Bukatu da. Akabo. 204 orduko festBukatu da. Akabo. 204 orduko festa amaiezinaren noria gelditu da. Hiria gaur ajeak jota esnatzearekin batera, balantzea egiteko ordua iritsiko da. Iruñeko Udalak eta gainerako taldeek gaurko utzi dute azterketa, baina krisia da aurten nabarmendu beharreko ezaugarri nagusia. Iruñea sanferminetan burbuila antzeko batean murgiltzen bada ere, festak ez daude ingurune sozialetik at, eta testuinguru ekonomikoa modu nabarmenean islatu da. Garai batean, aurtengo modura bi asteburu zituen festa batzuek jende uholde ikaragarria erakarriko zuketen Iruñera. Aurten, bai lehen hiru egunetan eta bai azkeneko bietan pertsona kopurua handia egon bada ere, kaleetan espero baino jende gutxiago egon den irudipena nagusitu da.
Jende kopuruak erabat baldintzatu du festa aurtengoan. Bere alde ona izan du. Atzerritarrak etorri badira ere, etxekoen neurriko festak izan dira. Beste alde ona da festa gehiegikeriak egiteko aukera gisa hartzen duten pertsonen presentzia urriagoa izan dela eta horrek gehiegikeriak gutxitu dituela.
Sanferminak ogibide dituzten ostalari, taxista, tabernari eta gainerakoek ordaindu dute alde txarra. Diru sarrera handiko garaia izan arren, nabaritu dute jende gutxiago izan dela. Beste alde txarra da, jende gutxiago egon arren, zabor kopurua handitu dela. Batetik, murrizketen eraginez, garbitzaile gutxiago daudelako, eta, bestetik, jendeak kalean edaten duelako.
Kaleko giroa. Giro ona, alde ilunekin
Oro har, giro ona eta izpiritu irekia nabarmentzen dira beti sanferminetan. Aurten ere bai. Sanferminen bereizgarritako bat da. Kaleko giro horren hauspo nagusia peñek, Gora Iruñeak eta txarangek jartzen dute. Horiek gabe, festak beste kolore bat, beste doinu bat izango luke. Ziurrenik grisagoa, isilagoa.
Kalean izpiritu irekia dago, eta horrek lagundu egiten du, krisiak krisi, jende asko biltzen den tokian giro aparta eta istilu gutxi egon dadin. Dena den, jakina, salbuespenak badira. Gero eta gehiago. Horregatik, tamalez, joera orokorrago baten sintoma izan daitekeenez, Iruñeak saltzen duen jai ereduari buruzko gogoeta egin beharko lukete udaleko arduradunek.
Alde horretatik, aipagarria da garbiltzaileek egin duten salaketa. Hilaren 6an, garbitzaile bati eraso zioten hainbat pertsonak, eta lau egun egin zituen ospitalean. Kolektibo horrek salatu du, hasieran irainak zirela, baina orain mehatxuak eta erasoak ere jasaten dituztela. Giroa gaiztotzen ari da, eta «errespetu falta» gero eta agerikoagoa da. Atal jakinak izanagatik, kezkagarria da Iruñea araurik gabeko hiri gisa hartzea askok.
Eraso sexistak. Festa parekideak, urrun
Erabat lotuta dago. Orain arte jakinarazi dutenez, babes zibileko langile bati eraso egin zion norbaitek, baina oihuka hasi zen hura, eta ihesean atera zen erasotzailea. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, festa parekideak lortzetik gertu daudela sanferminak. Lekuko baten arabera, hilaren 6an, polizia eske eta shock egoeran zegoen neska atzerritar bat ikusi zuen. Hurrengo egunetan jakingo da bortxaketa saiorik izan den. Salaketak ez egoteak ez du esan nahi egon ez direla. Festaren aitzakian zenbaitek errespetuaren muga gainditzen dute. Daturik ez dago, baina, tamalez, errealitate bat da.
Entzierroak. Azkarrak eta antzekoak
Tragediaren mamuaren presentzia entzierro orotan antzematen da. Entzierroa hastearekin batera etortzen da eta bukatzearekin batera joaten da. Karrera horren bereizgarria da. Gerta daitekeenaren beldurrez, piztia (entzierro) kontrolatzeko neurriak ugarituz joan dira azken urteetan, eta horien sofistikazioak, batez beste, beti antzeko karrera errepikatzera eramaten du. Azkarra, oso azkarra. Ezaugarri bereko lasterketak nabermendu dira aurten ere.
Ez da halabeharrezkoa. Korrika egitera prestatutako zezenak ekartzeak, unaien lanak, Mercaderesko bihurgunean ez labaintzeko gai kimikoa botatzeak karrera mota jakin bat errepikatzea dakar. Zezenak taldean doaz, eta, bakarrik geratzen ez den zezenik gabe, adarkadak egoteko arriskua ekiditen da. Asteleheneko Cebada Gago zezenen entzierroan geratu zen bakarrik Fugado, eta zezen horrek aurtengo lau adarkadatuetatik hiru eragin ditu. Historikoki, urtero, batez beste, zortzi adarkatu izaten dira. Astelehenekoa salbu, beste guztiak 2.30 minuturen bueltan izan dira.
Zezenen abiaduraren eraginez, korrikalari asko erori dira, eta, horren ondorioz, kaleko osasun arreta handitu egin da: batez beste, 65 inguru entzierroko. Kolpe eta bestelako traumatismoen ondorioz, 34 pertsona zauritu dira, iaz baino bat gehiago. Erresuma Batuko bi herritar bakarrik daude oraindik ospitalean.
Riau-riau. Horrela ez, alkate, horrela ez
Hogei urteren ondoren, Enrique Maia alkateak aurten Riau-riaua berreskuratzea erabaki zuen. Eginahala antzua izan da, hasi eta gutxira plaza barruko istiluengatik bertan behera uztea erabaki zuelako Maiak. Ondorengo egunetan, hainbat lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak eta autoritateari erasotzea leporatzen die. Han zen lekuko batek azaldu duenez, kalez jantzitako poliziak egon ziren tartean jendea probokatzen. Alkateak berehala ekitaldia bertan behera utzi zuen, eta hurrengo egunetako egunkarietako tituluak irakurrita, irudi du politikoki argazki hori bilatu egin zela.
Riau-riaua zinez berreskuratu nahi bada, Udalak ahalegin handiagoa egin beharko luke herri mugimenduekin hitz egin, eta giroa ez gaiztotzen lagundu dezaketen neurrietan ados jartzeko. Bi gertaerek harreman zuzenik ez izan arren, aipagarria da udalak Gora Iruñeari azken orduan bere egitaraua debekatu egin ziola, edo uztailaren 5ean, festen bezperan, hondea makinak Arantzadiko baratzeetan sartzea eta Aldaia sendiaren baserria eraisteko agintzea. Horregatik, Riau-riaua berreskuratzearen aldeko pausoak eman nahi izanez gero, giroa baretzeko bere ekarpena ere egin beharko luke udal gobernuak. Aurrekariek diote ez duela egin, eta susmagarritzat jo daiteke polemika bilatu nahi izatea.
Txupinazoa. Polizia presentzia handia
Azkeneko bi urteetan, ikurrinarekiko obsesioa erakutsi du udal gobernuak. 2010ean udaltzainak sartu ziren kolpeka, ikurrina kentzera; iaz, kuterrekin moztu zuten ikurrin erraldoia. Aurten, berriz, manifestazio istilutsu baten hasiera zirudien txupinazo aurreko unea. Foruzain, udaltzain eta polizia ugari istiluen aurkako materialarekin. Ikurrin txikiak plazan sartzea baimendu arren, guztiz neurrigabekoa da sinbolo baten aurkako jazarpena.
Sanferminak Iruñean. Balantzea
Etxekoen neurrira
Krisiak markatu ditu sanferminak. Aurreko urteetan baino jende gutxiago izan da; batez ere, astelehenetik aurreraRiau-riaua zinez berreskuratzeko, Udalak giroa baretzeko ekarpena egin behar luke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu