Elikadura. Hazkurri kontuak

Etxekoandrerik ez izatearen ondorioak

2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ez da oportunismoa. Martxoaren zortzia izan, azaroaren hogeia izan, emakumea etxetik irten eta kalean ere hasi da lanean, diru gutxirekin bizi ezin daitekeela dioskulako sistemak: hobe bi soldata ekartzea, edo lau, eta lanordu estrak, eta gure etxeko lanak egingo dituen norbait ekarri, eta gaizki ordaindu horri, eta kanpoan gosaldu, zutik, eta bazkaldu, banan-banan paretari begira, eta astirik ez izan umeez arduratzeko, janaria zer den arduratzeko, ongizateaz gozatzeko. Bihar izango (omen) dugu aukera. Zoriontasuna, gaurkoz, etxe bakoitzean bi auto, berri-berriak, edukitzea da.

Kontsumitzeko garaian ere, bakerik ez, segi korrika: hanburgesak, patata frijituak, saltxitxak, izozkiak, pizzak… janari gehientsua murtxikatzen neke handirik hartu gabe kaioak bezala irensteko moduan salduko da, bere ontzian, kuzinatua, hezur, zuztar, azal eta guzti, dena xehatuta, usainik gabe, kolore polita zaindurik. Kontsumitzaileak, gehienez ere, kartoizko bildukitik atera, mikrouhinean berotu eta zurrutada maionesa edo ketchup erantsi baizik ez du izango, esku bakarrarekin; bestea, telebistako agintearekin zapping egiteko egina baitago. Hori dena, etxeko multimedia aretoan, modernoen etxeetan sukalderik ez baitago. Zertako sukaldea, bertako lanetan inork ez dakiela? Hobe tarte horretan hi-fi erraldoi bat jartzea, beti itzalita egongo den arren («Ezertarako astirik ez, motel!»).

Egun, produktu asko «ia erabat prestaturik» merkaturatzen dira (bizkotxoak, souffleak, entsaladak, zopa eta saldak, haragi gisatuak, saltsak, arrain xerratu eta birrineztatuak, kroketak, ogi, opil eta hostoreak erreta); eta beste batzuk, berriz, jateko pronto (izozkiak, opilak, kixeak, budinak, lasagnak, arrain pastelak, zopak…). Noski, etxean ez etxekoandrerik, ez sukaldari profesionalik izango ez denez, kuzinatzea (autopsiak egitea bezala) profesionalen lan berezitzat hartuko da: «sutondoko saltsero» eta filateliko izatea antzekoak izango dira, zaletasun kontu arkaiko samarrak, alegia.

Ez dugula asmatu etxekoandre hark utziriko hutsunea betetzen, alegia. Baina garaiz gaude, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.