Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako arropa marka batzuek tamaina ezberdinetako modeloak nahasten hasi dira euren kanpainatan. Neurri handiagoko arropak erabiltzen dituztenak argalagoekin batera, alegia. Joera horren adibide bat: Erresuma Batuko Primark enpresak fisiko oso ezberdinetako modeloak jarri ditu kanpaina berean, barneko arropa eta pijamak saltzeko. Erabiltzaileen ustez, enpresek diru sarrerak handitzeko duten gogoa dago erabakiaren atzean. Baina erabaki horiekin ez daude oso baikor Ana Goitia kazetaria —neurri handiko arropei buruzko elrincondeanatxu.com blogarekin arrakasta handia lortu du duela hamar urtetik hona—, Lupe Carrasco Donostiako Ponpoxita neurri handiko arropa dendaren jabea eta Aitziber Garciatamaina handiko arropen erabiltzailea—denda bateko Facebook orrialderako argazkietan agertu ohi da—. Hirurek nabarmendu dute gizartean asko dagoela egiteko.
Carrascori «oso ongi» iruditzen zaio marken kanpainetan neska lodiagoak agertzea, «beren kurba eta guzti». Baina ñabardura egin du: «Azaldu daitezela modeloak, kalean benetan daudenak bezalakoak. Zeren tarteka ageri ohi dira kurbak dituzten emakumeak, sekulako gorputza dutenak. Edonola ere, ez ditzatela neska argal-argalak atera». Goitiari «sekulako aurrerapausoa» iruditzen zaio tamaina ezberdinetako modeloak nahastuta agertzea, baina ohartarazi du Euskal Herrian ez direla halakoak askorik ikusten: «Kontuan hartu behar da neurri handiak behar ditugun herritarrak ez garela existitzen ohiko dendetan; eta, arropa baldin badago, gutxi izaten da, eta bereizita». Garciari ondo iruditzen zaio marken erabakia. Gizartean dagoen begiradarekin uzkur dago, ordea: «Edertasun kanonak egun direnak dira, eta konparazioak hor daude. Neurri handiagoak ditugunoi ez digute begiratzen 38 neurria dutenei bezain ongi».
Garciari iruditzen zaio marka batzuk negozioa ikusten ari direla neurri handietan: «Gorantz egin du, puri-purian dago, eta horretaz baliatzen ari dira». Carrascok, aldiz, ez du hori hain argi ikusten: «Askoz lehenago hasi beharko zuten. Nik hogei urte baino gehiago daramatzat neurri handiekin lan egiten, eta arropa aurkitzea ez da hain erraza». Neurri handiekin mugak egoten direla salatu du dendariak: «Hornitzaile batzuek esaten dizute: '52raino, eta kito'. Baina handiagoak behar ditugu, bezero batzuek 64 arteko neurriak baitituzte. Jende asko dago 52a bainoneurri handiagoa duena. Dendan denetarik izaten saiatzen gara, baina zaila izaten da». Euskal Herriko herri gehienetako egoera esaldi batean laburbildu du Goitiak: «Lekeition [Bizkaia] ez daukat arropak non erosi».
Neurri handiak erabiltzen dituzten emakume batzuek Interneten erosten dute arropa gero eta gehiago. Goitiak Internet bidezko denda bat zabaldu zuen duela urte batzuk, baina azaldu du ez zela saiakera erraza izan: «Nire bilduma propioa egin nuen Interneteko dendarako, hutsetik hasita. Gogorra izan zen. Oso ondo saldu zen, baina zer gertatu zen? Bilduma txiki bat zen, eta, garesti jartzen baduzu, jendeak ez du nahi. Gero, utzi egin behar izan nuen, denborarik ez nuelako. Baina hor ikusi nuen jendeak zer beharra duen neurri handiak erosteko». Kazetariak argi du tamaina handiko emakumeek ez dutela erraza izaten arropa topatzea. «Zerbait topatzen dugunean, berehala erosi egiten dugu. Hori ikusita, marka batzuek negozioa ikusi dute».
Arropa erakargarrien bila
Garciak, ildo beretik, arropa aurkitzeko izan dituen zailtasunak gogoratu ditu: «Gazteentzako arropa modernoa aurkitzea zaila izan da. Orain dela gutxi arte, neurri handiko denda batera joaten zinen, eta adinekoentzako arropa baino ez zeneukan». Goitia iritzi berekoa da: «Neurri handiko denda gehienetan adineko jendearentzako arropa egoten da. Forma gabekoak dira, eta nahiko garestiak». Bai Garciak eta bai Goitiak Interneten erosten dute sarri gustuko arropa. «Interneten aukera handiagoa dago», esan du Garciak. Arropa aurkitzeko arazoak izan ditzaketen gazteak Interneten erostera animatu ditu Goitiak: «Adibidez, denda ingeles batzuk daude arropa sarean saltzen dutenak. Interneten erosten dut ia dena, eta kaleko dendetan gutxi ibiltzen naiz. Jendea animatuko nuke proba egiteko, inolako zalantzarik gabe. Erositakoa etxean proba dezakezu, eta, gustuko ez baduzu, bueltan bidali».
Interneteko erosketekin uzkur dagoen jendea badago, ordea. Batera eta bestera mugitu behar izaten dute erabiltzaileek, neurri handiko arropa polita aurkitzeko. Garciari iruditzen zaio denda gutxi daudela eskaintza erakargarria dutenak: «Donostian hiru toki daude, eta, bestela, Gasteizera edo Iruñera joaten naiz. Barruko arropa aurkitzeko ere zail izaten dugu».
Donostiako Ponpoxita dendan, emakume gazteentzako adinekoentzako baino arropa gehiago dute, Carrascok azaldu duenez. «Arropa modernoa lortzen saiatzen gara, bezero gazteentzat. Bezero asko zalantzatiak dira; ez dute argi ikusten arropa ondo gelditzen zaien ala ez». Bezeroei aholkuak ematen urte asko daramatza Carrascok. «Emakume batzuk gehiago ausartzen dira beste batzuk baino. Udaberri-uda honetarako, adibidez, elastiko hori bat hartu dugu. Modan dago kolore hori, eta andreak ausartzea nahiko genuke».
Neurri handiko arropen erabiltzaile asko kexu dira prezioak garestiak direlako. «Dendariontzat ere ez dira merkeak», azaldu du Carrascok. «Kostuko preziotik salmentara, gure irabazia txikia da. Bestela asko garestitzen da arropa, berez garestia baita». Tailu batzuetako jantziak propio Alemanian erosi behar izaten dituzte. Garciaren iritziz, garrantzitsua izaten da dendariek emandako aholkuak entzutea. «Web batean ez duzu horrelako aholkularirik». Goitiak aitortu du Euskal Herrian dauden dendak saiatzen direla gero eta arropa modernoagoa eramaten. «Baina, aldi berean, kontuan izan behar da ez dituztela marka asko aurkitzen neurri handiak eskaintzen dizkietenak. Gutxinaka-gutxinaka doaz».
Kontzientzia hartu beharra
Carrascoren iritziz, azkeneko urteetan egoera aldatzen ari da tamaina handiko emakumeentzat. «Garai batean, tamaina horretako neska gazteak adineko emakumeak bezala jantzita ikusten zenituen. Aldatzen ari da hori, zorionez». Hala ere, aitortu du bidea dagoela egiteko. Garciari iruditzen zaio gorputz guztiek merezi dutela tratu bera: «Denok dugu eskubidea ondo janzteko, elegante edo modu ez-formalean. Nik, behintzat, ez dut ikusten neure burua iragarkietan islatuta».
Garciak nabarmendu du modelo curvy-ek lan garrantzitsua egiten dutela, eta ez zaiela nahikoa aitortzen. Goitiak eta beste blogari batzuek egiten duten lana ere goraipatu du. Goitia «moda erreala» gerturatzen saiatu da urteotan bere blogean: «Eguneroko arropa janzten dut bertan. Lanera, kalera edo paseora eramaten dudana da. Badakit zer den arroparik ez aurkitzea, eta blogaren bitartez lagundu egin nahi dut».
Goitiak uste du gizartean jendea oraindik ez dela jabetzen gaiaren garrantziaz: «Inguruan egoera horretan dauden pertsonak dituztenak konturatzen dira, hurbiletik ukitzen badie, baina, bestela, ez dago kontzientzia nahikorik». Espero du curvy-en moda ez izatea behin-behinekoa. «Nahiko nuke pentsatu kontzientziatzen hasi garela askotariko gorputzak daudela eta denok dugula eskubidea ondo janzteko, ondo sentitzeko eta arazorik gabe denda batera joan eta nahi dugun arropa erosteko». Hainbat hiritan neurri handiko aholkularitza eskolak ematen ditu Goitiak, eta honako esaldi hau errepikatu ohi du: «Garrantzitsua ez da zer neurri eramaten duzun, baizik eta hori nola eramaten duzun. Etekina ateratzea zure gorputzari».
Ponpoxita dendak argazki batzuetan traol hau erabiltzen du: #estiloakezduneurririk. Horrekin erabat ados dago Garcia: «Berdin du pertsona batek zer neurri duen: eskubide guztia dauka ondo janzteko». Eta gaineratu du: «Tamainak ez zaitu pertsona gisa definitzen».
Estiloak ez du tamainarik
Marka entzutetsu batzuek tamaina handiko arropa saltzeari ekin diote azkenaldian, baina erabiltzaileek eta dendariek ohartarazi dute bide luzea dagoela egoera hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu