Ez dira gutxi etxean prestaturiko jakiak lantokira eramaten dituztenak. Bazkaltzeko denbora urriak eraginda, asko hedatu da lantokian bertan presaka jateko ohitura, eta dirua aurreztearen zein bizkortasunaren mesedetan, tuperren kultura erabat errotuta dago.
Ohitura horri buelta emateko asmoz, zerbitzua eskaintzen dute Zuremenua eta halako enpresek. Bertako langile Iker Sopelanaren aburuz, «catering enpresen eginkizunez harago» doaz, eta egunero 60 menutik gora banatzen dituzte Debagoiena, Debabarrena eta Durangaldeko lantokietan. Langileen «bizi-kalitatea eta erosotasuna» bermatzea da enpresaren lehentasunetako bat, eta tuperra uzteko deia egiten dute.
Erosketetan eta prestaketa lanetan denbora aurrezteko parada ematen die langileei, lantokitik mugitu barik jasotzen baitute otordua. «Labetik, lantokiko mahai gainera zuzenean doa, eta horrek denbora libre gehiago izatea ahalbidetzen die», azaldu du.
Astero, 45 plater jartzen dituzte aukeran. Entsalada tropikala, baba zuriak, arroz beltza txibiekin, haragi bolak saltsan edo oilaskoz betetako krepeak dira horren lekuko. Guztiak ere su txikian eginiko jakiak dira, Sopelanaren arabera; eta sukalde industrialen lan egiteko moduarengandik «bete-betean aldentzen dira». «Etxean bezala jaten dute, eta, tuperrekin ez bezala, askotariko produktuak dastatzeko aukera ematen diegu, beti berdina jan ordez».
Alde horretatik, egungo beharretara egokitutako zerbitzua ere bada, www.zuremenua.com webgunearen bitartez kudeatzen baita guztia. Bezeroak bertan sartu, izena eman eta datorren astean jateko eskaintzen diren aukeretatik gogokoenak hautatu beharko ditu.
Erosketak, eskaeren ostean
Zuremenua enpresaren sekretu nagusietako bat da erosketak neurrira egiten dituztela. Astero menu guztiekin taula bat argitaratzen dute, eta ostegunetan, hurrengo asteko platerak hautatzeko epea amaitutzat ematen da. Horren ondotik, jasotako eskaeren arabera, «soilik erabili beharrekoa» erosten dute. «Galera ekonomikorik ez izaten lagundu digu, soberakinik ez baitugu botatzen».
Ibon Birunbrales sukaldariari otu zitzaion egitasmoa. Lanean ziharduen Elgetako jatetxean (Gipuzkoa) geroz eta jende gutxiagok menua jatearen alde egiten zuela ikusita, negozioa birmoldatzearen beharra ikusi zuen. Hiru lagunekin bildu, eta proiektuari itxura eman zioten, urte honetako martxoan abian jarri arte.
Orduz geroztik, merkatuan toki bat egitea nekeza egin bazaie ere, korapiloa askatzea erdietsi dute, eta horretan zerikusi handia izan du ahoz ahoko hedapenak. «Ezagutzen ez gaituen jendea gure jakiak dastatzera animatzen dugu; doan eta konpromisorik gabe». Hala, bezeroen esperientzia positiboek oihartzuna eman dietela uste du Sopelanak.
Eskaerak areagotuz joan dira astetik astera. Uda sasoian geldiune bat antzeman duten arren, abuztuko azken astetik inoizko menu kopururik handiena banatzen dabiltza. Hartara, etorkizun motzean Euskal Herri osora hedatu nahi du enpresak. Dena den, «astiro» lan egiteko modua berretsi du, bestela ez direlako eskaera oro «behar bezala» erantzutera iritsiko.
Etxeko otorduen pare
Jakiak lantokietara eramaten dituzte hainbat enpresak. Prestaketak saihesteaz gain, denbora aurrezteko eta aisialdirako parada ematen die ehunka langileri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu