Telebistak, arropa, oinetakoak, etxeko tresnak, ordenagailuak, lanparak, sofak, jostailuak... denetarik topa liteke Gasteizko Badaia kaleko 25. zenbakian dagoen Kide Emausen bigarren eskuko dendan.
Materialak berrerabiltzea bultzatu asmoz, Emaus kooperatibaren barnean dagoen Kide Emaus S.L. elkarteak, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, etxeko objektuen bilketa programa pilotua jarri zuen martxan joan den abenduan.
Hiritarrek tresnak dendara eraman ditzakete, baina gainera, 945-20 00 20 telefonora deituta, etxeraino dohainik joaten dira Emausekoak materialen bila. Bilketa egin ondoren, garbitu, egokitueta berreskuratu egiten dituzte produktuak, dendan salmentan jarri aurretik. Euro batetik hasi eta 10 eurora bitarteko prezioan, denetarik eros liteke, «modu onean, ingurunea zainduz eta kontsumo basatiari aurre egiteko materialak berrerabiliz», Beatriz Salazar zerbitzuaren arduradunaren arabera.
Proiektuan parte hartu duten 700dik gora gasteiztarrek eramandako materialen artean, gehiena jantziak izan dira, ondoren etxeko gailu elektroniko eta elektrikoak, etxeko hornidura materiala %24 izan da, eta %10 altzariak. «Otsaila bitartean egindako bilketaren arabera, jasotako kopuruaren %33 arropa izan da, aulki eta mahaiak ere dezente ekarri dituzte», arduradunaren arabera. Salmentei dagokionean, jantziak eta liburuak izan dira orain arte produktu salduenak.
Bildutako produktuei bigarren bizitza bat ematen saiatzen dira, eta beren konponketa ezinezkoa bada, «Gasteizko Gardelegi zabortegian dagoen puntu berdera edo Bizkaiko birziklatze gunera bideratzen dugu materiala».
Hiriko egitasmo aitzindariak sei hilabete iraungo du martxan, ekainera bitartean, baina «orain bezalako arrakastarekin jarraitzen badu, aurrerantzean ere zerbitzua eskaintzeko prest izango ginateke», Salazarrek argitu bezala. Irabazi asmorik gabeko enpresa izanik, euren enpresa bizirik mantentzeko baliatzeaz gain, jendarteratzeko arazo gehien dituzten pertsonengana zuzenduko dira proiektu honetan lortutako irabaziak.
21 lanpostu
Proiektu honen bidez, material birziklatuaren aldeko erabilera bultzatzeaz gain, bi urtetik gora langabezian zeuden edo lan munduan sartzeko zailtasunak zituzten 21 pertsonei lana eskaini die Kide Emaus S.L.-k. Dendaz gain, Europako Funtsak finantzaturiko eskulan tailerrak ereeskaintzen ditu sozietateak, bertan berritzen dira salmentan jartzeko tresna zaharkituak.
Material birziklatuen erabilera geroz eta gorago doa, «etorkizuna ere bide horretatik ikusten dut. Jendea bigarren eskuko materialak erosi eta erabiltzera ohitzera sentsibilizatu beharra dago. Egoki birziklatuz, inguruneari ahalik eta kalte gutxien eragiteaz gainera, guztion eskura jarri ditzakegu albo batera utzitako materialak», Salazarrek arrazoitu duenez.
Eskuz eskuko salmenta
Materialak berrerabiltzea bultzatzeko asmoz, proiektu pilotua abian du Gasteizko Kide Emaus elkarteak; ekainera bitartean izango da martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu