Komunikazioa. Martin Juanena. Aralar irratiko esataria

«Espero dut gaztetxoak ere irrati mundura erakarriko ditugula»

Lekunberriko Aralar irratiak emisioak hasi zituela hogei urte bete ziren joan den astean. Eskualdeko 24 herri eta 3.500 lagunengana iristen da Juanenaren ahotsa goizero.

urtzi urkizu
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
30 urtez baserritar munduan aritu ostean, irrati munduan hasi zen duela hogei urte Martin Juanena (Astitz, Nafarroa, 1959).

Nola ospatu duzue Aralar irratiaren 20. urteurrena?

Larunbatean egin genuen jaialdia, kultur hilabetearen barnean. Goizean, herri kirolak izan ziren; gero, bazkaria, bertsolariak eta trikitilariak. Egun ederra izan zen, beroa. Nafarroako euskarazko beste irrati batzuen lagunak etorri ziren.

Hogei urte euskaraz aritu izanak herritarrek eskertuko dute, ezta?

Bai, asko eskertzen dute. Hainbeste oztopo jasotzen ditugu euskara maite dugunok... 10:30etik 14:30era aritzen gara astegunetan. Lekunberrin euskara garai batean galdu zuten batzuek ere berreskuratu, eta irratia entzuten dute. Iruditzen zait duela hogei urte Aralar irratia sortu zutenek bete-betean asmatu zutela.

Frekuentzia gorabeherekin ba al duzue arazorik?

Ez, zorionez, guk ez dugu horretan arazorik. Hamar urterako lortu berria dugu frekuentzia. Baina irratia zahartu egin zaigu, eta diru pixka bat gastatu beharko dugu. Tresnak hobetu behar ditugu, eta ez gaude garairik hoberenean.

Irrati batzuetan talde handiak behar izaten dituzte lau ordu betetzeko. Aralar irratian, berriz, zu bakarrik aritzen zara lau orduz. Nola moldatzen zara?

Ohitu egiten zara horretara, eta entzuleek ulertzen dute gauzak nola diren. 24 berriemaile ditugu eskualde guztian, eta egunero sartzen da norbait. Telefonoz ahots asko sartzen dira. Horregatik ez da hain aspergarria egiten gizon bakarra ordu horietan entzutea. Moldatzen gara behintzat.

Informatu eta entretenitu egiten duzue goizero. Euskal musikak ere bere lekua izaten du, ezta?

Bai, gainera, euskal diskoetxeek bidaltzen dizkigute diskoak promozioa egiteko. Disko asko ditugu hemen. Lehentasuna euskal musikari ematen diogu. Zorion agurretan izarra urteetan Kaxianoren Zorionak kanta izan dugu. Azkeneko laupabost urteetan, berriz, Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut asko eskatu digute jartzeko.

Goizeko saioaz gain ba al duzue aukerarik saio gehiago egiteko?

Probatxoak ostiral arratsaldean egiten dira. Gazte bat aritzen zen horretan, eta orain Internet bidez ari da saio bat egiten. Edonola ere, irratia zabalik dago saioren bat egin nahi duenarentzat. Hemendik gutxira gazte zentrora eramango dugu irratia, eta pentsatzen dut hor jende berria animatuko dela zerbait egitera. Abantailak izango ditugu lokal berrian.

Zuena bezalako irrati txikien egiteko moduari eutsiko zaiola iruditzen zaizu?

Irrati mota hau maite zuten lagun asko hil zaizkigu. Pentsatzen dut aldaketak etorriko direla eta beste modu batera egin beharko dela irratia.

Garai batean batzuk aipatzen zuten irratigintza amaitzear egon zitekeela, baina gaur egun irratia laguntzat du jen de askok.

Bai, hori ez da aldatzen. Irratiak badu zerbait berezia. Jendea etxean bere gauzak egiten ari da, eta irratiak laguntzen ditu. Irratia bizirik egongo da beti, edozer berria etortzen dela ere. Eta euskaraz irratia egiten jarraitu beharko dugu. Ni itxaropentsua naiz, egungo neska-mutiko gehienek euskaraz ikasten baitute. Eta espero dut gazte horiek ere irrati mundura erakarriko ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.