Kazetaritzan lizentziaduna da Kattalin Miner (Hernani, Gipuzkoa, 1988). Kezkaturik dago publizitateak ematen duen emakumeen irudiarekin.
Genero aldetik zer estereotipo agertzen dira gaur egungo publizitatean?
Oso markatua dagoen estereotipo bat emakumea ama eta etxekoandre moduan aurkezten duena da. Produktu askori eragiten dio horrek: garbiketakoak, jakiak, etxeko produktuak... Bestetik, emakumeari eskatzen zaio betiereko edertasuna, eta hor kosmetikak indar handia du. Halaber, emakumearen osasuna problematizatua agertzen da. Emakumea gaixotasun bereziekin ageri ohi da, hemorroideak eta horrelakoak.
Auto garestiak, lurrinak eta luxuzko produktuak emakumezko modeloak lagunduta agertu izan dira. Aldaketarik egon al da alor horretan azkeneko urteetan?
Aldaketak egon badira, oso sotilak izan dira. Oso gutxitan ikusten ditugu aldaketa apurtzaileak. Gizartearekin eta sistemarekin ispilu joko batean dago publizitatea, estereotipoak mantenduz.
Zer ondorio dituzte estereotipo horiek iritzi publikoan eta gizartean?
Kontuan hartu behar da estereotipo horiek ez direla kasualak. Publizitatearen helburua da estereotipo horiekin gure bizitzeko modua eta, batez ere, emakumeen rola bere horretan mantentzea. Aldatzen bada ere, beti aldatuko da kontsumo beharrei erantzunez. Gizartea aldatzen doan heinean, publizitatea moldatuko da aldaketa horietara, baina beti bere kontsumo beharren interesei egokituta. Errotik aldaketarik ez da gertatuko.
Herritarren artean sumatzen al da publizitate sexistaren inguruko kezka?
Askorik ez. Noizean behin agertzen da kasu eskandalagarriren bat. Baina sotilki sexismoa denbora guztian dago telebistan. Ez da modu esplizituan esaten; hor dago, eta kito. Eta horretara oso ohituta gaude. Publizitate sexista hain normalizatua dago, jendeari ez zaio kezkagarria iruditzen.
Mugimendu feministak indar gehiagoz salatu beharko luke egoera?
Mugimendu feministak beti egiten du salaketa kasu asaldagarriren bat dagoenean. Baina mugimendu feministak gauzak errotik aldatzera jotzen du. Garrantzitsuagoa da feministentzat planteatzea zergatik dauden estereotipo horiek, nola baldintzatzen gaituzten eta gizartea bera aldatu behar dela.
Erotismoa ere saltzen du publizitateak. Baina nolako erotismoa?
Erotismoa nire ikuspegitik ez da gauza txarra zerbait saltzeko. Kontua da zer begiradarentzat dagoen bideratua erotismo hori eta zer rol hartzen duen emakumeak. Normalean emakumea pasiboa da, eta ez du rol aktiboa jokatzen erotismo horretan. Ondorioz, erotismoaren inguruko mezu zehatz bat zabaltzen dute iragarkiek.
Interneteko publizitatean ba al da alderik telebistakoaren aldean?
Internetek daukana da erabiltzaileak aukeratzen duela non sartu eta zer ikusi. Hor publizitate sexista eta matxista are eta lotsagabeagoa da, inolako kontrolik gabe egiten baita.
Leioako jardunaldien aurreneko egunean publizitateaz aritu zineten. Atzo, berriz, bideo jokoak izan zituzten aztergai. Bideo jokoetan ere estereotipoak errepikatzen al dira?
Dudarik gabe. Bideo jokoak ez dira zerbait alternatiboa. Gizarte patriarkal honen ereduak errepikatzen dira. Gainera, mutilentzako espazioa da, eta emakumeen presentzia txikiagoa da.
Hezkuntza sistemak egin al dezake zerbait gai hauen inguruan?
Hezkuntza sistemak tresna batzuk eman behar dizkie ikasleei, adi egoteko. Gizartea orokorrean hezi behar da, iragazki eta irizpide feminista batzuk izan ditzan. Gurasoek ere egiteko zaila dute, jostailu neutrorik ia ez baitago, eta haurrek hedabideetatik asko edaten baitute.
Komunikazioa. Kattalin Miner. Medeak taldeko kidea
«Estereotipoek emakumearen rola mantentzea dute helburu»
'Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan' jardunaldiak egin dituzte egunotan Leioako EHUko campusean. Minerrek publizitateko estereotipo sexisten inguruan hitz egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu