Jaiak eta aldarrikapenak bat egin dute Murgian (Araba), Euskal Eskola Publikoaren 22. jaian. Zoritxarrez eguraldi iragarpenak bete ziren arren, ehunka familia bildu ziren Zuiako Kuadrillako herri honetara; euritako eta txaketak beharrezkoak izan ziren, giroko tenperaturak ez zituen-eta 11 graduak gainditu; hala ere, giro bikainean igaro zen eguna.
Antolatzaileek espero bezala, herritarrek ondo erantzun zuten, eta arrakasta horren adierazgarri izan zen eguna amaitu orduko jateko guztia agortua zegoela. Horrez gainera, eguraldiak egitaraua ez baldintzatzea ere lortu zen.
Kalitatezko euskal eskola baten aldeko aldarrikapenaz eta LOMCE ez aplikatzeko eskaerez gainera, jaia izan zen igandekoan eguneko beste protagonista. Zirimiria ez zen oztopo izan ehunka haurrek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaz gozatzeko; eguneko ekitaldirik arrakastatsuenetakoa izan zen pailazoena. Gazteek ikuskizun horietarako duten zaletasunaren jakitun, antolatzaileek Irrien kluba gunea prestatu zuten egun osorako; bertan egin zen, era berean, Ane eta piratekin parrandan dantzaldia. Eguraldiak baldintzatu arren, grafiti eta DJ tailerrak ere bat baino gehiago entretenitu zuen. Antzerkia, pottoketan ibilalditxoak, puzgarriak… Askotariko eskaintza egon zen Murgian, baita helduagoentzat ere: herri kirol erakustaldia eta eskaintza gastronomikoa; tartean, bazkaritarako eskaini zen paella jana.
Dantza kontuei dagokienez, eskaintza zabala izan zen. Bazkalostean, dantzaldia egon zen Parradust taldearekin —jaiaren abestia ere haiena da— ; eguna amaitzeko, Betagarri talde arabarrak kontzertua eskaini zuen.
Guraso Elkarteen Hezkuntza-jarduera onen III. lehiaketako sariak banatu ziren goizeko ekitaldian; urte osoan eginiko lana eskertzeko sariak dira. Guraso elkarteen lanaren aitorpen gisa, hiru elkartek sari bana jaso zuten: Elgoibarko Kalamua, Donostiako Orixe ikastolako Kanpandegi elkartea eta Gasteizko Arantzabelako guraso elkartea izan ziren sarituak. Horiez gainera, Sari berezia eskaini zitzaion Barakaldoko Minas BHIri. Familiekin kafea, elkarrizketarako elkargunea egitasmoa martxan jartzeagatik saritu dute Bizkaiko zentroa.
Haziak indartu lelopean ospaturiko egunak sustrai sendoak utzi ditu Zuian, horrenbestez. Hurrengo bi ekitaldien eguna gogoratzen amaitu zuten ekitaldia: ekainaren 9an, Gipuzkoako Eskola Txikien jaia ospatuko da Olaberrian; 16an, Saran, Iparraldeko eskola publiko elebidunetako jaia.
Euria eta murrizketak ez dira izan nahikoa festa geratzeko
Hotza egin arren, ehunka familia bildu dira Murgiara, eskola publikoaren aldeko jaialdian parte hartzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu