Walkie-talkie bat hasi da seinaleak ematen Zeraingo (Gipuzkoa) ostatuaren kanpoko aldean. «Trikuak badatoz!», aditu da bertatik. «Barkatu, zer dator hor, lasterketaren bat?», galdetu du emakume batek. «Ez, ez, espedizio bat!», zuzendu dio irribarrez Irune de la Maza Euskarabenturako koordinatzaileak. Hiru taldetan banatuta datoz jzioquitarrak, ohi bezala, abiadura desberdinetan: trikuak, kattagorriak eta erbiak. Handik gutxira, 16:00ak aldera hasi dira, tantaz tanta, kamiseta urdin eta laranjako kideak frontoira iristen.
@berriaegunkaria Euskarabenturako kideek ibilaldiaren erdia egin dute. Gaurko etapa Araiatik Zerainera da. San Adrianera joaten ikus ditzakezue @euskarabentura #euskalherria#mendia#berria#euskara#euskarabentura25#gazteak♬ sonido original - berriaegunkaria
«Etxean bezala, inon ez» dio esaera zaharrak, baina badira egun gutxiren buruan etxe bihurtzen diren taldeak edo proiektuak ere. Euskarabentura da horietako bat, zalantzarik gabe, eta ibilbidearen erdia egin dute dagoeneko espedizioaren zazpigarren aldian, Araiatik (Araba) Zerainerako etapa eginda. Beste hamabost egun beharko dituzte Getxora (Bizkaia) heltzeko.
Oier Martinezek ezagun zuen gaurko abiapuntua, Araiakoa bertakoa baita. Iaz espedizioa herritik igarotzen ikusi zuen, eta aurten bertako kide bihurtu da, kamiseta laranja soinean. Lagun batekin batera eman zuen izena, baina hura ez zuten aukeratu, eta bakarrik joan da azkenean. Gustura dabil, halere. «Araiatik pasatu garenean ikusten genuena zer zen kontatzen aritu naiz. Eta, gero, bidean amarekin-eta topo egin dut; jada agurtu ditut!», esan du.

Bidea luze samar egin arren, pozik dago Haizea Iturrioz. Etxetik gertu egingo du lo gaur, baina estera gainean, Itsasondokoa baita (Gipuzkoa). «Burbuila moduko batean gaude hemen, eta gure ingurura bueltatzea pixka bat arraroa egiten zait. Gainera, hemen familia daukat, eta esan didate bisita egingo didatela».
Bat dator Iturriozekin Lide Urrestarazu. Ordizikoa da (Gipuzkoa). «Badakizu gertu zabiltzala, baina ematen du zure egunerokotik urruti zaudela, ia-ia mundu paralelo batean gaudelako». Bigarren aldiz da espedizioan, baina kamiseta urdinarekin, mediku moduan joan baita. Bere kasuan, ordea, bi asterako etorri da oraingoan, eta gaur du azken eguna. «Pena pixka bat ematen dit, baina banekien aurten horrela izango zela; era berean, polita da ikustea nola Atharratzen [Zuberoa] hasi, eta oinez Goierrira, etxera, iristen zaren». Etxeko erosotasunean lo egingo du gaur.
Konfiantzazko giroa
Etapa amaitu ondorengo minutuetan, deskantsatzen geratu dira espedizioko kideak, frontoian. Batzuek koloretako hariak hartu, eta, korapiloak eginez, eskumuturrekoak egiten aritu dira; halaxe igaro dute aterpetxeko uretan dutxatu arteko denbora. Besteek, berriz, zirkulu bat osatu eta lo kuluxka egiteko baliatu dute tarte hori.

Espedizioko errutinara ohituta daude dagoeneko, Iturriozek esan duenez. «Bai, hasieran pixka bat kosta egin zitzaidan egokitzea. Baina behin egokituta, bizkor pasatzen da. Dagoeneko pena pixka bat daukat, ez dut bukatzerik nahi». Ez baita etxeko ohea, ez baitira betiko lagunak, baina, aipatu dutenez, nabaritzen da dagoeneko bi aste igaro direla abentura hasi zenetik; 126 kidek parte hartzen dute, eta harreman sarea ari da pixkanaka estutzen. «Oraindik ez ditut denak ezagutzen, baina harreman onak egin ditugu; eta espero dut gehiago egitea!», azaldu du Martinezek. Beste hamabost egun ditu horretarako.
Izan ere, hilabetez eguneko 24 orduak elkarrekin igarotzen dituzte espedizioko kideek, euskararen erabilera bultzatzeko helburuz, Euskal Herria ezagutu bitartean. Jendea «oso jatorra eta irekia» dela esan du Iturriozek, eta jendea ezagutzeko gogoz joan direla guztiak. «Bai, eta bukatu eta gero espedizioak aurrera jarraitzen du, harremanek estutzen jarraitzen dute», adierazi die Urrestarazuk.
Euskara da harreman horien ardatza, eta testuinguru soziolinguistiko ezberdinetako gazteak elkartzen dira Euskarabenturan; askok lehen aldiz dute euskara hutsean bizitzeko aukera. Errealitate erabat ezberdina da askorentzat; Iturriozi, adibidez, horretaz jabetzeko aukera eman dio. «Nire ingurua oso euskalduna da, eta egunero egin dezaket euskaraz. Baina ibili gara Iparraldean, Araban eta abar, eta asko harritu nau ikusteak zer zailtasun dituzten. Eskolan euskaraz ikasi dute haietako askok, eta hortik kanpo ez dute erabiltzen».
Aldiz, «erdiko puntuan» dago Martinez. «Araian, kalean barrena zoazela, batzuek badakite euskaraz, eta beste batzuek, berriz, ez. Ezin duzu guztiekin euskaraz egin. Hemen badago horretarako aukera. Beste batzuek, aldiz, ezin dute inorekin euskaraz hitz egin». Horretaz ohartzeko modua ematen die espedizioak guztiei, baita esperientziak trukatzeko aukera ere.
Eta etxean sentitzeaz ari direla, badakite gaurko afaria berezia dela. Zerainen urtero prestatzen baitiete herri afari eder bat plazan, eta, espedizioan gutxitan bezala, aulkietan eserita jango dute, mahai baten bueltan. Ondo dakite gaurko afaria berezia izango dela. «Hori zen gaurko motibazioa!», esan du Martinezek. Eta postrerako, berriz, Maddi Aiestaran eta Aner Peritz bertsolarien bisita izango dute. Gaur, hortaz, etxean bezala afalduko dute. Etxetik gertu edo etxetik urrun, baina etxean bezala, Euskarabenturan.