ETB

ETB1ek lau saio berri estreinatuko ditu udazken honetan

Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko programa bat, oztopo lasterketen 'reality' bat, gazteentzako saio bat eta GR11 ibilbidea egiteko lehiaketa bat dira berrikuntzak.

ETBko aurkezleak eta arduradunak, Gasteizen. EITB
urtzi urkizu
2017ko irailaren 8a
10:47
Entzun

Gasteizko FesTVal jaialdia baliatuz, ETBk programazio berriaren aurkezpena egin du gaur goizean. Berrikuntzen artean, haur programazioa ETB1era itzuliko da: hilaren 18tik aurrera, ETB3ko 3txulo saioa ETB1en emango dute 07:00etan. 19:00etan, berriz, 3txulo Jokoan lehiaketa berria emango dute.

Lau saio berri iritsiko dira ETB1eko programaziora: Izan invictus, Gure Kasa, Gailurra Xtreme Perdido eta Aulkien Jolasa. Gasteizko FesTVal jaialdian gaur arratsaldean egingo dute Izan Invictus-en aurre-estreinaldia. Reality saio bat da, eta bertan Julian Iantzik munduko oztopo lasterketa gogorretan prestatuko ditu lehiakideak. Hemezortzi lehiakide zortzi astez ariko dira saioan, hilaren 20tik aurrera.

Gure Kasa saioak Gu ta Gutarrak ordezkatuko du, astelehenetik ostiralera, 21:00etatik 22:00etarako tartean. Programa horretan gazte batzuk Kutxa beltza izenekoan sartuko dituzte, eta euren bizitzari buruzko kontuak azalduko dira. Bestalde, Saregileak deitutako partean, gazteei interesatzen zaizkien gaien inguruko solasaldiak egingo dituzte platoan. Julen Telleria izango da aurkezle nagusia, eta Antton Telleria eta Ainhoa Etxebarria izango ditu lagun. Urriaren 2an estreinatuko dute.

Urriaren amaieran, Aulki Jokoan saioa estreinatuko du ETB1ek. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruko saioa izango da, eta astelehen gauetan emango dute. Hitzetik hortzera-k igandetan jarraituko du, lehen bezala.

Ibon GaztañazpikGailurra Xtreme Perdido lehiaketa aurkeztuko du, abendutik aurrera. Hamar abenturazale ario dira lehian, Pirinioak zeharkatzen dituen GR11 ibilbidearen zati bat eginez —Higer lurmuturretik Monte Perdidoraino—.

Estreinu datarik ez duen arren, ETBk iragarri du denboraldi honetan Merli katalanezko telesaila emango duela, euskarara bikoiztuta.

ETB1era itzuliko dira, bestalde, honako saio hauek: Ur Handitan —datorren asteartean—, Go!azen, Herri txiki, infernu handi eta Baskoniako Historia Bat.

ETB2k ere estreinatuko ditu hainbat saio berri: Juego de cartas, A Bocados, 7 Días, Vaya Familia eta Con la Calle a Cuestas.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.