Martxan dira jada sanantolinak Lekeition (Bizkaia), atzo txupinazoa bota eta gero. Irailaren 8ra arte iraungo dute jaiek, baina, beti bezala, ostirala izango da egun berezia Lekeition. Antzara Eguna egingo dute egun horretan, eta, aurten ostirala izanda, ehunka bisitari espero dituzte. Kepa Arruza Kultura zinegotziak azaldu du beti bezala protokolo eta kontrol bereziak jarriko dituztela martxan. «Urtero jarraitzen zaio protokolo berari; beraz, eguna beti bezala joango dela uste dugu».
Bada berritasunik, ordea, aurtengo Antzara Egunean. Ohiko antzaraz gain, udalak polimeroz egindako antzara erabiltzeko aukera emango die hala nahi duten kuadrillei. Antzartek izeneko antzarak hainbat altxaldi jasan ditzake, lepoaren eta gorputzaren arteko burdina lauak duen zuloaren arabera.
Antzara mota hori erabiltzeko proposamena antzararen jaiaren balorazio batzarraren ostean egin zen. Julian Arrate batzordeko kideak azaldu duenez, iaz akats batzuk egon ziren, eta hamabi potin kanpoan geratu ziren. Akatsetako bat antzararen kalitatea izan zela gaineratu du. «Altxaldi kopurua eta espektakulua bermatzeko, Antzartek antzara soluzioa izan liteke». Iazko antzarak «makalak» izan zirela aitortu du, eta Antzartekekin «betiko» antzara jokoa mantendu nahi dutela dio, baina berme handiagoarekin. Iaz gehien iraun zuen partaideak sei altxaldi soilik egin zituen.
Ez da izango lehen aldia
Ez da izango, hala ere, Antzartek antzara erabiliko duten lehen aldia. 2006an, hegazti gripeagatik udalak polimerozko antzarak erabili behar izan zituen. Mota horretako antzara agertu zenetik,polemika handia egon da beti herrian. Arrateren esanetan, batzordeak polemikatik kanpo geratu nahi du: «Komisioaren barruan bakoitzak bere iritzia badu ere, talde modura ez dugu aukera baten alde egingo».
Antzaraz gain, Arratek azaldu du beste arazo batzuk ere izan zirela: «Partaide batzuk motel aritu ziren, eta ez zieten jarraibideei segitu». Arazo horiek saihesteko,hiru eguneko ikastaro bat antolatu zuten Isuntza arraun taldearen laguntzarekin. Bertaratutako kuadrillei erakutsi diete, besteak beste, estropuan nola egin, arraunean nola egin, eta antzara zelan kolpatu.
Neurri horiekin ikuskizuna «hobetuko» dela uste du Arratek. «Partaide guztiak adi badaude eta jarraibideei kasu egiten badiete, denek gozatu ahalko dugu egunaz». Gaineratu du etorkizunean araudia aldauko balitz bidea egina izango dutela Antzartekekin.
Eguneko jaiaren alde
Antzara Eguna iritsi aurretik, ordea, hiru egun dituzte aurretik lekeitiarrek. Gaur bertan, San Antolin eguna ospatuko dute. Arruzaren esanetan, bezpera egunarekin batera lekeitiarrentzako egunik garrantzitsuena da. Goizean, agintarien prozesioa egongo da. Alkateak eta zinegotziek udaletxetik elizarainoko bidea egingo dute, Lekitto musika bandak lagunduta. Arratsaldean, berriz, bertsolariak arituko dira plazan, eta egunari su festarekin eta mariatxien kontzertuarekin emango diote amaiera.
Gainontzeko egunetarako ere egitarau sendoa prestatu dute, eta eguneko ekintzen alde egin dute apustu. Arruzak azaldu duenez, lekeitiarrek egun osoko ekintzetan gozatzen dute gehien; bakailao eta paella txapelketak jarri ditu adibide: «Uste dugu eguneko ekintzekin adin guztientzako beharrizanak betetzea lortzen dugula».Gaua, ordea, gehienbat «kanpotarrentzat» dela gaineratu du, soilik festara joaten direlako.
Hala ere, gaua ez dute alde batera utzi nahi izan. Iluntzetan, esaterako, musika estilo guztietako kontzertuak egongo dira; adibidez, Doctor Deseok igandean Konpainiako elizan eskainiko du kontzertua. Iaz, Bebe aritu zen toki berean, eta zinegotziak esan du espazio horretan kontzertu bat entzutea esperientzia oso «berezia» dela. Kontzertuak oso «intimoak» izaten dira han, haren ustez, eta artistei asko gustatzen zaiela gaineratu du.
Egitarau paraleloa
Lekeitioko jai batzordearen egitarauarekin batera, txosna batzordeak berea aurkeztu du. Egitarau ofizialarekiko independentea bada ere, Arruzak azaldu du ekintzak bi taldeen artean koordinatzen dituztela arazorik ez izateko. Txosna gunea «herrikoiagoa» izaten dela gaineratu du, eta helburu hori bultzatzen saiatzen direla txosna batzordekoak.
Bi egitarauak ikusirik, argi dago Antzara Egunaz gain zortzi egunetarako festa ere bermatuta dagoela Lekeition.
Jaiak. Sanantolinak Lekeition
Etorkizunera begira bidea egin nahi dute
Aurten, 'Antzartek' izeneko polimerozko antzarak erabili ahal izango dira antzara egunean.Antolatzaileen helburua aurreko urteetan galdutako ikuskizuna berreskuratzea da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu