Datorren asteko estreinaldiak

Espioitza generoaren alderik ganberroena

Lehenengoaren arrakasta handiaren ostean, bigarren 'Kingsman' egin du Matthew Vaughn film zuzendari britainiarrak

Channing Tatum eta Halle Berry aktoreak, filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2004an Layer Cake lehen film luzea egin zuenetik, kultu zuzendari bihurtu zen Matthew Vaughn. Hortik aurrera, kalitatea eta kultura garaikidea uztartzeko abilezia berezia erakutsi du zinemagile britainiarrak bere film guztietan: Stardust, Kick-Ass edota X-Men. Nolanahi ere, Vaughnen benetako kontsakrazioa 2014an ailegatu zen, Kingsman: The Secret Service filmarekin. Espioitza generoaren parodia bikain hori, oso kritika onak jasotzeaz gain, arrakasta komertzial handia izan zen, 400 milioi dolar (333 milioi euro) bildu baitzituen. Dena den, bigarren hau ez omen da arrakasta horren ondorioa, Vaughnek hasieratik buruan baitzuen istorioari segida ematea.

Berez, Kingsman-en istorioa komiki munduan oso ezagunak diren bi pertsonaren lanean oinarritzen da, Mark Millar eta Dave Gibbons. Besteak beste, Kick Ass-en egilea da lehenengoa, eta Watchmen-ena bigarrena. Hala ere, lehen Kingsman bikotearen eleberri grafikoetan oinarrituta bazegoen ere, bigarren honetan guztiz istorio originala garatu du zuzendariak.

AEBetara bidaia

Lehen pelikulan, Kingsmanen egoitza nagusia guztiz txikituta gelditu zen, eta Colin Firthek egiten zuen Harry Harten pertsonaia, hilik. Bigarren honetan, Eggsy eta Merlinek AEBetara jo beharko dute, eta han bertako agente sekretuekin bat egin. The Statesman izeneko erakundea osatzen dute, eta ezaugarri komun bat dute, denek edari alkoholdun bat dute goitizentzat. Laster, britainiar eta estatubatuarren artean liskarrak sortuko dira, baina lan egiteko molde diferenteen gainetik, biek ala biek bat eginen dute etsai baten kontra, Poppy izeneko pertsonaia arriskutsua.

Kingsman: The Golden Circle-k jakin-min handia piztu du, eta azken hilabeteotan asko izan dira film honen inguruan zabaldu diren mota guztietako zurrumurru eta esamesak. Horien guztien artean, galdera bat izan da nagusi: berriro ere egonen da Colin Firthen pertsonaia Kingsman taldekideen artean? Erantzuna baiezkoa dela dirudi; izan ere, pelikularen trailerretako batean hura agertzen zen.

Firth egon ala ez, ukaezina dena da Vaughnek aktore talde inportantea bildu duela proiektu horretarako. Lehenengo pelikulako Taron Egerton eta Mark Frostekin batera, Jeff Bridges, Halle Berry, Julianne Moore eta Chaning Tatun daude istorio berrian.

Horiekin guztiekin batera musikari ospetsu bat ere bai, sir Elton John. Lehenengoan agertzekoa zen kantaria, baina, eszena bat filmatu ostean, muntaketa mahaian haren rola desagertu zen. Oraingoan bai, Kingsman taldearen ondoan agertuko da.

'KINGSMAN: THE GOLDEN CIRCLE'

Zuzendaria. Matthew Vaughn.

Aktoreak. Taron Egerton, Julianne Moore, Halle Berry, Mark Strong, Jeff Bridges, Channing Tatum.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2017. Iraupena. 123 minutu.

Generoa. Akzioa. Abentura.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.