Komunikazioa

ETB Sat kateak lau orduko kirol programazioa izango du egunero

Arratsaldetan txirrindularitzak izango du lehentasuna, eta gauetan denetariko eskaintza izango dute

urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
ETB4 kirol kate bihurtzeko ikerketa egin zuten duela hilabete batzuk, baina proiektuak ez du aurrera egin. Arrazoia ekonomikoa da, ez besterik. LTDko eskaintzan, ordea, ETB Sat katea ikus daiteke ETB4 heldu ezean. Eta ETB Sat katean hemendik aurrera kirolak presentzia nabarmena izango du egunero: bi orduz arratsaldez, 15:30etik 17:30era. Eta beste bi ordu gauez, 22:30etik 00:30era.

Arratsaldetan, txirrindularitzak izango du lehentasuna ETB Sat katean. Zuzeneko emanaldirik ez dagoenean, bezperako saio nagusiak beteko du tarte hori. Igandea salbuespena izango da, egun horretan kirol minoritarioen emanaldiak izango baitira.

Gauetan, denetariko eskaintza izango dute. Astelehenetan, Zu Kirolari programa aurkeztuko du Anartz Agirrek. Astearteetan, Champions League saioa izango da, Txemi Galarragaren eskutik. Asteazkenetan, asteburuko herri kirolen emanaldia berriro ikusteko aukera izango da. Eta, ondoren, Zona zaping saio berria emango dute, umorezko esketx eta kirol munduko irudi bitxiekin. Ostegunetan, zesta, pala eta erremonteko partidak emango dituzte Frontoi Luzea-n. Ostiraletan, lehendabizi Boxeo Izarrak izango da, eta, ondoren, Magazine Champions League. Larunbatetan, ETBren 28 urteko historian gordetako irudiak baliatuz, Gure bideoteka saioa emango dute. Futbol, pilota eta saskibaloi partida historikoak berreskuratuko dituzte. Larunbat gaueko kirol eskaintza osatzeko, Txemi Galarragak Tribuna Gol aurkeztuko du. Saio hori igandetan ere emango dute, Ligako jardunaldia «patxadaz eta sakon» aztertzeko. Txapeldunen Ligarik ez dagoen asteetan, bestalde, Deporte a Debate saio monografikoa gidatuko du Jose Ituartek.

ETB Sat-en kirola indartu badute ere, ETB1ek orain arte bezala lehen mailako edukiak eskainiko ditu: Txapeldunen Liga asteazkenetan, saskibaloiko Euroliga ostegunetan, pilota ostiral gau eta igande arratsaldetan, Bigarren Mailako futbola larunbat arratsaldetan, ACB Liga igande goizetan, eta herri kirolak eta futbol Ligako laburpenak igande arratsaldetan.

EITBk esku pilota profesionala eskaintzen jarraituko du esklusiban, Aspe enpresarekin sinatu duen hiru urterako itunari esker. Hitzarmena atzo sinatu zuten Bilbon EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok eta Aspeko Fernando Vidartek.

Kirol kate berri bat, kalatanez

Kataluniako telebista publikoaren egoera ekonomikoa ez da duela urte batzuetakoa bezain ona, baina, hala ere, katalanezko kirol katea sortzea erabaki dute. Duela astebete hasi zituen emisioak Esport3 kate berriak. «Bizi dugun ikus-entzunezko egoerarengatik, derrigorrezkoa zen gaikako kateei heltzea. Baina arduragabekeria litzateke ditugun baliabideekin baino gehiagorekin egitea», adierazi du Monica Terribas TV3ko zuzendariak. «Esport3 sortzeak aukera emango digu kirolaren gaineko gorabeherak hobeto azaltzeko eta telebista gehiago katalanez izateko».

Esport3ko zuzendari Josep M. Farrasek iragarri duenez, kate berrian futbolak, motorrak eta saskibaloiak lekua izango dute. Horrez gain, kirol minoritarioei eta emakumezkoen txapelketei tartea utziko diete. www.esport3. cat webgunea ere sortu dute.

33 katean ikus zitezkeen hainbat kirol saio Esport3ra pasatuko dituzte. Hala, kirola 33tik desagertzean, kate horretan kultura, zinema eta dokumentalak bakarrik izango dira. Goi mailako kirol emanaldiek, berriz, TV3n izango dute lekua aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.