Norbera dena eta nondik datorren hobeto ulertzeko ezinbestekoa izaten da bidaiatzea, beste kultura eta pentsaera duen jendea ezagutzea. Horrek errealitatea ulertzeko beste ikuspegi bat ematen du; beste batzuenbegiekin ikusteko ahalmena. Halaxe zioen Mikel Essery bidaiari porrokatuak. Haren omenez urtero egiten den bidaia kontakizunen lehiaketa abian da jada; aurten hirugarrenez egingo dute.
Mikel Esseryk hainbat bidaia kontakizunetan, artikulutan eta editorialetan bidaiatzeak zer esan nahi duen jaso du, eta espiritu horrekin bat datozen bidaia kronikak eskatzen dituzte lehiaketan.
Haren lagunek antolatu duten bidaia kronikaren webgunean, Esseryren bidaiatzeari buruzko hainbat hausnarketa gogoratu dituzte: «Bidaia ez da bakarrik herrialde edo eremu jakin batek eskaintzen dizkigun paisaien arteko ibilbide soil bat. Bidaiak, gauza ororen gainetik, beste pentsamolde batzuekiko begirunea eta interesa erakutsi behar ditu».
Bidaiari bakoitzaren esperientziatik abiatuta, beste errealitate sozial eta kulturaletara hurbiltzen diren kontakizunak bilatzen dituzte antolatzaileek: «Ezagutza ekartzen diguten begiradak nahi ditugu, beren bilaketa eta topaketen bidez harridura sorrarazten digutenak. Norberaren ikasketa eta aberastasunera bultzatzen duten bidaien narrazioa», azaldu dute www.mikelmunduan.net webgunean.
Baldintzak
Lehiaketan parte hartutako kontakizunak beste lehiaketa batean saririk jaso gabea izan behar du. Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galizieraz edo ingelesez idatzita egon beharko du, eta 6.000 hitzeko luzera izango du gehienez.
[email protected] helbide elektronikora bidali beharko dira lanak, maiatzaren 1a baino lehen. Egilearen datuak eta harremanetarako zenbakia ez ezik, egilearen biografiari buruzko xehetasunak eta egilearen blogari eta webguneari buruzko aipamena ere egin daiteke. Horrez gain, idazlearen ustetan kontakizunarentzat aberasgarria izan daitezkeen agiri grafikoak erantsi ahal izango dira, hala nola mapa, argazki edo irudiak.
Pertsona adituek osatuko dute epaimahaia, nahiz eta epaia eman arte pertsona horien nortasuna ez den jakinaraziko. Maila guztietarako lehen sari bakarra emango da: nazioarteko bidaia bat egiteko eskubidea. Finalera ailegatzen diren lanentzako ere beste sari batzuk egongo dira, baina horiek aurrerago zehaztuko dira.
Epaimahaiaren erabakia, urtero egiten den legez, azaroaren bigarren asteartean helaraziko dute. Hirugarren aldi honetan azaroaren 8an emango dituzte aditzera irabazle eta finalisten izen-abizenak.
Epaimahaiaren iritziz kalitate mailarik handiena duten kontakizunekin liburuxka bat argitaratuko dute. Bidaia kronikaren webgunearen bitartez egin daiteke lehiaketaren jarraipena. Aurreko urteetako garaile eta finalisten kontakizunak irakur daitezke webgunean, baita Esseryren bizitzaren eta haren bidaiatzeko espirituaren xehetasun gehiago jaso ere.
Ander Izagirre idazle donostiarrak eskuratu zuen iaz lehengo saria, Groenlandiara eginiko bidaiaren kontakizunarekin. Askorentzat ezezaguna den uharteko biztanleen bizimodura hurbildu zen Izagirre Groenlandia Cruje kontakizunaren bitartez. Zibilizazioak Groenlandiako biztanleengan izan duen eragina erakutsi zuen Izagirrek.
Esseryren bidaiatzeko espiritua
Mikel Essery bidaia gidaria Yemenen hil zuten, atentatu batean, beste zortzi lagunekin batera. Haren bidaiatzeko espiritua jasotzen duen bidaia kronika lehiaketaren 3. aldia abian da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu