Oscar Terol. ETB2ko 'Uyyyyy!' saioko aurkezlea

«ETBn orain arte kirola erlijio bat balitz bezala hartu da, serioegi»

Hilaren 20an amaituko da betiko 'Uyyyyy!' saioa, ikusle datu txikiak direla-eta. Terol udaberrian itzuliko da formatu berri batekin

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
1995etik 2005era Miramonen egin zuen lan Oscar Terolek (Donostia, 1969). Bolada batean ez zioten bertan sartzen uzten. EITBko zuzendaritza berriarekin urtarrilean itzuli zen ETB2ra. Harentzat «etxera itzultzea» izan zen.

ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek aitortu du audientziak ez duela erantzun Uyyyyy! programarekin. Zer faktorek jokatu dute saioak ikusle datu onik ez lortzeko?

Dena erlatiboa da. Dagoena baino gehiago nahi izaten dugu. Baina kontuan izan behar da programa etorri dela LTDaren zabalpen basatiarekin batera. Kate guztiak egokitzen ari dira paisaia berri honetara. Testuinguru horretan ETBk kolpe handia hartu du, puntu asko jaitsi da. Eta gu kateko saio bat gara. Bestetik, gure generoa zail samarra da. Kirolaren munduarekin umorea egiten saiatu gara, eta zuzenean. Formatu berri bat asmatu dugu. Ken dezakete, baina nire irudipena da saioa une oro bizirik egon dela. Herrialdeka datuak aintzat hartuta, adibidez, aste honetan Gipuzkoan jende askok ikusi gaitu, eta Bizkaian gutxik. Programa egitea zaila izan da, dena den.

Nola hartu du lan taldeak saioa kentzeko erabakia?

Tristeziaz eta kezkarekin. Proiektuak hasi eta bukatu egiten dira. Jendea lan batera ohitzen denean, hori haustea tristea da.

ETBn izan zinen aurreko etapan, Vaya semanita-n, datu ikusgarriak lortu zenituen. Garai haien falta sumatzen al duzu?

Orduan gertatu zena ikusgarria eta errepikaezina izan zen, motibo askorengatik. Ez zegoen halako lehiarik. Testuinguru sozio-politiko zehatz bat zegoen. Eta, bestetik, taldea une hartan egotea miraria izan zen. Telebistan hori bizitzea, ordea, ez da batere normala. Orain bizitzen ari naizena normalagoa da.

Bilduko al zarete berriz?

Bai, hain juxtu orduko aktoreok 30 esketx berri ari gara prestatzenhilaren 24an emango den saio baterako. Te detesto TDT izenburupean, egun LTDan dagoenarekin zapping egingo dugu umorez. El Pelanas berreskuratuko dugu, eta Uyyyyy!-ko lagunek ere parte hartuko dute.

Vaya semanita utzi ostean, garai batean ez zizuten Miramonen sartzen uzten. Nola izan zen kontu hori?

ETBtik joan ginenean haustura bortitza izan zen, eta erdian kontratu batzuk zeuden. Telebistari ez zion graziarik egin. Tartean gero epaiketaren bat ere izan zen. Une hartan pelikulako gaiztoa nintzen.

Nola sentitu zinen Miramonera lanera itzultzean?

Zoriontsu, ni Miramongoa naizelako. Telebistaz dakidan guztia Miramonen ikasi dut. Nor bere eskolara edo etxera itzultzea bezala izan da. Esperientzia aparta izan da, ikusle datuak kenduta.

Kirolaren eta umorearen arteko konbinazioa etorkizunean errepika daitekeela iruditzen zaizu?

ETBn orain arte kirola erlijio bat balitz bezala hartu da, serioegi. Hau esperimentu bat izan da. Eta iruditzen zait bidea beste batzuk aprobetxa dezaketela, edo nik neuk. Demostratu da futbolari batek ikuskizun bateko sofan eseri eta modu sinpatikoan hitz egin dezakeela.

ETBko zuzendariak esan du udaberrian zurekin lan egingo dutela.

Hori asmoen deklarazio bat da, eta eskertzen dut. Baina ez dakit zer formaturekin itzuliko naizen. Segurua den bakarra da saio berriak umorearekin izango duela harremana.

Egin al daiteke telebistarik ikusle datuetan etengabe pentsatzen egon gabe?

Goizeko ordubatetan elkarrizketa saio bat egin nahi baduzu, bai. Baina prime-time-an ezinezkoa da, kontratuetan ikusle datuen inguruko klausulak baitaude. Telebista publikoak, berriz, zerbitzu bat izan behar du, kalitatezko zerbitzu bat. Saioak askotarikoak izan behar dute, ikuslego txikiago edo handiagoei interesatzen zaiena. Eta beti ikusleak entretenitzen saiatu behar dugu.

Baineten zaude orain. Zein da ekoiztetxearen arrakastaren gakoa?

Aitzindariak izan dira saio batzuetan. Eta Baineten arrakastaren giltza Argiñano da. Gutxitan ematen den fenomeno bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.