«Gaur egun edukiak ez badaude, bitartekoak ez dute balio. Eta, gainera, eduki horiek modu berri batean zabaldu behar dira», adierazi zuen jardunaldiaren aurkezpenean Francec Escribano Inputen Espainiako zuzendari nagusiak. Lau hitzaldi eta mahai inguru bat izan ziren jardunaldian:
SIMON NELSON
«Istorio on bat baduzu, gauza berriak probatu ditzakezu»
Hainbat urtez, BBCren multiplataforma estrategia arduraduna izan zen Nelson. BBCn sortutako bost webgune aipatu zituen hitzaldian: albisteen wengunea, 4-6 urte bitartekoentzako webgunea, 14-16 urte bitartekoentzat egindako Bitesize, irratien webgunea eta BBC Player. «Guztietan eduki egokiak zeuden, teknologia erraz batekin», azaldu zuen Nelsonek. Fikzioaren alorrean, Eastenders telesailaren spin-off bat egin zuten, eta Interneten esperimentatzeko aukera izan zuten. Nelsonen arabera, kontatzen dena ez bada ona, ez du balio Interneterako ere. «Baina, istorio on bat baduzu, gauza berriak probatu ditzazkezu». Jokoei dagokienez, BBCk esperimentatu behar duela uste du Nelsonek. Doctor Who telesailean oinarritutako jokoek sekulako arrakasta izan dute. Jokoak ere baliatu dituzte buruko entrenamenduaren inguruan ikerketa bat egiteko. Nelsonen arabera, Interneten ez dauden edukiak ikusezinak izango dira.
MARTIN ERICSSON
«Parte-hartzea dibertigarria da, eta mundua salbatzeko balio dezake»
Benetako transmedia proiektu baten sortzaileetakoa izan zen 2007an Ericsson: The Truth about Marika. Suediako telebista publikoarekin egin zuten proiektu hori parte hartzean oinarritutako telesail bat izan zen, foro, joko eta solasguneekin. «Mugarik gabeko fikzioa sortzea lortu genuen». Desagertu den neska baten istorioa kontatzen du saioak. Lagun bat haren bila dabil, baina desagertutako neska elkarte sekretu batean sartu da. «Jendeak parte hartzen zuen Interneten proiektu horrekin. Parte hartzaileek misio txikiak bete behar zituzten. Halaber, telebista ondo egokitu zen proiektuarekin, eta eztabaidak egin zituzten». Proiektu horren arrakastaren ondotik, Conspiracy for Good egin zuten. Nokiak finantziatu zuen proiektu hori, eta bost herrialdetan garatu zen; hiru hilabetez luzatu zen joko interaktiboa. «Konturatu ginen parte hartzea oso dibertigarria izateaz gain, mundua salbatzeko ere balio dezakeela».
MARTA GOMES
«Istorioa hedabideetan kontatu behar da, baina edukiak osagarriak izanik»
Premisa batetik murgiltzen da Gomes bere proiektuetan: «Ez badu zirrararik sortzen zure bizitzan, ez du merezi». Transmediaren sekretua bere iritziz istorioa hedabideetan kontatzea da, «baina askotariko edukiak izan behar dituzte, eta osagarriak izan behar dute». Sofia's Diary proiektuarekin ezezko ugari jaso ostean, Portugalgo telebistak baiezkoa eman zien. Portugalen eman ostean, Sonyk erosi zuen, eta 30 herrialdetara hedatu zen gero. Saio horretan, neska protagonistak dilema bat du beti hurrengo egunerako. Adibidez, mutil-lagunarekin zinemara joan edo etxean ikasten gelditu. Ikusleak erabakitzen du bata ala bestea, eta hautatutakoa ikusten du gero. Proiekturako bloga, irratsaio bat, SMS zerbitzu bat eta liburuak sortu dituzte. «Esperientzia erabiltzailearentzat izan dadila pentsatu behar da, bere bihotzera iritsiz». BeActivek sortutako beste proiektuen artean Flatmatesdago, elkarrekin bizi diren hiru unibertsitariei buruzkoa. Eta Brasilen garatutako beste bat Final Punishment da, non jendeak pistak aurkitu behar dituen espetxe bateko emakumeak heriotzetik salbatzeko.
GONZALO MADRID
«Dirua irabazteaz harago, ekarpenik egiten ez dutenek zailtasunak izango dituzte»
Madrilek ohartarazi zuen Interneteko erabiltzaileen %0,5ek baino ez duela harremana publizitatearekin. «Gainera, markak pertsonen bizitzatik kanpo gelditzen ari dira. Nire ustez, krisi ekonomikoa amaitzen denean, presaka hasiko gara, eta agentziak istorioak sortzen hasiko dira eroak bezala». Aurrerantzean proiektuak transmedia izango direla uste du. «Baina dirua irabazteaz harago ekarpenik egiten ez dutenek zailtasunak izango dituzte».
Jardunaldia ixteko, mahai inguru batean parte hartu zuten Javier Lasak (Prisa), Asier Quesadak (Delirium Studios), Juanjo Saez ilustratzaileak eta Robert Figueras sortzaileak.