Etiopiarainoko irribarre festa

Irrien Lagunak Klubaren I. Eguna antolatu dute biharko, Usurbilen; irabaziak Etiopia Utopia laguntzeko izango dira

Porrotx eta Marimotots, Wukroko haurrekin jolasean. JOSU AGIRRETXE.
Donostia
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Munduko mapa hartu eta Etiopia kokatzen ikasteko modua izango dute haurrek bihar Usurbilen (Gipuzkoa), Irrien Lagunak Klubaren I. Egunaren harira. Gaztetxoen artean aisialdia euskararen inguruan aktibatzeko xedea du, besteren artean, Irrien Lagunak proiektuak, eta elkartea sortu zutenetik aldizkaria kaleratzen hasi, ikuskizunak antolatzen eta webgune bat prestatzen aritu dira. Ezinbestekoa ikusi dute, ordea, irrizale guztiekin elkartzea eta klubaren eguna antolatzea. Biharko antolatu diete haurrei eta gurasoei ekitaldia, Usurbilen. «Gertuko ikus gaitzaten, eta guk ere ikus eta senti ditzagun», bildu du egunaren xedea Joxi Oiarbidek, Irrien Lagunak klubeko koordinatzaileak.

Eta irri egiteko egitarau sorta zabala prestatu dute, hiru gunetan banatuta: herriko plaza, Mikel Laboa plaza eta Artzabal eremua. Dantzak, txaranga eta kalejira, haurrentzat puzgarri, tailer eta jolasak... eta, noski, baita Katxiporretaren Ongi etorri, Pupu eta Lore! ikuskizuna ere. Azken aukera izango da biharkoa Katxiporretaren ikuskizuna bertatik bertara ikusteko. Bi emanaldiren estreinaldiak ere izango dira bihar: Kukubiltxorekin elkarlanean prestatutako Leihotik mundura txotxongilo lana eta Irrien lagunekin kanta eta dantza ikuskizuna.

Goizeko eta arratsaldeko ekitaldien zubi, bazkaria antolatu du Etiopia Utopia fundazioak, haurrentzat nahiz nagusientzat prestatutako menuarekin, Askatasuna plazan, 14:00etan. Izan ere, Etiopiaraino iritsi asmo dute biharko irribarreek. Herrialde hartako Wukro herrian hainbat elkartasun proiektu garatzen ari da Etiopia Utopia elkartea, eta biharko etekinak elkartearen proiektuei laguntzeko baliatuko dituzte. «Irribarreak proiektua da haietako bat, eta ahoko osasunean heziko dituzte Wukroko erizainak», argitu du Oiarbidek. Hain zuzen, Wukro herrian egin nahi duten hortz klinika bisitatzen izan ziren Porrotx eta Marimotots, udaberrian, Angel Olaran misiolariari bisita egin ziotenean.

Bazkaria ez ezik, goiz osoan Eusko Label oilaskoarekin 1.200 pintxo jarriko dituzte salgai, euro eta erdian, eta sagardoa edateko edalontziak, euro batean. Etiopiako haurrek irri egin dezaten laguntzeko bide egingo dute ekimen horiek guztiek.

Prestaketak, elkarlanean

Proiektu xumea da Irrien Lagunak kluba, eta ez da urtebete joan elkartea sortu zutenetik. Pixkanaka ari da hazten eta bidea egiten, eta bide horretan irrizale eta irrien lagunak biltzen. Biharko festa da horren adibidea, egitaraua prestatu eta ekitaldiak antolatzea elkarlanaren emaitza izan baita. Horiek horrela, bertaratuko diren irrizaleei ez ezik, eguna antolatzen lagundu duten elkarte eta norbanakoei ere eman nahi dizkiete eskerrik beroenak. «Usurbilgo elkarteek erakutsi duten lanerako prestasuna eskertu baino ez dugu. Deialdi bat egin genuen herrian, eta denetariko elkarte eta taldeak agertu ziren laguntzeko prest. Haiek gabe ezinezkoa zatekeen Irrien Lagunak Klubaren Eguna», dio klubeko koordinatzaile Oiarbidek.

Guztien artean jolastoki erraldoi bihurtuko dituzte bihar Usurbilgo kaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.