Ezarian. Futuroscope jolas parkea

Etorkizunaren historia

25 urte bete ditu aurten Poitiersen dagoen Futuroscope jolas parkeak, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrena ospatzeko.

Futuroscope jolas parkeko itxura modernoko eraikinetariko bat, aurrean jolasean ari den jendea irudikatzen duten hainbat eskultura dituela. GERALD BUTHAUD.
Inigo Astiz
Poitiers
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Historia bat ere badu etorkizunak. Poitiersen (Frantzia), adibidez, 25 urte dira jadanik Futuroscope jolas parkea ireki zenetik, eta mende laurdenez aritu dira teknologia eta entretenimendua uztartzen. Gaur egun, orokortua da joera zinema aretoetara, baina Futuroscopekoak izan ziren hiru dimentsioko filmak eskaintzen hasi ziren lehenetarikoak. Oraindik ere abangoardian egotea da haien asmoa, eta horregatik sortzen dituzte atrakzio berriak urtero. Aurtengoa ez da salbuespena izango, eta ekitaldi bereziak ere egingo dituzte, gainera, urteurrenaren aitzakian.

Unean uneko abiada eta zirrara bada nahikoa helburu jolas parke batentzat. Horretatik ere baduFuturoscopek, baina, horretaz gainera, esperientzia bat izanaren oroitzapena ere eskaini nahi du parkeak. Horregatik, zientziarekin loturik daude atrakzioetariko batzuk. Jakintzarekin. Badu parkeak alde pedagogiko hori. Abiada eta gogoeta uztartu nahia izan da haren bereizgarrietariko bat, eta energia berriztagarriei eskainitako Energien lorategia izeneko atrakzioa estreinatu dute aurten.

Teknologiaz poesia sortzen ere saiatu dira. Horregatik hartu dute aurten Antoine de Saint-Exupery idazlearen Le petit prince liburua (Printze txikia) atrakzio berrietariko baten oinarritzat. Jatorrizko bertsioa abiapuntutzat hartuta, printze txikiaren eta arrosaren arteko topaketa bat kontatzen du ikuskizunak. Lau dimentsiotan kontatu ere. Hiru dimentsiotan ikusten ditu bisitariak printze txikiaren abenturak, baina beste zentzumenei eragiten dieten efektuak ere baditu atrakzioak. IMagic izeneko magia ikuskizuna da aurtengo beste berrikuntzetariko bat.

Ikuskizun klasikoak ere badaude. Ikusgarria da, esaterako, Choques cosmiques izeneko emanaldia. Lurraren eta eguzki sistemaren inguruko dokumental atsegin bat ikusten du bisitariak aretoko kupula osoa hartzen duen pantaila erraldoian. Ilargiaren sorrera, eguzki ekaitzak, Lurraren polarizazioa... Urteak ditu atrakzioak, baina, oraindik ere, bisitariengan aldi oro harridura eragiten du. Harridura erabat humanoa: «Bai gauza txikia garela». Harridura hori da atrakzio askoren ardatza.

Klasiko bat da La Vienne dinamique izeneko atrakzioa ere. Urteak daramatza parkean. Hala ere, parkeko ikuskizunik deigarrienetariko bat da. Pantaila erraldoian ageri diren irudiekin batera mugitzen diren eserleku berezietan jartzen dira bisitariak. Kasik bereak balira bezala sentitzen dituzte pantailako protagonistaren gorabeherak. Bere ezkontzara berandu heltzen dela eta, trenetik salto egiten duen unean hasten da istorioa. Gero gerokoak: lasterketa autoak Erdi Aroko hirian, ziza magikoak, hizketan dakien zuhaitza...

Hiru dimentsioko ikuskizunak ez dira gutxi, eta irudiarekin batera ikuslea mugitzen duten aulki bereziak dituzte haietariko askok. Arthur et les minimoys da haien artean deigarriena. Mantangorri baten gainean igota abiada bizian egiten du bidaia ikusleak. Ziztu bizian, lurpeko mundu fantastiko batean. 1,20 metro baino txikiagoak diren umeek ez dute halako ikuskizunetan sartzerik. Baina badira haientzat bereziki prestaturiko guneak ere. Ur gainean ibiltzeko bizikletak, ur pantailekin osatutako ikuskizunak, kale animazioa...

Pantaila erraldoiak

Urteurrenaren harira, gainera, orain arte izan diren filmen hautaketa bat ere eskainiko dute parkean. Erraldoiak dira pelikulak. Ikuslea irensten du pantailak.900 metro koadro ditu Imax izeneko teknologia erabiliz sortutako lanak erakusteko pantailak, eta halakoetarako sortutako lanik deigarrienen hautaketa bat eskainiko dute Futuroscopen aurten. Eta berdin egingo dute 600 metro koadroko pantailarekin ere. Ikusgarria da, esaterako, Himalayako igoerari buruz sortutako dokumentala. Erraldoi ageri dira erraldoi diren mendiak.

Berrogei milioi bisitari izan ditu Futuroscopek ateak ireki zituenetik, eta Frantzian jende gehien hartzen duten parkeetariko bat da; bigarrena, Eurodisneyren atzetik. Asko dira, gainera, bisita errepikatzen dutenak. Eta Euskal Herrikoak dira haietariko batzuk. Ikastetxearekin egin du bisita Poitierseko parkera Belen Martin hamabost urteko donostiarrak. Ikasturte amaierako bidaia da, eta aurpegian igartzen zaio poza. «Harridura» aipatzen du berak ere. «Espero nuen baino askoz hobea izan da. Uste nuen aspergarria izan behar zuela; azken finean, jolas parke bat delako, baina oso dibertigarria izan da».

Handituz joan den parkea

Ezagutzen du harridura hori Silvie Rivierok. Bertatik bertara daki parkearen historia. 25 urtez aritu da bertan lanean. Ireki zutenetik, ia. Parkearen asmoa beti izan da berdina, dioenez. Dibertsioa eragiteko asmoa lehengo bera da; neurria aldatu da. «Inork ez zuen uste hainbeste handituko zenik, eta inguruan halako eragin positiboa izango zuenik, baina hala izan da. Gune polita da lanerako, azken finean, hona datorren mundu guztia ongi pasatzera dator, eta horrek giro berezia sortzen du. Noski, lana ere egin behar da, gogoz».

30 euro ingurukoa da egun bakarrerako txartelaren prezioa, baina eskaintza bereziak ere badira egun bat baino gehiago pasatu nahi dutenentzat, adibidez. Poitiers hirian bertan eta inguruan ere bada bisitatzeko leku ederrik, eta haiek ikusteko ere balia daiteke aukera. Euskal Herritik, gehienetan trenean etortzen da jendea. Hendaiatik abiatuta (Lapurdi), lau ordu ingurukoa da bidaia.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.futuroscope.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.