ATZEKOZ AURRERA

Euritan ospatu dute urteurrena

Xakib Laxgar izan da Behobia-Donostia lasterketan azkarrena: ordubete eta berrogeita hamazazpi segundoan amaitu du. Emakumezkoetan, berriz, Gema Barrachina nagusitu da.

Nekatuta baina pozik zeharkatu zuten atzo korrikalariek Behobia-Donostia lasterketako helmuga. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Berezia izan da aurtengo Behobia-Donostia lasterketa, bi arrazoirengatik: alde batetik, mendeurrena ospatu dute; bestetik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan dira. Gainera, izan da protagonismoa hartu duen besterik ere: eguraldia. Denen ahotan ibili da aurreko egunetan ere, korrikalarien kezka nagusietariko bat bilakatzeraino. Bartzelonatik etorri da Felipe Cano, familiarekin, eta ilusioz egon dira lasterketaren atarian: «Batek izan ezik, beste guztiok lehen aldiz hartuko dugu parte. Familian irtengo gara. Disfrutatzeko asmoz goaz, ea eguraldiak laguntzen digun».

Espero bezala, euria goian behean egin zuen atzo: eguraldia ez zen aproposena, baina ez zen nahikoa izan festa zapuzteko.27.084 lasterkarik zeharkatu zuten Behobiako irteera marra, eta 25.479 korrilakarik helmugakoa. Azkarrenak ordubete eta berrogeita hamazazpi segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko; Xakib Laxgar izan zen. Iraitz Arrospide zen faborito nagusia, baina ez ziren bete aurreikuspenak, eta bigarren sailkatu zen villabonarra, bost segundora. «Gustura» zegoen egindako lasterketarekin, baina irabazi ez izanaren «pena» ere bazuen: «Berezia zen aurtengo aldia. Ehun urte bete ditu lasterketak, eta 25 urte pasatu dira azken gipuzkoarrak irabazi zuenetik. Historiak nik gaur irabaztea nahi zuen, baina historia ez dago idatzita, eta ez da posible izan». Irabazlea zoriondu nahi izan zuen: «Pozten naiz Xakibek irabazi izanaz. Hura izan da hasieratik aurpegia eman duena, eta esfortzu handia egin du». Ivan Fernandez gasteiztarrak osatu zuen podiuma.

Emakumezkoetan ere ezustea izan zen. Gema Barrachinak nagusitasunez irabazi zuen. Errenteria parean hautsi zuen lasterketa, eta bakarrik egin zituen hortik aurrerako kilometro guztiak. Aroa Merino zen azken hiru ekitaldietako txapelduna, baina ez zion neurria hartu lasterketari, eta zazpigarren postuan amaitu zuen. Diana Martin sailkatu zen bigarren, eta Gisela Carrion hirugarren.

Aniztasuna

Nekatuta eta tantaka amaitu zuten lasterketa korrikalariek. Ez izerdiagatik bakarrik, ordea. Bidean egindako zaparrada ere izan zen horren eragile. «Hamabosgarren kilometroraino ondo joan da dena. Gero, euria hasi zaigu. Hotz egiten zuen, eta haizea kontra genuen. Nahiko gogorra izan da amaiera, baina gustura amaitu dut», azaldu zuen Nora Etxeberria korrikalariak.

Jendetza elkartu zen parte hartzaileak animatzera, nahiz eta eguraldiak izan zuen eraginik: «Agian jende gutxiago zegoen Gaintxurizketan-eta. Hala ere, beti mantentzen da giroa», adierazi zuen Eider Calahorra lasterkariak.

Leihoak zabalik dauzka lasterketak, eta herrialde ugaritako korrilakariak aritu ziren atzo ere. Bartzelonako Piera herritik etorri zen Ivan Perez. Ohiko korrikalaria da jadanik, lasterketan parte hartzen zuen zazpigarren aldia baitzen. Marta Mena, berriz, lehendabiziko aldiz irten zen. Madrilgoa da. «Izugarria izan da esperientzia. Gomendatzeko moduko lasterketa da».

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak tarteko, bost saihesbide zeuden jarrita ibilbidean zehar. Ordea, ez zuen inolako arazorik sortu: «Ni neu ez naiz ohartu ere egin», adierazi zuen Andoni Otaño korrikalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.