Orain arte Iruñerriko haurrek ezin zituzten ETB3ko marrazki bizidunak telebista aparailuan ikusi. Irailetik aurrera, Iruñeko eskualde osoan ikusteko modua izango da ETB3 lurreko telebista digitalean. Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tutera inguruetan, berriz, ETB3 orain arte bezala sintonizatzen jarraitu ahalko dute —2016tik ikus daiteke katea—. ETB3 katearen programazioaren gehiengoa marrazki bizidunek betetzen dute. Halaber, haurrei zuzendutako ekoizpen propioko bi saio daude: 3txulo eta 3zpa4.
Nafarroako Gobernuak lortutako akordioaren bitartez, era berean, ETB2 Nafarroa osoan ikusi ahalko da LTD bidez irailetik aurrera; Abian Komunikazioa S. L. enpresak lizentzia bat zuen, baina 2016ko urritik emankizunik egin ez duenez, ETB2ri eman diote aukera frekuentzia betetzeko. ETB2 Nafarroako herri batzuetan normaltasun osoz ikusten zen, baina ez guztietan.
ETB1 katea 2016ko urritik ikusten da Nafarroan, baina hori lortu arte hamaika gorabehera gertatu ziren eta oztopo ugari izan ziren UPN gobernuan zen garaian.