Estreinaldia ziztu bizian

Iruñea bisitatu duten lehen aldian, Victoriano del Rio ganadutegiko sei zezenek aurtengo entzierrorik azkarrena osatu dute

joxerra senar
Iruñea
2010eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Orain arteko azkarrena. Victoriano del Rio ganadutegia Iruñera inoiz etorri gabe zegoen, eta, horrenbestez, ez zegoen inolako erreferentziarik haren zezenen portaeraren inguruan. Entzierro bakoitza desberdina bada ere, atzokoa ikusita, ziztu bizian lasterka egiten duten zezenak direla ematen du. Gorriak eta bi pasa zituzten lasterkariek eta joaldunek zezen horietako batzuen erritmoari eusteko. Atzo, behintzat, aurtengo sanferminetako entzierrorik lasterrena osatu zuten: bi minutu eta hamasei segundo. Normalean, entzierro azkarrak zauritu gutxiko lasterketak izan ohi dira, eta, atzo, ohiko erorketa eta kolpeez gain, ez zen zauri larririk izan.

Joaldunak aurretik atera baziren ere, Santo Domingo aldapan erdialdera, ezkerretik Desenvuelto zezenak anaiak eta joaldunak aurreratu eta plazaraino taldearen gidaritza hartu zuen. Bi minuturen bueltan egin zuen ibilbide osoa. Ikusgarria.

Udaletxe plazan eta Mercaderesen ez zegoen segundo bakar batez haren abiaduran korrika egiten zuen lasterkaririk, eta batek baino gehiagok ustekabeak izan zituzten gezi beltz hura gainera zetorkiela ikusita. Bihurgunea bera arrapaladan hartu zuen, eta ez zen erori. Bere izenak dioen moduan, trebezia handia erakutsi zuen.

Atzean, anaiak ere abiadura handian zetozen. Inguru horretan, erorketa baten ondorioz, 24 urteko espainiar gazte bat (J.J.G.) ospitaleratu zuten atzo sorosleek. Sorbaldan lokadura du.

Estafetara talde osoa sakabanatuta iritsi zen. Lehen tokian, Desenvuelto, atzerago, beste bi zezen, eta, ondoren, talde osoa. Estafetan gertatu ziren entzierroan hain ohikoak diren arduragabekeriak.

Lasterketa aurretik, bozgorailuetatik behin eta berriz lau hizkuntzatan hainbat aholku errepikatzen dituzte. Horietako bat da lurrera eroriz gero, zezena pasa arte lurrean egoteko. Askori, ordea, belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaizkie aholkuak. Estafetan, gorriz jantzitako korrikalari bat bi aldiz erori zen, eta bigarrenean altxatzerakoan, taldearen atzean zihoan zezenetako baten adarrak zentimetro eskas batzuengatik ez zuen ukitu. Estafeta erdian lurrean zen beste korrikalari bat altxatzerakoan zezenaren adarrek ezkerrera bultzatu zuten indar handiz. Biek zorte ona izan zuten.

Beste korrikalari batek ziztu bizian zihoan Desenvuelto-renaurretik gurutzatzeko arinkeria izan zuen. Ez zenez Usain Bolt, zezenak aurrean eraman zuen, baina, bere zorionerako, ez zuen bestelako ondorio lazgarririk izan.

Bozgorailuetatik errepikatzen duten beste aholkuetako bat da zezenak ez direla ukitu behar. Berdin dio. Hamaika korrikalari ikusi ziren zezenaren bizkar gainean eskua zutela. Pare bat korrikalariren eskuak gainean zituela, horrela sartu zen Desenvuelto plazara. Eskuinerantz jo bazuen ere, berehala zezentokietara zuzendu zen. Atzetik, beste bost anaiak.

Zezenek ez zuten inor adarkatu. Ibilbidearen azken tartean, kolpeen ondorioz, beste bi korrikalari ospitaleratu zituzten: J.A.S 29 urtekoa eta O.O.S. 28 urtekoa; biek ere kolpeak dituzte zangoetan. Hala ere, atzo ospitalera igorritako hiru gazteei senda agiria eman zieten arratsaldean.

Miurek arriskua ekarri zuten

Atzokoa baino entzierro arriskutsuagoa izan zen igandekoa, miurena. Ibilbidearen azken tarteansortu zen arriskua batez ere. Estafetaren amaieran, taldearen aurrealdean zihoan Cachero labaindu eta altxatzerakoan, adarrekin ezkerraldera modu basatian bultzatu zuen korrikalari bat. Telefonican, berriro labaindu zen, eta, atzetik zihoazen anaiek gailendu ostean, bakarrik geratu zen. Orduan, asmo txarrak erakutsi zituen, hainbat aldiz adarkadak joz. Korrikalari bat gutxigatik ez zuen harrapatu. Juan Mari Lekuona iruindarra, berriz, adarkatu zuen, eskuin izterrean. Horrez gain, joaldun batek altxatzen ari zen gazte bat aurrean eraman zuen, eta konorte gabe utzi. Horrek ere ez zituen gomendioak entzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.