Etxola bat basoko

Haritz batean, lau metrora zintzilik, etxe bat eraiki du Txuspo Poyo artistak Altsasun, Dantzaleku izeneko parajean, haurtzarora itzultzeko asmoz.

IRENE ARRIZURIETA ALTSASU
2008ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Lurretik lau metrora, ehun urte baino gehiago dituen haritz batean zintzilikatu du bere azken lana, zuhaitz-etxea, Txuspo Poyo artistak, Altsasuko Dantzaleku parajeko hariztian (Nafarroa). Etxolarekin, batik bat, haurtzarora itzuli nahi izan du artistak. «Umetan galdutako tokiaren ideia berreskuratu nahi izan dut, askatasuna ematen dizuten tokiak bilatzen dituzu. Jada ez dagoen paisaia gogoratu nahi izan dut». Artistak haurtzaroko amets bat bete duela esan daiteke, eta zuhaitzean onddo baten gisa sortu dela etxola.

Dantzalekuko hariztia naturaz gozatzeko toki ezin aproposagoa da. Azken hilean inguruari beste elementu bat gehitu zaio, haritz batean zintzilikaturik, etxe bat ageri da. Bi gelek osatzen duten etxea, elkarri egokitu gabeko bi ontzi dira. Zirrindola bidez eskegi dituzte haritz zaharrera, lurretik lau metrora. Haritza gela bateko zutabe gisa barneratzen da etxearen arkitekturan, etxea besarkatu egiten du haritzak. Etxera igotzeko eskailerak eraikinaren euskarri ere badira. Bisitaria, 15 eskailera aldapatsu igo ondoren, bi metro eta erdiko neurria duen gela batean sartuko da, eta handik, aitzinean aipatutako neurri bera duen beste gelara iritsiko da. Etxearen ezkerraldean eta eskuinaldean pareta osoa hartzen duten kristalezko leiho bana daude. Bi geletako ipei-egurra zinkak estaltzen du. Inguruko paisaia ikusteko eta natura entzuteko eta usaintzeko toki ezin aproposagoa da.

PoyokZuhaitz-etxea lana haritzari kalterik egin gabe eta inguruko naturan uztartu nahi izan du. Horregatik etxola haritzean iltzatu ez baizik zintzilikatu egin du. Era berean, etxola egurrarekin eraiki du eta teilatua zinkaz estali du. «Ingurua errespetatzen duen lana da. Egurrari, denborarekin, kolorea joan eginen zaio eta zinkeko teilatuak bat egiten du hemengo zeruarekin, Altsasuko ortzia oso grisa baita», azaldu du artistak.

Lanaren irekiera ofiziala gaur eginen den arren, zuhaitz-etxeak jada bisita ugari jaso dituela antzematen da. Horren lekuko dira etxolan aurki daitezkeen zigarro-puntak, pipa azalak edo paretetan eta eskaileraren barandan hizki larriz edo txikiz idatzitako hainbat lelo. Eta artista pozik dago bisitariek ematen dioten erabilerarekin. «Lan irekia eta parte-hartzailea egin nahi nuen. Erabilia izateko egina da, jendeak han idatz dezake edota ekintzak antolatu».



HAURTZAROKO ONDAREA. Haritzean zintzilikatutako etxolarekin artistak,Altsasun emandako haurtzaroa ez eze, herriko ondareari buruzko metafora bat ere irudikatu nahi izan du. Altsasu, bere kokapen geografikoagatik, bi munduren, eta bi paisaia erabat ezberdinen arteko bidegurutze bat izan da: nekazari mundua, batetik, eta industriak eta trenbideak eragindako mundua, bestetik. «Txikitan ezagutu nuen paisaia zen. Jada Altsasun ez da galdategietako tximiniarik gelditzen, ondare industriala galdu egin da. Garai hartako paisaiari egiten dio aipamen, eta une hori aldarrikatu nahi dut. Bizi nintzen ekosisteman ez zegoen nekazari eta industria eremuaren arteko mugarik», azpimarratu du.

Egurrezko etxolak badu ere beste helburu bat. Dantzaleku, Usolarrain eta Basoitxi parajeek osatzen duten eremu naturalari egokitutako lehen proposamena da Txuspo Poyorena. Etxolaren ondoan anfibioak ikuskatzeko Iseit hezegunea dago.

Bestalde, zuhaitz-etxearen proiektua nola gauzatu den azaltzen duen erakusketa erezabalduko da gaur Altsasuko Ioartia Kultur Etxean,18:30ean. Erakusketan proiektuaren maketa eta nola eraiki den azaltzen da. Etxearen muntaketa nola egin den ikus daiteke, eraikinaren argazkiak eta obra gauzatzeko eman diren pausoak biltzen dituen bideo bat. Bideoa Poyo berak ekoitzi du. Lana egiten lagundu dioten Jose Fonta arkitektoa, Manuel Romero zurgina, Joakin Ortiz metalgina eta Peio Fuentes laguntzailea agertzen dira filmean.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.