Etxeak baldintzatzen du norberaren tokia

Bakoitzak bere pribatutasun premiak ditu: batzuek nahiago dute komunitate bizitza, sortzaileentzako ezinbestekoa da norberarentzako toki bat izatea... Alabaina, etxeen diseinuak eta zaintza lanek zaildu egin dezakete nahi bezala atontzea.

ZALDIEROA
ZALDIEROA
amaia igartua aristondo
2025eko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxea esparru pribatua da, norberarena. Baina batzuetan ez dago norberak nahiko lukeen modura. Ez dago hala, han bizi denari gaitza zaiolako berarentzako txokorik topatzea, ustez pribatuak diren eremuak ere partekatu behar ditu eta. Edo, kontrara, gehiegizkoa iruditzen zaiolako etxeak eskaintzen dion intimitatea, hartu-emanak preziatuagoak zaizkiolako bakardadea baino. Askotarikoak dira bizitoki bat egituratzeko irizpideak, eta ugariak dira, orobat, bakoitzak dituen premiak. Baldintzatzaileak, ordea, ez dira nolanahikoak: etxeen diseinu zurruna, zaintzaren exijentziak...

Bilboko Halo arkitektura kooperatibako kide Irantzu Ibañez Espinosa eta Andoni Duque Ingunzaren arabera, etxeen moldeak estandarizaziora jo du azken hamarkadetan. Hala antzeman dute inguruko lagunen eta senideen habia berriak bisitatu ostean, baita lanean ikusi duten pisu mordoan ere. «Etxeak zenbat eta berriagoak izan, orduan eta antzekoagoak dira barne distribuzioak», adierazi du Ibañezek. Eta orain dela pare bat urte egindako ikerketa batean (Repensar lo doméstico, Etxeko esparrua birpentsatu), ondorioztatu zuten estandarizazio horrek ez diola eragiten soilik Euskal Herriko eskaintzari, baizik eta mundu zabaleko joera bat dela, tokian tokiko ezaugarri kulturalak, erlijiosoak eta bestelakoak gorabehera.

«Gorputz batzuk beste batzuk baino intimoagoak al dira? Diseinuak berak ezkutatu egiten ditu gorputz batzuk»

IRANTZU IBAÑEZ ESPINOSABilboko Halo arkitektura kooperatibako kidea

Hala ebatzi zuten ikerketa hartan: «Funtzionalismoaren eraginez, ohiko etxebizitza horrela egituratzen da: eremu pribatu bat dago, eta beste bat publikoa. Etxearen erdia ni-arena da, eta beste erdia gu-arena. Gehienetan, ate batek bereizten ditu biak». Estandar berrian, garrantzi handiagoa hartu du ni-aren eremuak; alegia, logelak. Azken hamarkadetako diseinuetan, ahalik eta logela gehien sartzen ahalegintzen dira kide bakoitzak berea izan dezan, eta ahalik eta handienak, hainbat funtzio eskain ditzaten: oheaz gain, logelek armairu propioa ere izaten dute, mahai batentzako tokia —ikasteko edo lan egiteko—, telebista... «Orain dela 50 urteko etxeetan, logela oso txikiak ere egoten ziren; ohe bat eta armairu txiki bat sartzen ziren, gehienez. Orain, mespretxatu egiten dira merkatuan», azpimarratu du Duquek. Logeletan egiten direnez lehen eremu komunetan egiten ziren funtzioetako batzuk, bestelako hierarkia bat ezarri da, arkitektoaren berbei erreparatuta. «Gaur egungo distribuzioak espazio komunen gainetik jartzen du norbanakoarentzako espazioa».

Bizitokiak moldatzen badira, beste horrenbeste gertatzen da bizitzeko manerekin. «Azkenean, etxean ikasten dituzu gauza gehienak, sozializaziorako aurreneko lekua da, eta txikitatik bizi zaren etxe horretan zehazten duzu askotan zure bizitzeko modua», esplikatu du Duquek. Zehazki, uste dute egungo estandarrak «indibidualtasuna goraipatzen» duela, baita intimitatearen ideia «oso tradizional eta ia erlijioso bat» islatu ere.

Merkatuaren mende

Gurasoen gelan argi sumatzen dira irizpideok. «Gorputz batzuk beste batzuk baino intimoagoak al dira?», galdetu du Ibañezek, eta berehala erantzun: «Diseinuak berak ezkutatu egiten ditu gorputz batzuk». Komunaz ari da, hain justu. «Logela nagusiak, gurasoena edo familiako buruena den horrek, komun propioa eduki ohi du. Horrek esan nahi du arazo handiagoa dugula gurasoen gorputzak sozializatzeko, seme-alaben gorputzak baino. Komuna partekatu behar duzunean, baliteke besteek zure gorputza ikustea; baina, komun pribatua baduzu, ematen du zure gorputza ezin ikusizkoa dela». Paradoxikoki, gurasoak dira gaur egungo etxebizitzetan logela propiorik ez duten bizilagun bakarrak, eta, hain justu, komuna izan ohi da beren toki intimo bakarra: hara joaten dira bikotekideagandik edo haurrengandik aparte egoteko, adibidez. «Jaso dugun familia ikuspegian, gurasoak pertsona bakarra dira kasik: intimitate bera dute», Duqueren esanetan.

«Distribuzioak estandarizatu direnez, merkatuan dauden etxebizitzek erantzun bakarra ematen dute, eta pentsamendu kritikoa kamustu»

ANDONI DUQUE INGUNZABilboko Halo arkitektura kooperatibako kidea

Horrenbestez, bizilagun bakoitzari gutxieneko intimitatea bermatu behar al dio diseinuak? «Uste dugu erabaki hori bakoitzak hartu behar duela, askatasunez», esan du Duquek. Aldiz, diseinuak tarte txikia uzten du alternatibak garatzeko, nahiz eta horiek egon badauden: arkitektoek aletu dutenez, jende guztiak ez du intimitate bera behar; logelan lan egin beharrean, batzuek gurago izan dezakete beharrerako eremu komun bat sortzea; eta azkenaldian indarra hartzen ari da haurrekin ohea partekatzeko ohitura. «Baina distribuzioak estandarizatu direnez, merkatuan dauden etxebizitzek erantzun bakarra ematen dute, eta pentsamendu kritikoa kamustu», gaitzetsi du Duquek.

Merkatua mugatua da, bai, baina ez erabat. Zirrikituak badaude. Etxebizitza kolektiboek, esaterako, abagunea ematen dute ezartzeko zein erabilera diren pribatuak eta zein txerta litezkeen eremu publikoago batean; abagunea ematen dute, funtsean, intimitatearen inguruan gogoetatzeko. Euskadiko Arkitektura Institutuko teknikari Martin Etxeberriak azaldu duenez, etxebizitza kolektiboak graduazio bat ezartzen du esparru publikoaren —kalearen— eta esparru pribatuaren —etxearen— artean: komunitatea. «Modelo klasikoetan, ataria eta eskailera baino ez dituzu partekatzen bizilagunekin, eta beste erabilera guztiak zure etxebizitzan sartuta dauzkazu». Bizitoki kolektibo batean, ordea, funtzio batzuk norberaren etxetik kanpo egiten dira, esparru komunitarioan.

Euskadiko Arkitektura Institutuak etxebizitza kolektiboen hainbat adibide jaso ditu Elkarbizitzen erakusketan —ekainaren 1era arte bisitatu daiteke—. Zehazki, institutuak antolatutako Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariko finalistak erakusten dituzte. Etxe horietan, komunitario bilakatu dituzte, esate baterako, sukaldea, garbigailuak, egongelak, lan egiteko tokia... «Jendeak badu uste hau: ‘Komunitatean bizitzea erabakitzen badut, pribatutasuna galduko dut, komunitatea askoz inportanteagoa da eta’. Baina hori ez da horrela. Etxebizitzari lotutako erabilera batzuk kolektibizatu egiten dira, baina ez guztiak», egin du ñabardura Etxeberriak. Areago, intimitatea gehiago babesten dela uste du.

«Lagunekin afari bat badaukazu, etxebizitza kolektiboko sukaldea eta jangelak erabil ditzakezu, baita komunak ere. Inor ez da sartuko zure komunera, zure gelara...»

MARTIN ETXEBERRIAEuskadiko Arkitektura Institutuko teknikaria

Sariketan gailendu zen etxebizitza kolektiboa aitatu du teknikariak: Bartzelonako La Coll. «Lagunekin afari bat badaukazu, adibidez, komunitateak dituen sukaldea eta jangelak erabil ditzakezu, baita komunak ere. Inor ez da sartuko zure komunera, zure gelara...». Egitura malgua da, edozelan ere. «Komunitatean sukaldea izateak ez du esan nahi etxebizitzetan sukalde propioak eduki ezin dituztenik».

Biltzeko toki bat

Beste batzuetan, baina, mugak ez dira soilik fisikoak. Emakume sortzaileak gela bat eta soldata bat eduki behar dituela adierazi zuen Virginia Woolfek orain mende bat, baina, Yolanda Arrieta idazlearen ustez, gela hori dagoeneko lortu den arren, oraindik kostatu egiten da norberarena dela esatea. «Andrazko idazleak agian izendatu du etxean gela bat norberarena; baina, gero, bizitza iragazi zaio zirrikituetatik, eta hasieran soilik norberaren gogorako izan behar zuen gela hura ‘denen onerako’ gela bilakatu da: arropak zintzilikatzeko barrunbe, lekurik ez dutenen biltegi, gonbidatuentzako logela edota guztiak batera». Hala dio Arrietak Etxe bat norberarena saiakera poetikoan (Alberdania, 2024), eta hala laburbildu du ideia hori liburua argitaratu eta hilabete batzuetara: «Batzuetan leku txikitxo bat lortzen da, baina hori mantentzea ez da erraza».

«Nomada» moduan egin izan du behar idazleak, askotariko lekuetan: etxeetako geletan, sukaldean, langune partekatuetan, liburutegietan, kafetegietan, parkeetan... Eta orain, berea duen etxe batean. «Eta gozamena da norberaren lekua edukitzea, eta mundu guztiak jakitea leku hori sortzeko dela. Baina kostatu egiten da norberarentzako leku hori aldarrikatzea, berekoia izatearekin lotzen baita, eta ez du zerikusirik». Aurrena, sortzaileak zabaldu beharra dauka, idazlearen arabera: adi-adi egon, informazioa jaso. Eta, hurrena, bere baitan bildu beharra dauka, jasotakoa bere egiteko, emozioetatik pasatzeko, aurreko esperientziekin alderatzeko, mamitzeko, eta hortik abiatuz sortzeko. Ariketa horretarako, ezinbestekoa da norberarentzako toki bat, bestelako kezkak kanpoan uzteko modua emango duen txoko bat.

«Akordeoi baten modukoak gara: zabaldu egiten gara —zaintzarekin, adibidez—, baina, gero, batzeko leku bat ere eduki behar dugu»

YOLANDA ARRIETAIdazlea

Sarritan, baina, zaintza lanek talka egiten dute intimitate premiarekin. «Emakume izateagatik denentzat, familiarentzat, ongizate komunarentzat lan egin behar dugula irakatsi digute. Ez diot balio horiek txarrak direnik, inondik inora; oso onak dira. Baina izan daitezela denok, pertsona gisa, landu beharrekoak». Zaintza ere bada zabaltzeko prozesuaren parte, Arrietaren aburuz. «Zaintza lanetan, zaindua den horren zerbitzurako zaude. Orduan, norberaren ni-a utzi beharra dago, entregatu». Egon liteke tarterik zirriborroak egiteko, ideiaren bat edo beste apuntatzeko... Baina noizbait zarratu beharra dago, norberaren lekuan gotortu, esperientzia horietatik abiatuz sorkuntzan jarduteko. «Horrek ez du esan nahi besteekin ezin duzunik partekatu: hor dago ni-tik gu-rako pauso hori, liburuan aldarrikatzen dudan leloa».

Bi mugimenduak oinarrizkoak dira sorkuntzarako, Arrietaren irudiko: hala zabaltzea, nola ixtea. «Akordeoi baten modukoak gara: zabaldu egiten gara —zaintzarekin, adibidez—, baina, gero, batzeko leku bat ere eduki behar dugu. Akordeoiak zabaldu eta itxi egin behar du-eta musika ateratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.