ATZEKOZ AURRERA

Etorkizuna Lego piezetan

First Lego League hezkuntza programaren finalak jokatu dituzte Arrasaten, Bilbon eta Donostian. Salgaien garraioari buruzko proiektu berritzaileak sortu dituzte aurten.

Villabona-Amasako Fleming eskolako ikasleak, beren maketarekin eta robotarekin. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Robota, ibilgailua, kontu handiz jarri zuten ibilbidean. Hainbat hilabetez behin eta berriro probatzearen poderioz ikasitako leku jakinean. Koloretako paisaiaren gainean, Lego piezez egindako zenbait egitura. Robotak ekintza bat egin behar zuen bakoitzean: mugitu, lekuz aldatu... Botoiei eman, eta robota abiatu zen. Helikoptero bateko palanka bati eragin zion aurrena, eta zama bat erori zen. Gero, programatu bezala, hasierara bueltatu zen. Ikasleek pieza bat aldatu zioten. Tentsioa. Hatz dardartiak. Durangoko (Bizkaia) Nevers eskolako DBH3ko eta DBH4ko ikasleen robota ibilbideko beste lan bat egitera abiatu zen, atzo, Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Ingeniaritza Eskolako areto batean.

First Lego Leagueren finalak jokatu ziren atzo Arrasaten (Gipuzkoa), Bilbon eta Donostian. 44 eskolatako 6 eta 16 urte arteko ia mila ikasle guztira. Innobasquek, Deustuko Unibertsitateak, Donostiako Sustapenak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako ekitaldia. Otsailaren bukaeran izan zen Nafarroako finala, Iruñean.

Nazioarteko hezkuntza programa bat da First Lego League. Zientzia eta teknologiari buruzko interesa sortu nahi du haurren eta gazteen artean. Gai bati buruzko erronkak planteatzen dizkie ikasleei urtero. Benetako erronkak, errealitateari eta eguneroko bizimoduari lotuak. Salgaien eta ondasunen garraioa izan da aurtengo erronka. Ikasleek, batetik, garraioa hobetzeko egitasmo berritzaile bat landu eta aurkeztu behar izan dute; bestetik, robot bat sortu eta programatu behar dute Lego piezekin, ibilbide batean hainbat lan egiteko.

Hilabeteetako lana

Bi maila izaten dira: Challenge, 10 eta 16 urte arteko ikasleentzat, eta Explore, 6 eta 9 urte artekoentzat. Atzoko irabazleek Espainiako finalean parte hartuko dute, apirilaren 2an, Torremolinosen (Andaluzia).

Hilabeteetako proiektuak izaten dira ikasleentzat. Proposamen berritzaileak egin behar dituzte. Pentsatu, landu, informazioa lortu, kontrastatu... guztia taldean. Nevers eskolako ikasleek patinete elektrikoen erabilera bultzatzeko programa bat aurkeztu zuten atzo, Durangon garraioaren kutsadura gutxitzeko.

Proiektua eta robota egiteaz gain, aurkeztea ere erronka izaten da. Epaimahai batean aurrean hitz egin behar izaten dute, proiektua babestu, galderei erantzun... Nevers eskolako ikasleak, esaterako, aurkezpena euskaraz egitera animatu zituen irakasleak, nahiz eta gaztelaniaz hobeto moldatzen diren.

Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Ingeniaritza Eskolaren korridoreetan ikasleak aurrera eta atzera zebiltzan. Bi eskurekin heldu beharreko kaxa handiak eskuetan, robotak eta piezak barruan.

Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Fleming eskolako LH5eko ikasleak lasai zeuden. Aurkezpena bukatua zuten. Herriko Oria merkatarien elkarteak oraindik ez daki, baina Flemingeko ikasleek merkatariei laguntzeko proiektua aurkeztu zuten atzo: herriko dendetan Internet bidez erosteko eta produktuak ibilgailu elektrikoen bidez banatzeko egitasmoa.

Zergatik proiektu hori? «Dendak desagertzen ari direlako», esan zuten ia guztiek batera. «Amazonek-eta lana kentzen diete». «Amazonek egiten duena gure herrira ekartzea pentsatu dugu, dendak ez ixteko eta herriak martxa izateko», osatu zuen azalpena Gorka Blanco tutoreak.

«Robota biltegian hasten da lanean; dendetan geldialdiak egiten ditu, eta paketeak hartzen ditu; biltegira itzultzen da; han, garraio uhal batekin, auzoka ordenatzen dira, eta, gero, banatu egiten ditu». Horixe proiektuaren funtsa, Unax Otegi Aierzak azalduta.

Herriko Kale Berriaren eta Kale Nagusiaren bi metroko maketa bat egin dute, eskalan, eta denden izenak ere jarri dituzte bertan. «Google Mapsen ikusi genuen kaleek zenbat neurtzen zuten, hori plano batera eraman genuen, eta gero maketara», zehaztu zuen Lucia Gete Elvirak.

Ikasleek jolas modura hartzen dute proiektua, «baina lan asko egiten da, eta curriculumeko arlo asko lantzen eta aplikatzen dira», nabarmendu zuen Blancok. Zailtasunik handiena, ikasle guztien esanetan, taldean lan egitea izan da. Hori ere landu eta ikasi dute.

Flemingekoak ez ziren eskolako elastikoarekin joan, baizik Euskal Eskola Publikoaz Harro ziotenekin. Ez dira asko First Lego Leaguen parte hartzen duten eskola publikoak, eta haien balioa aldarrikatu nahi izan zuten.

Zornotzako (Bizkaia) Karmengo Ama eskolako haurrak jolasten ari ziren, parte hartzeagatik emandako dominak harrotasunez erakusten. LH1eko eta LH2ko taldeek bi proiektu aurkeztu zituzten: haize oihalak nahieran mugitzen dituen itsasontzi bat eta lau hankaren gainean ibiltzen den autobus bat —autoen gainetik, ilarak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.