Turistez bete da egunotan Iruñeko Alde Zaharra. Iruindarrek hiria utzi dute sosegu bila, edo, besterik gabe, beste toki batzuk ezagutzeko asmoarekin. Bisitariek, gainera, eguraldia lagun izan dute, ez du kasik euririk bota, eta hiria lasaitasunez ikusteko parada izan dute. Atzo, Pazko bigarrena, oporren azken eguna zuten askok. Donejakue bidea egiten ari ziren erromesak, ohiko turistekin edooporretara joan ez diren iruindarrekin nahasten ziren karriketan.
Udal plazan, Merkaderes kalean eta Estafetan zegoen mugimendu gehien. Egunak aurrera egin ahala jendearen joan etorria handitzen joan zen, batez ere eguerditik aurrera.
Goizeko lehen orduan, 09:00etan, inor gutxi zebilen Alde Zaharreko kaleetan. Txakurra paseatzera atera duen amona, egunkaria erosi eta mendira egun pasa doan iruindarra, eta turista bakan batzuk, gehienak, erromesak. Alde Zaharreko Jesus eta Maria aterpetxea utzi berriak, bizkar-zorroa gainean, makila eskuan eta kapela buruan, Merkaderes kaletik barna bideari ekiteko prest zihoazen erromesak. Donna Clark, 65 urteko estatubatuarra, Udal Plazako eserleku batean Udaletxearen aurrekaldea begiratzen ari zen. Donejakue bidea egitera etorria, Orreagako bidea hartu aurretik hiria ezagutu nahi zuen. «Asteazkenean hasiko naiz Donejakue bidea egiten. Aurretik Iruñea ikusi nahi dut, oso lasaia eta polita iruditu zait. Hori da gehien estimatzen dudana, lasaitasuna». Beste estatubatuar asko bezala, Nafarroako eta Iruñeko berri Ernest Hemingwayren liburuak irakurriz izan duela zioen. Alde Zaharreko mapa eskuan, sanferminetan zezenek egiten duten ibilbidea begiratzen ari zen. «Badakit hemendik igarotzen direla eta Estafetan gora igotzen direla. Zerbait hartu bidenabar, oinez eginen dut ibilbidea».
Baina erromesak ez eze, oporren azken eguna oroigarriak erosteko baliatu zuten turista bat baino gehiago ere bazebilen Estafeta kaleko dendetan. Joan eta Jaume Ripoll anai kataluniarrak Iruñeko oroigarriren bat erosi eta Bartzelonarako bidea hartzekoak ziren. Lehenago zerbait hartuko dugu Estafetan. «Lau egun pasa ditugu Iruñea eta inguruko tokiak ezagutzen. Tragoxka bat edan, zerbait jan, eta bagoaz».
Goizak aurrera egin ahala, Estafetako tabernak girotzen joan ziren baina ez aurreko egunetan bezala. «Jendeak lana du bihar eta turistak badoaz. Egunotan ongi lan egin dugu. Turista franko ibili da, eta pozik gaude, baina gaur mugimendu gutxixeago dago», zioen Igor Etxepare La Granja tabernako zerbitzariak.
Baina, aipatu gabe ere, kaleko tabernari eta dendarien ahotan krisi hitza zebilen hitzetik hortzera. «Jendea ibili da. Ez gara geldirik egon, baina krisia nabaritzen da. Ez da lehen bezala saltzen», zioen Ernesko Lareki Estafeta oroigarri dendako jabeak. Turistak izan ditu bezero ere kaleko txurro denda bakarrak. «Jendea badabil kalean, baina gutxiago gastatzen du. Asko trago bat edan edo mokadutxo bat hartzen ez duten ibiltariak dira», zioen Patrizia Garcia dendariak etsituta. Beraz, Alde Zaharrean jende prozesioa bai baina diru mugimendu gutxi.
Estafetako prozesioa
Done Jakue bidea eta Ernest Hemingwayren idatziak turistak Iruñera gehien erakartzen dituzten osagaiak dira. Bizi-bizi egon da Alde Zaharra egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu