Etengabe konektatuta egotearen argi-ilunak

'Smartphone'-ek eskaintzen dituzten tresna guztiak poltsikoan etengabe izateak nork bere buruaren kontrol handia izatea eskatzen duela uste du Enrique Etxeburua Psikologia Klinikoko katedradunak.

Urrun dauden kirolarien datuak bateratu ditzakete smartphone-ek. JORGE ZAPATA / EFE.
Jon Rejado.
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Terminologia zehaztea komeni da, telefono esaten diegun horiek ez direlako telefonoak; edo ez dira telefonoak soilik». Enrique Etxeburua EHUko Psikologia Klinikoko katedradunak hasieratik bertatik nabarmendu du «oso positiboa» dela smartphone-ek eskaintzen dutena. Nolanahi ere, «tresna boteretsu» horrek noiz edo noiz arriskuak izan ditzakeela nabarmendu du, erabilera txarrarekin lotuta.

Youtube, Whatsapp, argazkiak jaisteko baliabideak, musika entzuteko aukera... «Tresna horiek guztiak poltsikoan izanda, nork bere burua kontrolatzeko gaitasun gehiago behar da». Alde horretatik, adibide bat ere jarri du Psikologia Klinikoko katedradunak: «Pentsa musika entzuteko menpekotasuna duen pertsona batengan; musika entzuteko gailuak etxean bakarrik baditu, hortik kanpora dagoenean ez du hori egiteko tentaziorik izango».

Smartphone-en ezaugarriengatik, gainera, arriskua lanean zein aisialdian gerta daitekeela zehaztu du; areago, lanarekiko menpekotasuna izateko arriskuan eragin txarra izan dezakeela gaineratu du. «Zailagoa da lana burutik kentzea une oro Internetera konektatzeko modua ematen duen gailu bat soinean eramanda».

Hain zuzen ere, smartphone-etan hamaika baliabidek bat egiten badute ere, Interneterako konexioak eragiten duen menpekotasuna izaten ari da aztergai nagusia hainbat adituren artean. Gaur egun, ezin da jakin zein eragin duen Internetera etengabeko sarbidea izateak; duela bost urte orokortzen hasi zen egoera hori, eta ondoriorik ateratzeko denbora gehiago behar dela azaldu du, mendekotasuna dutenak horren ondorioez ohartzen direnean. Etxeburuak jakinarazi du susmoa dutela smartphone-en erabiltzaileen %1 eta %4 artean neurriz gain ari direla erabiltzen hori.

Harremanak izateko tresna

Telefono erabilera duten sakelako ordenagailuek hamaika tresna ordeztu dituzte, baita harreman sozialetan eragin ere. Hala hausnartu du Etxeburuak, eta zenbait modutan gertatu dela gaineratu du. Mezuak trukatzeko aplikazioak onak badira ere aurrez aurreko harremanen osagarria izan behar dutela azaldu du: «Keinuak, gorputz hizkuntza... hori guztia komunikazioa da; hori emotikonoekin ordezkatu daitekeela pentsatzea tontakeria da».

Bestalde, eta sare sozialen baliagarritasuna defendatu arren, zenbait eragin gaizto izan ditzaketela gaineratu du. Alde batetik urrun dagoena gerturatzeko balio duen bezala, gertu dagoena urrundu dezakeela azaldu du. Horrez gain, erabiltzen dituzten adierak ere «nahasgarriak» izan daitezkeela zehaztu du. «Facebooken lagunez hitz egiten da, baina kontaktu soilak baino ez dira».

Alde horretatik, sakelako telefonoen bi ezaugarrik kezkatzen dute Etxeburua. Alde batetik, gauza asko aldi berean egiteko joerak arreta galtzea ekar dezakeelako; arretaren kalitatea jaisten da. Bestetik, jarrera kontrolatzaileekin kezkatuta gaude. «Hori Whatsappari lotuta dago, batez ere; aurrez izaera kontrolatzailea zuten pertsonengan jarrera hori areagotu dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.