Etorkizunaren geruza guztiak

Ohiko jolas parkeen eskaintzatik bereizita, teknologian oinarritutako aisialdia eskaintzen du Futuroscopek. Ezagutza hedatzeko xedea du, eta arlo ludikoa eta pedagogia uztartzen ditu horretarako. Datorren urtean 30 urte beteko dituen arren, abangoardian dago oraindik ere.

Futuroscope. Parkearen airetiko ikuspegia. CALUNE PROD.
Iñaki Lasa Etura.
Poitiers
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hainbat errealitate gerta daitezke espazio berean, eta, hain zuzen ere, hori da Poitierseko (Frantzia) Futuroscope jolas parkean gertatzen dena. Etorkizunaren geruza guztiak elkartzen dira espazio bakarrean: iragan bihurturiko etorkizuna, iritsi den eta iristear den etorkizuna, eta, batez ere, etorkizun izaten jarraitzen duen etorkizuna, betiereko abangoardia. Izan ere, 30 urte betetzear egon arren, etorkizunari begira jarraitzen du oraindik jolas parkeak, berritze konstantean.

Ohiko jolas parkeen kontzeptutik aldendua dago Futuroscope. Gakoa ez da abiada handian dabiltzan errusiar mendietan emozio biziak sentitzea, teknologiarekin lotura handia duten ikuskizunekin gozatzea baizik; alderdi ludikoa eta pedagogikoa, biak ala biak, zainduta. Familia guztiarentzako jolas parkea da, eta bi eguneko bisita egitea aholkatzen da; motz samar gera daiteke egun bakarra. Frantzian bisitari gehien duten jolas parkeetan bigarren da Poitiersekoa. Euskal Herritik autoan edo abiadura handiko trenean joan daiteke —Bordelen trenez aldatu behar da—.

Teknologia da Futuroscopeko ardatza, sorreratik. Parke teknologiko baten bihotzean dago, eta hango enpresa askok jolas parkera begira egiten dute lan. Abangoardia izateko asmoa gauzatzeko, parkeko eskaintzaren %20 berritzen dute urtero, eta fakturazioaren hamarren bat —hamar bat milioi euro— erabiltzen dute horretarako. Hala, jolas parkean noizbait egon direnen %60k bisitatzen dute beste behin ere.

Datorren urteko urteurrenari begira, inoizko inbertsiorik handiena egingo du Futuroscopek. Jules Verneren Munduari bira 80 egunetan eleberrian oinarrituko da 2017ko berritasunetako bat, eta hamahiru milioi euroko inbertsioa egin dute.

2017koak datorren urterako utzita, denboraldi honetan ere hainbat berritasun aurkeztu ditu Futuroscopek. 4K laser teknologia erabiltzen du La Loi du plus Fort (Indartsuenaren legea) ikuskizunak, Kinemax eraikinean. 600 metro koadrokoa da pantaila: halako teknologiarekin Europan dagoen handiena. Hiru dimentsioko betaurrekoak jarri, eta film barruan balego bezala bizi ditu irudiak ikusleak: garbiki ikusten dira euri tantak, hostoak, animaliak... eskuekin ukitzeko imintzioa egiteraino. 3D teknologia ohiko zinema aretoetara iritsi bada ere, ez du zerikusirik Futuroscopekoarekin.

«Dinamikoak» dira Futuroscope jolas parkeko atrakzio gehienak, zentzumen guztiekin gozatzekoak. Filma ikusi eta entzuteaz gain, eserlekua mugitu egiten da irudien erritmora, dagozkion uneetan ura jaso dezake aurpegian, edo ziztada txiki bat sorbaldan; lau dimentsioko teknologia. Halako efektuak ditu aurtengo beste berritasunetako batek: Ice Age pelikula sortan oinarrituta dagoen L'Age de Glace Le Temps de Dinosaures ikuskizunak. Scrat pertsonaiaren eskutik, Izotz Arora bidaiatuko du ikus-entzuleak. Hotz egiten du emanaldiaren gelan, ikuskizuna girotzeko. Filma laburra izan arren, ilara egiten den bitartean argazkiak atera eta bestelako film laburrak ikusteko aukera du jendeak. Hori ere bada Futuroscoperen sor-marka: «Esperientzia osoa» bizi du ikusleak, eta, askotan, ikuskizun nagusiaren aurretik bestelakoak ikusten dira gelaurreetan.

Hirugarren berritasun handia Le Cirque du Soleil konpainiak ondutako La Forgue aux Etoilesikuskizuna da (Izarrak eratzen). Argi proiekzioekin eta urarekin egindako jolasekin osatu duten 25 minutuko lana da. Gauez egiten dute, eta hura amaitzen denean ixten dute jolas parkea.

Jatorri publikoko parkea

Etorkizuna ere izan daiteke klasikoa. Ia sorreratik duten atrakzio bakanetakoa da LaVienne Dynamique, hainbat aldaketa egin badizkiote ere. Funtsean, Vienne departamenduan barna ibilaldi turistiko atsegin bat egitea proposatzen du ikuskizunak. Izan ere, ez da ahaztu behar parkea publikoa zela hastapenetan —Rene Monory politikariak sortu zuen, 1987an—, harik eta 2011n Compagnie des Alpes erakundeak jolas parkearen %45 eskuratu zuen arte —Parisko Asterix jolas parkea ere haiena da—. Gaur egun, Vienneko gobernuak Futuroscoperen %38 du.

Orotara, 30 ikuskizun baino gehiago daude Futuroscopen: tartean, ikuskizun dinamikoak, erakusketak, haurrentzako gunea eta txirristak eta jolasak dituen gunea. Jateko eta ostatu hartzeko garaian ere zabala da eskaintza, Futuroscope barruan zein parke teknologikoan. Hamabi hotel daude inguruan; jolas parketik urrutien dagoena, hamar minutura oinez. Jateko garaian ere badaude etorkizunaren lorratzak, fisika eta kimika formuletan oinarritutako gastronomia molekularra eskaintzen baitu Le Cristal jatetxeak.

Azken finean, etorkizunaren geruzen artean bidaiatzeko proposamena da Futuroscope, imajinatzeko zailak diren esperientzien bitartez.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.futuroscope.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.