Etxetik etxerako abentura

BERRIAk antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako saria jaso dute Pantxika Irigarai eta Xumai Murua azkaindarrek, 'Zaldi bat Zaldibiarat' lanari esker.

Pantxika Irigarai eta Xumai Murua, erdian, Felipe Uriarte eta Martxelo Otamendiren eskutik saria jasotzen. BERRIA.
Nagore Rodriguez.
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hiru sari irabaztea bezalakoa izan da: bidaia bera egitea, kontakizuna osatzea eta lehiaketa irabaztea». Xumai Murua eta Pantxika Irigarai pozik daude BERRIAk antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi ondoren. Iazko udan Azkainetik Zaldibiara egindako bidaiaren kronikarekin lortu dute Marokorako bidaia. Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak mendi elkarteko kidearen eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren eskutik jaso zuten atzo saria, Martin Ugalde kultur parkean.

Bost eguneko bidaian Azkainetik Zaldibiarako bidea egin zuten, Lapurditik Gipuzkoara, Nafarroatik pasatuz: «Familiaren etxetik familiaren etxera; gu azkaindarrak baikara, eta aitaren sortetxea Zaldibia baita», azaldu du Muruak.

Bidaia ez zuten bakarrik egin, bi lagun izan baitzituzten momentu oro alboan: Goizeko bizikleta eta Gaueko sei urteko zaldia. «Gure inguruan itzulitxoak egiteko ohitura badugu. Pantxika zaldiz ibiltzen da, eta niri bizikletaz ibiltzea gustatzen zait», argitu du Muruak. Ibilbide labur horiek bidaia luze bihurtzea pentsatu zuten, eta hala hasi ziren pixkanaka bidaia antolatzen. «Euskal Herriko mapa hartu eta Azkaine eta Zaldibiaren artean marra bat egin genuen, eta gero pixkanaka zehaztu genuen nondik pasako ginen. Gipuzkoan errepide asko daudenez, Nafarroa aldetik egitea erabaki genuen, lasaiago egingo genuela pentsatuz».

Euskal Herriko zeharkaldia, udan

Bidaia egin aurretik, ondo prestatu behar izan zuten dena, zaldiarekin bidaiatzen zutelako, batez ere. «Kasu egin behar da zaldiarekin bidaiatzean, ura non den zehaztu; ezin da zernahi egin, eta ongi begiratu genuen», zehaztu du Irigaraik. «GPSa ere bagenuen aldean, baina ez genuen beti begiratzen, eta egunero galdu gara».

Abentura politak izan zituzten bost egunetan, «zaldiarekin eta bizikletarekin bidaiatu dugunez, beste erritmo eta abiadura batean gindoazen, eta horrek ere ibilbideaz gozatzeko beste modu bat ematen du».

Bidaia ez zen ohikoa izan, eta kontaketak ere halakoa behar zuen. Bertsoez lagunduta egin zuten kontakizuna. Bidaia egiten ari zirela, eguneroko bat idatzi zuten, eta horretan oinarrituta idatzi zuten BERRIAko lehiaketara bidalitako Zaldi bat Zaldibiarat lana. «Zaldiak bazuen bere garrantzia bidaian, eta bertsoak zaldiari ahotsa emateko eta hark parte hartzeko modu bat izan dira», dio Muruak.

Bidaiaren oroitzapen goxoak gordetzen dituzte bi gazteek, eta, horregatik, jadanik hasiak dira prestatzen aurtengo udarako proiektua: «Euskal Herri osoa zeharkatu nahi dugu, berriro ere zaldi eta bizikletarekin. Kilometro asko dira, eta ondo prestatu beharra daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.