Euskal Herria, zerriek ikusita. Horra Bertrand Dezoteux baionarrak Txerri bideoan proposatzen duena. Irisarrin grabatu zuen, hango biztanleen laguntzarekin, eta Nafarroa Behereko herri horretan erakutsiko du gaur. Filmaren inguruko jaia egingo dute.
Irisarrira helduriko zerri bikote baten ingurukoa da filma. Espaziotik-edo datoz zerriok, zuzendariaren arabera, eta, haien bitartez, beste modu batean ikus ditzakegu Euskal Herriko bizimodua eta usadioak. «Zerrien begiek gizakion begiekin antza dute», dio Dezoteuxek. «Horrekin jostatu nahi izan dut, antropomorfismoan erori gabe». Zerriak baserrietan izaniko garrantziaz hausnartu du zinemagileak filmaren bidez. 3D animazioa erabili du, baina baita herriko biztanleak ere, aktore ez-profesional gisa. Folklorearen eta kulturaren arteko harremanen inguruko hausnarketa gisa ere ikus daiteke lana, egilearen aburuz. Dezoteux 1982an jaio zen, eta zientzia-fikzioa eta dokumentala nahasten ditu. Euskal Kultur Erakundeak zinemagile gazteen egitasmo berritzaileak laguntzeko antolaturiko Hogei'taegitasmoaren bultzada izan du Txerri lanak. Gaurko ekitaldian, filmaz gain, azken muntaketan ikusten ez diren irudiak eta filmaketakoak emango ditu. Parisko Beaubourg zentroan erakutsiko dute lana, urtarrilaren 27tik otsailaren 12ra, Le Silence des Bêtes erakusketaren harira.
'TXERRI'
Noiz. Gaur, 17:00etan.
Non. Irisarriko Ospitalean.
Espazioko zerriak Irisarrin
Bertrand Dezoteux bideogileak sorturiko 'Txerri' lana ikusi ahal izango da gaur grabaturiko lekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu