Osasuna. Aro berriak. Psikologia

Estresak jota nago!

2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gure artean zabalduen dauden arazo psikologikoak antsietate inguruan sortzen dira. Psikologia eta psikiatria kontsultak ugaritu egin dira, eta, medikuntza orokorreko datuen arabera, lau kontsultatik bat hersturarekin eta horrek sortzen dituen seinale fisikoekin lotuta dago.

Herstura bizi izan dugu denok; sentsazio zehaztugabea, ezatsegina, beldurraren antzekoa da, eta sarritan nerbio sistema autonomoaren seinaleekin batera dator: buruko mina, izerdia, bihotz taupada nabarmenagoak, bularraldean pisua eta zapalkuntza, tripako mina eta digestio sistemaren molestiak, beherakoa, txiza egiteko beharra, eta haien gainetik, egonezina, geldirik egoteko zailtasuna, denbora luze batez eserita egoteko ezintasuna.

Pertsona bakoitzarengan sintoma talde bat jartzen da martxan, baina inoiz ez guztiak batera. Eta, horrez gain, haren sorrera, haren hasiera eta bukaera ez dira bat-batekoak, mailaz mailakoak baizik. Agertzen zaizkigun eta sufritzen ditugun sintomen aldaketek ere nahastu egiten gaituzte, zer gertatzen zaigun konturatzeko.

Baina zerk jartzen du martxan herstura? Izatez, antsietatea beharrezko mekanismo bat da, edozein mehatxuren aurrean gure gorputzak eta gure osotasunak egokitzeko eta gure bizitzari eusteko martxan jartzen dena. Iraupen mekanismo bat da, hain zuzen.

Baina zertan datza orduan mehatxua? Batzuek erraz egiten dutena beste batzuentzat gaitza eta estresagarria da; zergatik? Gure barnean sortzen direnak eta inguruak sortzen dituenak eta bion nahasketa pertsonek automatikoki eta subjektiboki antzematen ditugu. Errealitateak (pertsona bat ezagutzea, adibidez) eta horrekin batera gure errekurtso pertsonalak, gure defentsa psikologikoak, eta aurre egiteko barneko tresnei subjektiboki eragiten diegu. Desoreka, egonezina, urduritasuna erraz areagotzen dira gure barneko psikologia eta kanpotik antzematen ditugun beharrak bat ez datozenean.

Gehienetan, kanpotik bizi ditugun arazoak pertsonen artekoak dira, eta barrutik sortzen diren arazoak gure barne egituretan dagoen desorekan oinarritzen dira: gure desirak, beldurrak eta beharrak bat ez datozenean, adibidez.

Demagun sasoi latz hauetan lana galtzeko beldurra eta gure familiak aurrera ateratzeko beharra izanik gure gainetik dagoen arduraduna jasangaitza eta kritikoa dela. Hortxe gatazka psikikoak eta pertsonen artekoak batera nahastean ariko dira herstura eta estresa areagotzen. Seinale fisikoek sarritan barne eta kanpoko errealitateak seinalatzen dituzte, bai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.