Etorkizuneko izarren erakusleihoa

Gaur hasi eta ostegunera bitartean sukaldaritza gaztearen IV. jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Iaz egindako jardunaldietara jende ugari bildu zen afari goxoak dastatzera. BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Amuko txipiroi erreki sorta Idiazabalgo zukuan, tipulin eta patata pastel ketuarekin. Zapoa kokoesnearekin, lima kaffirra, koko, barazki eta banana kraskataduna. Anana sorbete eferbeszentea koko hodeiekin eta kirsh erara egindako gereziekin. Horrelako plater goxoak dastatzeko aukera izango da gaurtik ostegunera bitartean Gasteizen, sukaldaritza gaztearen IV. jardunaldietan. Luze gabe izen handiko sukaldariak izango diren gazteak lapiko artean ibiliko dira hiru egunez Andere jatetxean. Andres Madrigal, Pablo Loureiro, David Yarnoz eta Ruben Trincadok sukaldean duten abilezia erakutsiko diete gasteiztarrei. Lau gazteak bidea egiten ari dira sukaldaritza munduan, eta dagoeneko ospea lortu dute Madril, Donostia eta Urdaitzen (Nafarroa) dituzten jatetxeetan.

Jardunaldien helburua gasteiztarrek gazteen sukaldaritza berriaz «gozatzea» dela azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Alvaro Tobalinak. «Publikoarentzat sukaldaritza entretenimendua izatea nahi dugu». Gainera, lau sukaldari gazteek egunotan prestatuko dituzten menuak sarituak izan dira azken hilabeteotan, eta jardunaldietan zeresana eman duten plater horiek jendeari eskainiko dizkiote.

Datozen hiru egunetan 30 lagunentzako afariak prestatuko dituzte lau gazteek, 21:00etatik aurrera. Gaur, jardunaldiak irekiko ditu Madrigalek, bihar Lourerioren txanda izango da, eta azken egunean Yarnozek eta Trincadok prestatuko dituzte platerak. Azken bi horiek Michelin izar bana dute, eta egun berean «bi izar» elkartzea jardunaldiak amaitzeko modu polita dela uste du Tobalinak.

Sukaldari bakoitzak estilo propioa dauka, baina laurek garrantzi handia ematen diote produktuari. «Sukaldaritza garbiaren aldeko hautua egiten dute, platerak mozorrotu gabe». Izan ere, urteekin jendearen apetak aldatu egin dira, eta sukaldariak ere bezeroaren nahietara moldatuz joan dira: «Garai batean modan jarri zen plater handietan zati txikiak aurkeztea, baina egun jendeak ez du halakorik nahi. Bezeroak bakailaoa jan nahi badu, bakailao zati bat ikusi nahi du platerean». Lau gazteek «etorkizun oparoa» dute, eta «Arzak, Berasategi eta bestelako izarren lekukoa» hartuko dute hemendik urte batzuetara, Tobalinaren aburuz: «Hamar edo hamabost urte barru estatu mailan lehen lerroan ikusiko ditugu, eta euren jatetxeetan jateko irrikan egongo gara».

Jakiak dastatu ez ezik, sukaldari gazteekin egoteko eta hitz egiteko aukera ere egongo da jardunaldietan. Izan ere, afariak amaitutakoan, sukaldariekin solasaldi lasaia izango dute bezeroek, platerei buruzko zalantzak argitu, gastronomiari buruzko iritziak elkartrukatu edota kexak helarazteko.

Oleagari omenaldia

Urtero, Arabako gastronomiaren alde lan eskerga egin duten sukaldariak omentzen dituzte jardunaldietan. Aurten, Jesus Oleaga Gasteizko Oleaga jatetxeko buruari egingo diote gorazarre. Izatez bizkaitarra den arren, 30 urte daramatza Araban bizitzen, eta 25 urte dira Esther Casado emaztearekin batera jatetxea ireki zuela. Aurten erretiroa hartzeko asmoa duenez, haren ibilbidea, profesionaltasuna eta bezeroarekin duen tratu paregabea goratzea erabaki dute antolatzaileek. «Oleaga Arabakoeta Gasteizko enbaxadorea izan da urtetan, eta egindako lan guztia eskertu nahi diogu». Ostegun gauean omenduko dute, jardunaldiak agurtzearekin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.