ATZEKOZ AURRERA

Eskulanaren benetako balioa

Gasteizko Gabonetako Artisautza Azokak Euskal Herriko eta nazioarteko artisauen lanak batzen ditu. Artisauen arabera, bezeroek eskulana errespetatzen dute, eta artisautza «gertukoa» dute.

Artisauek produktu bakoitzaren gaineko azalpenak ematen dizkiete bezeroei; esate baterako, nola egiten duten artilezko bufanda bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Kolore gorriz, berdez, urdinez eta morez egindako bitxiak. Ilustrazio linealekin osatutako laminak, koadernoak eta agendak. Egurrez eginiko karrakak, hegazkinak eta txotxongiloak. Guztia, eskuz egina. Eskulangileak eta bezeroak hizketan dabiltza. Ilustratzaile bat bere marrazkien inguruko azalpenak ematen dabil bere postura gerturatu berri den gazteari. Xaboi naturalak egiten dituen artisauetako batek ere produktu bakoitzaren xehetasunak ematen ditu. Izan ere, eskulangileen erakusleiho bihurtu da Gasteizko Probintzia Plaza beste urte batez. Gabonetako Artisautza Azokaren 23. aldia da aurtengoa, eta lanak ikusgai egongo dira bihar arte.

Karpako ate nagusitik sartu bezain laster ikusten da bertako zorua estaltzen duen alfonbra gorria. Artisauek egiten duten lana goraipatzeko adierazle izan daiteke. Eskuinaldeko lehen postuan bitxiak daude, eta bertan da Digna Reyes bitxigilea. Bartzelonan tailer txiki bat du, eta bertan egiten ditu belarritakoak, lepokoak eta eraztunak. Urrea eta zilarra albo batera utzi, eta bitxigintza garaikidea egiten du: «Bitxigintza tradizionaleko teknikak oinarri hartu, eta material berritzaileak erabiliz egiten ditut bitxiak». Piezak eskuz egiten dituenez, horietako bakoitza egiteko ordu erdi behar izaten du.

Ana Oregi gasteiztarrak aitortu du bitxiak maite dituela. Lagun batekin gerturatu da azokara, eta bertako korridoreetan barrena dabil zer edo zer aurkitu nahian. «Urtero etortzen naiz azokara, eta beti erosten dut zerbait; belarritakoak, eraztunak eta txapelak erosten ditut, apaintzeko gauzak», adierazi du. Artisauek egiten dituzten lanak asko gustatzen zaizkio.

Artilez eginiko txapelak, bufandak, lepokoak eta loreontziak dauden postu batera hurbildu da Oregi. Miren Unzurrunzagak feltro hezearen teknika erabiliz eginiko lanak dira. «Lehenengo, artilea xaboiarekin nahasten dut ur berotan; masaje baten bidez gogortu ostean, aukera ematen du gauza zenbait egiteko». Azalpenak eman bitartean, bezeroei txapel bat edo beste gomendatzen dabil. Besteak beste, artilearekin ez ezik, alpaka ilearekin eta zetarekin egindakoak ere badira. Gehitu du txapeletako bakoitza egiteko lau ordu inguru behar dituela, eta haietako bakoitza «bakarra» dela.

Artisaua, «errespetatua»

Reyesen eta Unzurrunzagaren arabera, azokara etortzen den jendeak «gertukoa» sentitzen du artisautza. Bitxigileak adierazi duenez, joaten direnek «errespetuz» jokatzen dute, eta igartzen da eskuz eginiko ekoizpena nahiago dutela. Unzurrunzagak bere hitzak berretsi ditu: «Konturatu naiz produktuak ikustera hurbiltzen direnek eskulanak egiten dituztela; haietako bakoitzaren prozedura azaldu ostean aintzat hartzen dute egiten dugun lana».

Korridoreetan aurrera egin, eta txalaparta txikiak egiten dituen artisau batekin egiten dute topo bisitariek. Igor Unanue Eibarkoa da (Gipuzkoa), baina badira 25 urte Bernedon (Araba) bizi dela. Lepoko baterako lauburu bat egiten ari da, eta jakinarazi du artisau batek bere lana «ondo pentsatuta eta atalka» egin behar duela. Baina onartu du «zaila» izaten dela produktua saltzea. Ekoizpena izan du gogoan: «Prezioak ezin dira eskandalagarriak izan; era arin batean ekoiztu behar da ordaingarria izateko». Unzurrunzagak, ildo beretik, aipatu du lan esfortzuaren eta salmenta prezioaren artean «oreka» bilatzen saiatzen direla eskulangileak.

Bezeroak, bestalde, prest daude eskulanengatik ordaintzeko. Areago, azaldu dute era horretako azokek aukera berriak eskaintzen dituztela. «Betiko komertzio ereduaren irtenbidea da artisautza azoka», aldarrikatu du Oregik. Metro gutxira du Aitor Narbaez. Belarritako batzuk erosi berri ditu familiako kide batentzat, eta, lehen begi bistan garestiak iruditu baldin bazaizkio ere, ondoren aitortu du jakin beharra dagoela ikusten zer lan dagoen atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.