Etsi gabe, eutsi

Liburuak kontsumitzeko ohiturak aldatuta, herrietako liburu denda eta hirietako denda txiki asko itxi egin behar izan dituzte. Beste batzuek negozioa eramateko modua aldatu dute egoera horri aurre egiteko. Oraindik Amazonen inperioari eusten diote liburu dendek.

Interneteko salmentek min egin badiote ere, zutik dirau Lekeitioko Aralde liburu dendak. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Iker Tubia.
2017ko martxoaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira urte batzuk liburu denda txikiak ixten hasi zirela. Krisi ekonomikoa, kontsumo ohiturak aldatzea, pirateria, saltoki handiak, Internet bidezko erosketak... Hainbat izan dira arrazoiak. Herri txikietan egoera ez da xamurra liburu saltzaileentzat, ezta hirietako denda txikientzat ere. Hala ere, oraindik ere badira beren negozioari zutik eusten diotenak; normalean, bezero finkoei esker. Denda gehienek negozioa eramateko moldea aldatu behar izan dute aurrera egiteko.

Arkatz liburu denda ezaguna da oso Altsasun (Nafarroa). Hango jabea da Elena Aldasoro Galan duela hiru urtez geroztik. Aurretik ere urte anitz eman ditu han lanean. Haren aburuz, orain ez dira liburuak hainbeste saltzen. Antzera uste du Jaki Lautre Kukuxka liburu dendako langileak. Donibane Garazin du denda, eta saltzen dituen disko eta liburu kopurua jaitsi dela antzeman du. Haren aburuz, Interneten eraginaren ondorioz. Hala ere, biek ala biek bezero sare bat dute, eta haiei esker aurrera egin dute bi negozioek.

«Guk hamar urte daramatzagu, eta nabaritzen da geroz eta gutxiago saltzen dela; ez gutxiago irakurtzen delako, baizik eta liburu elektronikoengatik». Hori da Fabiola Judinen pertzepzioa. Ahizparekin batera darama Tolosako Babel liburu denda (Gipuzkoa). Liburu digitalak zabaltzen hasi zirenetik, papera desagertuko zela iragarri zuten hainbat adituk. Ez da horrelakorik gertatu oraingoz, eta ez dirudi hainbeste tokirik kendu dionik ere digitalak analogikoari. Uste horretakoa da Unai Pascual Auzolan liburu dendako arduraduna. Iruñean bi denda zituzten duela lau urte arte:oso handia bata, txikia bestea. Diru kontuak zirela tarteko, handia itxi egin behar izan zuten.

Pascualek uste du liburu digitalek gehitu egin dutela kendu baino gehiago. «Ez zen liburu digitala guri min egiten ziguna, sareko salmentak baizik; Amazonek». Azaldu duenez, azken bizpahiru urteetan gora egin dute Internet bidezko liburu salmentek, eta horrek min egin die liburu denda txikiei. Badira erosotasuna nahi duten bezeroak, eta klik bakar bat eginez liburua erosi eta etxera eramatea nahiago dute horiek. Egoera horri aurre egiteko, Auzolanek liburuak saltzeko webgunea prestatu du, «Amazonen baldintzekin». «Saltzeko irizpideak eta forma aldatu dira, onartu beharra dago», dio Pascualek. Zerbitzu hori eskainita ohartu dira sareko salmentek izan duten gorakadaz. «Ikusi dugu herrietako jendeak liburuak sarean erosten dizkigula, batik bat euskarazkoak». Izan ere, Pascualek dio euskaraz idatzitako liburuak aurkitzea zailago izaten dela Amazonen, batzuetan datuak gaizki sartzen dituztelako edo gaizki idatzirik daudelako.

Denda txiki askok, baina, ez dute Interneteko salmentara jo. Nahiago dute lehengoarekin jarraitu. Gasteizen, adibidez, bada sareko salmenta alboratu duen liburu denda bat: Jakintza. Enpresa batek harengana jo zuen Amazon txiki bat egin nahian, baina ezezkoa eman zion. Begoña Knorr dendaren jabeak ez du gogoko eredu hori. «Esan zidaten erosotasunagatik zela. Ulertzen dut, baina zer kostatzen da eskailerak jaitsi, liburu dendara etorri eta liburuak begiratzea? Ez dut uste hain urruti gaudenik. Hainbeste liburu iragartzen dira, gero ez dakidala jendeak asmatuko duen Internet bidez erosita, ez bada gauza zehatz bat nahi duzula». Izan ere, dendan liburuari begiratua ematen ahal diozu erosi aurretik, eta Interneten beti ez da hori gertatzen.

Amazonen inperioa

Interneten eragina antzeman dute Lekeition ere (Bizkaia). Han,Aralde liburu dendak egoerari eutsi egin dio Elbira Egigureni eta Aintzane Aboitizi esker. Biak dira negozioaren jabeak. Egigurenek uste du liburu dendak baino, oro har, herrietako denda txikiak ari direla ixten. Bezero leialak badituzte ere, kontsumo ohiturak aldatu direla antzeman dute, duela 35 urte denda zabaldu zutenez geroztik. Hark ere ez du uste liburu elektronikoek kalterik egin dietenik, baina Internet bidezko erosketak bai. «Jendea batzuetan nahiko ganoragabekoa da: liburu batengatik galdetu, eta, dendan ez badugu, nahiz eta hurrengo egunean ekarriko dugula esan, Internetetik eskatuko dutela esaten digute». Bestalde, jende asko hirietara joaten da erosketak egitera, baita liburuenak ere.

Pascualen aburuz, sareko erosketen aroa hasia da dagoeneko, nahiz eta Euskal Herriko egoera ezin den AEBekin edo Japoniarekin alderatu. «Industrializazio garaiaren hasiera bezala da; orduan, Ford zegoen industria handi batekin, eta denak harentzat lanean. Hau berdin, Amazon dago, megafabrika monopolista, jende asko haren atzetik dago, baina, pixkanaka, besteok pilak jarri ditugu, eta esperientziatik ikasten hasi gara». Auzolan liburu dendako arduradunak uste du antzeko zerbitzua eskainita, jendeak tokiko dendan erostearen alde egiten duela. Gainera, bestela erantzuteko aukera dago: «Arazorik bada, deitzen dugu, eta, gainera, euskaraz hitz egin. Hori Amazonek ez du egiten; gertutasuna guk dugu».

Egoera ikusirik, Egigurenek dio banatzaileen lana ere aldatu dela. Batetik, Lekeitiora eramaten dituzten pakete asko etxeetara eramaten dituztelako. Liburu dendetan, hobera egin dute, konpetentziari aurre egin ahal izateko. «Asko hobetu da. Duela 25 urte,guk astean behin jasotzen genituen paketeak; orain, egunero-egunero; gaur eskatutakoa bihar hemen dugu. Noski, lehiatu behar gara zentro handiekin». Hala ere, Lekeition zortedun sentitzen dira, zentroan daudelako eta, herriko ohiko bezeroez gainera, udan oporretara joaten diren askok ere liburuak erosten dizkietelako. «Negukoarekin bakarrik ezingo genuke; batak bestea konpentsatzen du». Beste toki batzuetan, baina, egoera zailagoa dela uste du. «Hemen egon beharrean Ermuan egongo bagina, posibleena da duela hamabost urte denda itxita egotea. Hori da penagarriena».

Salmentak jaistean, hainbat dendak bestelako produktuak eskaintzera beharturik ikusi dute beren burua. Adibidez, Kukuxka liburu dendan negozioari buelta bat eman zioten duela hiru urte, eta, liburu eta diskoez gainera, jantziak saltzeari ekin zioten. «Egoerak bultzaturik jantziak eta opariak saltzen hasi ginen, eta horrek oreka ekarri du», azaldu du Lautrek. Tolosako Babel, paper denda ere bada: «Pixka bat denetarik eduki behar duzu, opari dezente, aukerak zabala izan behar du. Bakarrik liburuekin gelditzekotan nahiko lan», azaldu du Judinek.

Kontsumo ohituren aldaketen barnean, Internet ez ezik, saltoki handiak ere ageri dira. Hor ere, erosotasunak okertzen du alde batera erabakien balantza. Batzuek nahiago izaten dute dena toki berean erosi. Nagikeriaren eta erosotasunaren alde hartutako erabaki horrek, baina, baditu alde txarrak ere, Knorren aburuz. «Saltoki handi batean ezinezkoa da jakitea zer duzun, joerek gidatuko zaituzte. Liburu bat gomendatzeko eskatuta, zera erantzungo dizute: 'Hau eta hau oso ongi saltzen dira'». Baina erantzunak «Zer duzu gustuko?» izan beharko luke. Salmenta kopuruak izaten dira saltoki horietako irizpideak Jakintza liburu dendako jabearen aburuz.

Erosteko moduetan ez ezik, erosten dena ere aldatu egin dela uste dute liburu denda txikietako arduradunek. Knorrek aipatu duenez, dagoeneko liburuak ez dira funtsezko afera jende askorendako. Gainera, denek gauza bera erosteko inertzia badela antzeman du. Dendari gehienek errepikatu duten hitza da bolada. Boladan dauden liburuak erosten dira geroz eta gehiago. «Lehen,liburu ezberdinak saltzen nituen; orain, puntakoetara jotzen dujendeak; kantitate asko, bai, baina boladan Dolores Redondo badago, Dolores Redondo», ohartarazi du Aldasorok. Irizpide bat eta bakarra gailendu ohi da.

Hori ikusirik, liburu denda txikiek aukera dute bestelako eskaintzen alde egin eta gainerako dendetatik bereizteko. Horrek haien inguruko komunitatea sortzea errazten du. Adibidez, Arkatz liburu dendak kanpaina zabalak egiten ditu hain ezagunak ez diren liburuekin. «Kultura ekintzekin, liburu salmentetan bultzada handia ikusi dut. Liburu aurkezpena eta erakusleihoa prestatuta, gero nabaritzen da», dio Aldasorok. Adibidez, mendi martxa antolatu zuen liburu bat aurkezteko. Hori eginda, ia 200 ale saldu zituen. Gainera, horrelako liburuak Arkatzekin lotzen dituzte herritarrek. Baina ez da soilik salmenta kontua, herriaren eragile aktibo bat gehiago izan nahi du Aldasorok. Lautrek idazleak eramaten ditu dendara. «Horrek publizitatea egiten dio liburu dendari, jendea erakartzen du, eta idazlearentzat ere interesgarria da, jendearekin harremanetan jartzen baita».

Bestelako ohiturak

Hainbat arrazoik aldatu dituzte liburu irakurleen kontsumo ohiturak, eta, horren aurrean, nork bere burua berrasmatu behar izan du. Hala ere, hainbat dendaitxi egin behar izan dituzte azken urteotan. Adibide egokiak izan daitezke Bilboko Kirikiño eta Lauaxeta liburu dendak. Sorkunde Arregi Lauaxetako jabeak BERRIAri emandako elkarrizketa batean arrazoiak azaldu zituen, 2015ean. Internet izan zuen hizpide, besteak beste: «Jendeak gutxi irakurtzen du, eta irakurtzen duen hori, Interneten edo liburu elektronikoetan. Askotan, gure aurrean esaten digute argitaratu berri den liburu bat ordenagailutik deskargatuko dutela. Eta horrek min ematen du».

Arregi kezkaturik agertu zen tratu pertsonalizatua galtzen ari zelako. Ez da kezka hori duen liburu dendari bakarra. Knorr bide beretik mintzatu da. «Ez nuke nahi denda txikiak desagertzerik. Hala izatekotan, zer ehundura sozial izango dugu ez badago txikirik? Soilik handientzako tokia egongo da?». Oraingoz, zailtasunak zailtasun eta norberak behar dituen neurriak harturik, baina liburu denda txiki askok eutsi diote. Etsi gabe, eutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.