. Tendoi horiek inguruko egitura anatomikoetara atxikitzen dira luzarora. Gaitz usua da mugimendu errepikatuak egiten dituztenengan (gidari profesionalak, txirrindulariak, tenislariak...).

Sintomak

Mina nabaritzen da hatzen oinaldean, baina behin hatza tolestu ondoren berriro luzatu eta zabaltzeko ezintasuna da zeinurik bereizgarriena.

Zer egin

Hantura-kontrakoak hartu, eta hatzaren oinaldean esteroide-infiltrazioak egin. Kasu larrietan, tendoia askatzeko ebakuntza kirurgikoa egin beharko da.

Ordenagailua ote da errudun nagusia?

Gaur egun ez dago zalantzarik, eta aditu gehienak bat datoz ordenagailuko teklatuarekin eta saguarekin egindako mugimendu errepikatuek artikulazioetako gaitz horien sintomak areagotzen lagun dezaketela. Zer egin, beraz, min eta sorgortasun horiei aurrea hartzeko?

• Erlaxatu eskumuturra. Eskumuturra denbora luzean postura behartuetan edukitzea saihestu beharko litzateke. Lanbideak horrela eskatzen duelako mugimendu errepikatuak egin beste erremediorik ez dagoenean, berriz, tarteka atseden hartu eta hatzak beste postura egokiago batzuetara eramango dituzten ariketak egitea litzateke gomendagarriena.

• Mahaiaren gainean. Teklatua erabiltzean besaurreak mahaiaren gainean ondo bermatu, eskumuturra ahalik eta erlaxatuena edukitzeko.

• Eskumutur-euskarria. Ordenagailuaren aurrean denbora luzez aritzeko teklatuaren beheko aldean jarri ohi diren kuxin modukoak saltzen dituzte. Baliagarriak dira postura behartuak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.