ATZEKOZ AURRERA

Etxera liburu berri batekin

Liburu bat nola egiten den ikasi dute Iruñeko zenbait eskolatako haurrek Nafarroako Edizioaren Azokako tailerretan. Argitaletxeen lana zein den ezagutarazi diete horrela.

Iruñeko San Frantzisko eskolako haurrak, atzo, liburu bat nola egiten den ikasteko tailerrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Nola egiten da liburu bat? Tolestuz, ezta? Bada, tolestu horrela». Juana Sanchezen hitzei adi-adi ziren Iruñeko San Frantzisko eskolako laugarren mailako ikasleak. Koloretako orria erditik tolestu, gero berriz erditik tolestu eta hirugarrenez tolestu, orria ezkerretik eta behetik irekitzeko moduan utzita. Liburu bat egingo dugu zen tailerraren izena, eta Sanchez gidaria. Liburuak nonahi ziren han, argitaletxeek ezker-eskuin paratutako postuetan. Nafarroako Edizioaren Azokara joan ziren San Frantzisko eskolakoak, etxera liburu berri batekin itzultzeko asmoz. Haiek egindakoa, baina.

Sanchezek argi utzi zuen: «Ez da imajinazioa lantzeko tailer bat; azaldu nahi diegu zer prozesu dagoen liburu baten atzean». Horretarako, karpa txiki bat zuten azokaren ondoan. «Nori gustatzen zaio irakurtzea?», galdetu zien tailerraren gidariak. Bostek altxatu zuten eskua. «Eta nori ez zaio gustatzen?». Inork ez zuen eskurik altxatu. Ikasleetako bat ausartu zen erantzutera: «Liburuaren arabera».

Sanchezek azaldu zien liburuetako edukiak askotarikoak direla, baita liburu motak ere, eta gizakiak bere ideiak liburuetan inprimatzera ailegatu arteko bidea ezagutu zuten. «Badakizue zer den inprenta?», Sanchezek. «Ez dakit zer den, baina entzun dut», ikasle batek. Argitaletxe baten lana nolakoa den xehe-xehe azaldu zien hitzez, irudien laguntzarekin: editorearen lana, maketazioa, ilustrazioa eta, noski, inprimaketa. «Paper mota aukeratu behar da, eta oinarrizko hiru koloreak eta beltza erabiltzen dira kolore guztiak egiteko. Ondoren, plegua egiten da».

Liburu bat esku artean

Tailerraren bigarren zatia praktikoa izan zen, eta plegua egin zuten koloretako paperekin. Horregatik hainbeste tolestura. Hirutan tolestutako paperean zenbakiak paratu zituzten, batetik hamaseira, liburuaren orrialde izanen ziren horiek izendatzeko. «Bederatzigarrenera iristean konplikatuko zaizue», ohartarazi zien Sanchezek. Hala izan zen, hortik aurrera hatz potoloarekin eutsi, behetik tolestu eta zenbakia modu deserosoan idatzi behar baitzen. Denek egin zuten, irakasleen laguntzarekin bazen ere.

«Badaukagu gure liburua. Orain azala falta da», esan zien tailerreko gidariak. Koloretako kartulinekin egin zuten azala. Tolestu, eta plegua gainean paratu zioten. «Orain guraize operazioa», esan zuen haurretako batek kartulina eta plegua moztu behar zituztela jakin zuenean. Bi triangelu txiki moztu zituzten albo banatan. «Ui,ui,ui...», ikasle batzuk urduritu ziren.

Zuloak eginda, plegua azalaren barruan sartu zuten. Hurrengo urratsa azala eta orriak elkartzea izan zen. Horretarako hari lodi bat erabili zuten, berde bizia. Aizturrekin moztutako bi triangelutxoetatik pasatu eta atzean korapilo bikoitza eginda, liburu bat zuten esku artean.

Eskulanak liburu itxura hartu ahala, haurren gogoa are gehiago piztu zen. Lanak ez ziren hor bukatu, aitzitik. «Orain pleguaren aldeak moztuko ditugu, orriak askatzeko». Tolestutako orri bakarra zena zortzi orriko bihurtu zen, edo hamasei orrialdeko.

«Orain dibertigarriena: nahi duzuen bezala tuneatu edo apaindu dezakezue», esan zien Sanchezek. Bi hari mutur zintzilik geratzen ziren liburuaren kanpoko aldean, eta norberak nahi zuena egin zezakeen horrekin: lazo bat, liburua itxi edo hari muturrak moztu. Eta azken ukitua: «Liburuetan egilearen aurpegia ateratzen da, ezta?», galdetu zien Sanchezek. Ikasleek haien argazkia eraman zutenez, azalaren barneko aldean itsatsi zuten. Eta, noski, azala marraztu: kalabazak, izen bat edo marrazki abstraktuak. Denetarik egin zuten.

Hain zuzen ere, ideia berriak eta originaltasuna nabarmendu zituen Sanchezek tailerra bukatzean, nork bere modura egin baitzuen liburua. Oneka Fraucak egunerokoa egin zuen. «Baina eguneroko sekretua da», zehaztu zuen. Julen Oterminek nahiago izan zuen futbolari buruzko liburu bat egin, eta Miles Mendozak errezeta liburua ondu zuen. «Egun batean errezeta bat prestatu nuen etxean nik bakarrik, eta gustatu zitzaidan», kontatu zuen. Baina bestelako liburuak egitea ere maite du: «Nik komikiak egiten ditut etxean. Normalean hamar egun kostatzen zait komikia bukatzea».

Otermin harriturik zen: «Ez nuen imajinatzen liburuak horrela egiten zirenik». Gustura aritu zen eskulanetan. Frauca ere bai: «Oso polita izan da tailerra. Gehien gustatu zaidana liburua egitea izan da». Tolestu, moztu, izendatu, josi... «Pixka bat zaila» iruditu zitzaion liburu bat egiteko lana. Hala ere, kontent zen emaitzarekin: «Azkenean ongi atera zait». Ez zuen baztertu handitzean liburu handiago bat egitea.

Asteazkenean hasi ziren tailerrak, eta atzokoa izan zen azkena. Azokak jarraituko du; asteazkenera bitarte egonen da zabalik, norberarena ez bada ere, besteren liburu bat etxera eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.