Etorkizunaren beste bertsio bat

Frantziako Poitierseko Futuroscope jolas parkerako atrakzio berri bat eta hotel tematiko berri bat iragarri dituzte 2028. urterako. Etorkizun mota ezberdinak ari dira irudikatzen.

Aquascope ur parkeko pantaila erraldoia, Poitiersen (Frantzia). BERRIA
Aquascope ur parkeko pantaila erraldoia, Poitiersen (Frantzia). BERRIA
Poitiers
2025eko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zinema mota asko daude, baina Aquascope ur parkekoan film bat ikus daiteke uretatik bertatik. Pantailez gain, urpeko argiz eta kolorez beteriko igerileku ugari daude, adin eta garaiera ezberdineko pertsonengan pentsatuta. Futuroscope jolas parkearen ondoan eraiki dute Aquascope, Poitiersen (Frantzia). Berritasunetako bat da: iazko uztailean ireki zuten. 

Futuroscopen bezalaxe, gehiago balio du zentzumenen bitartez bizitako esperientziak, atrakzio handietako gorabeherek baino. Jendea korrontearen alde mugiarazten duten ibaiak daude, zerutik erortzen diren ur txorrotadak eta Kraki olagarroan oinarritutako haurren espazio oso bat. Dena den, badaude edonori barrua mugiaraziko liokeen txirrista bat baino gehiago. 

Ur parkearen zati nagusia barnealdekoa da, eta ura bero dago hor; beraz, urteko ia garai guztietan bisita daiteke. Urtebete baino gutxiago badu ere, 2024ko munduko barneko ur parke onenaren saria irabazi du jada. Dituen txirrista guztien distantzia batuta, kilometro bat baino gehiago hartzen du. 

aquascope nagusi
Aquascope ur parkeko urpeko argien igerilekua. BERRIA

Zentzumenak martxan

Futuroscope jolas parkearen ildo beretik egin dute ur parkea. Izan ere, Futuroscopek teknologian oinarritutako aisialdia eskaintzen du; ez da ohiko jolas parke bat. Gakoa ez da abiada handian dabiltzan errusiar mendietan sentsazio biziak sentitzea, baizik eta teknologiarekin lotura handia duten ikuskizunekin gozatzea. 

Horretarako, atrakzioen sortzaileek murgiltze esperientziak sortzen dituzte, eta bisitarien zentzumenez baliatzen dira. Horren adierazle da Les yeux grands fermes atrakzioa (Begiak itxi-itxiak). Itsuen larruan jartzeko esperientzia bat da. Bisitariak erabateko iluntasunean eta bata bestearen atzetik eramaten dituzte. Hirietan, basoetan, kobazuloetan... edozein motatako inguruetan sartzen dituzte, hain zuzen, jakin dezaten itsuek nola bizi izaten dituzten. Futuroscopen aparte ordaindu daitekeen atrakzio bakarra da. Bildutako dirua Poitierseko ospitalera bideratzen dute, begietako gaixotasunak ikertzeko. 

Atrakzio askotan daude bat-bateko mugimenduak dituzten aulkiak; sorpresaz hartuko ditu bisitari asko eta asko. Horrelakoa da, adibidez, La Vienne dynamique atrakzioa (Vienne dinamikoa). Gizon batek bere ezkontzara heldu behar duela-eta, Vienneko departamenduan barnako bidaia turistiko izugarri bat egingo du atrakzioak. Treneko haizea, autoen abiadura eta basoan bizi den Guerliguet piztiaren doministikuak bere azalean sentituko ditu bisitariak. 

Atsedena hartzeko tarteak ere eskaintzen ditu Futuroscopek: aukera bat baino gehiago daude zerutik gertu edari bat dastatzeko. Esaterako, Aerobar tabernan zerbait har daiteke lurretik 35 metrora, eta parkeko eta inguruko paisaiaz goza daiteke. Jateko eta edateko zabala da eskaintza, baina norberak bere janaria eramaten ere uzten dute. 

Aerobar tabernatik ikusten den paisaia. BERRIA
Aerobar tabernatik ikusten den paisaia. BERRIA

Atrakzioen segidan, zentzumenak astintzen dituzte baita Chasseurs de tornades (Tornado ehiztariak) eta L'Extraordinaire Voyage (Bidaia aparta) atrakzioek ere. Lehena latza da, tornado batek eragiten duen zurrunbiloaren barruan egotearen sentsazioa sentitzen baita; ilea harrotuta ateratzeko moduko mugimenduak ditu. Bigarrena, ordea, lasaiagoa da: munduko hiri ezberdinetako paisaiak ikusi, usaindu eta entzun daitezke. Laure Mosseron Futuroscopeko marketin arduradunak bigarren hori maite du gehien: «Lasaigarria egiten zait; familiarteko atrakzioa da».

Futuroscopek bi milioi pertsona hartzen ditu urtero —ia egunero irekitzen du—, eta Aquascope berriarekin 2.300.000 bisitariren langa gainditzea lortu dutela ziurtatu du Mosseronek. Bisitari gehienak familian joaten dira jolas parkera (%65), bi edo hiru egunerako, baina ikasleak ere joaten dira, eta heldu kuadrilla dezentek ere bisitatu ohi dute parkea. Euskal Herritik autoan edo abiadura handiko trenean joan daiteke —Bordelen (Frantzia) trenez aldatu behar da—.

Marketineko buruak kazetari talde bati iragarri dio 2028. urterako atrakzio handi bat eta hotel bat egingo dituztela. Ez du zehaztu atrakzioaren xehetasunik, ezta hotela zer gairekin lotuta egongo den ere, baina bat izango du, ziur. Futuroscopeko hotel bakoitza gai batean girotuta dago, eta bertako zerbitzu guztiek ere men egiten diote gaiari. 

Esaterako, Station Cosmos hotelak eta bertako Space Loop jatetxeak itxura futurista dute. Gela ere teknologiaz beteta dago: leihoetako pertsianak irekitzeko pantaila bat topatu behar da, telebista pizterakoan espazioko misio bat hastear dagoela ematen du, eta oheak argiak ditu azpian, besteak beste. 

Station Cosmos hoteleko Space Loop jatetxean janaria errailetatik iristen da. BERRIA
Station Cosmos hoteleko Space Loop jatetxean janaria errailetatik iristen da. BERRIA

Parke jasangarria

Ecolodge hotela orain bi urte eraiki zuten, baina oso bestelako gai batean girotuta dago, eta erabat apurtzen du itxura teknologikoarekin. Gainerakoa aparailuz, kablez eta metalez girotuta dago, baina hotel horrek natura eskaintzen du: laku bat dago, igelen kroakak entzuten dira, hegaztiak dabiltza inguruan, landareak, zuhaitzak... Kontraste hori azaldu du Mosseronek: «Erakutsi nahi dugu etorkizunean ere ekologia eta landareak beharko ditugula bizirauteko; Ecolodge da etorkizunaren beste bertsio bat».

Futuroscope ondoan dagoen Ecolodge hotela. BERRIA
Futuroscope ondoan dagoen Ecolodge hotela. BERRIA

Ecolodge hotela Futuroscopek jasangarritasunarekin duen konpromisoaren adierazleetako bat da, baina gehiago ere baditu. Adibidez, aparkalekuak eguzki plakaz beteta dituzte, eta energia hori nahikoa da ondoan daukaten hotela eta taberna hornitzeko. Bestelako kutsadura konpentsatzeko ere baso bat sortu dute, eta lorategi bat daukate ura iragazteko eta ez galtzeko. Aquascope ur parkeko ura ere birziklatu egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.